EROSKI Consumer–ek 50. urteurrena bete du kontsumitzaileei informazioa eta formazioa emateko buruzagitzan
Mende erdi kontsumitzailea ahalduntzen
EROSKI Consumer argitalpen aitzindaria da, eta Espainiako zaharrena, kontsumitzaileen informazioa eta formazioa lantzen duena
Nazioartean ospea du, kontsumo arduratsua eta iraunkorra eramateko informazio zorrotza ematen duelako. Kontsumo arloko ataririk garrantzitsuena da herrialdean, eta 70 milioi ikustaldi baino gehiago ditu urtean
EROSKI Consumer-ek mende erdi bete du kontsumitzaileak informatu eta hezteko erreferente nagusi bezala. Gaur 50. urteurrena ospatuko du EROSKIren bazkide kontsumitzaileekin, kolaboratzaileekin, instituzioetako ordezkariekin eta sektoreko adituekin Donostiako Kursaaleko Biltzar Jauregian.
1974an, EROSKIk Consumer aldizkariaren lehen zenbakia atera zuen, eta aurrendaria izan zen kontsumitzaileentzako informazioa eta formazioa garatzen, noiz eta gaur egungoaren oso desberdina zen testuinguru batean, garai hartan ez baitzen erraza eskubideak eta interes legitimoa behar bezala aplikatzeko ezagutzak eskuratzea. Orduz geroztik, zeregin erabakigarria bete du formazioa eta informazioa ematen, eta herritarrei lagundu die erabaki kontzienteagoak, arduratsuagoak eta mesedegarriak hartzen beren ongizatea eta gizartearena oro har indartzeko, nola eta komunikazio argi eta zorrotza erabilita. Bere izaerari esker —edukien independentzia editoriala, egiazkotasuna eta erabilgarritasuna, izaera arina eta doakotasuna, bereziki elikadurarekin eta eguneroko kontsumoarekin erlazionatutako gaietan—, aldizkaria hastapenetik izan da herritarrak ahalduntzeko tresna, eta harekin sustatu dira bere ahalaren kontzientzia duten kontsumitzaile informatu eta burujabeak.
1998an, zeregin hori sendotu egin zen informazio proiektuaren eboluzioarekin, eta hortik sortu zen EROSKI Consumer plataforma multikanala, gaztelaniaz kontsumoaren arloan dagoen atari garrantzitsuenetako bat. Aldizkari digitalak informazio emari itzela du, eta edukitan 30.000 orri baino gehiago, baita soslaiak sare sozialik garrantzitsuenetan (Facebook, X, Instagram, Tiktok, Youtube, Linkedin, Whatsapp, Telegram) eta erreferentziazko webgunea ere. Hala, kontsumitzaileei inoiz baino eskurago jartzen die ezagutzea, eta horren ondorio da urtean 70 milioi ikustaldi baino gehiago jasotzea.
EROSKI Consumerren, gainera, eduki eta formatu aniztasuna da nabarmentzekoa. Informazio gidak eta milaka errezeta eskaintzen ditu, eta eskura dago estatuko lau hizkuntza ofizialetan. Paperezko edizioak milioika irakurraldi jasotzen ditu urtean, eta webgunearekin osatzen du bere presentzia. 50 urte honetan, sari ezagunak irabazi ditu: analisirako eta azterketa konparatiboak egiteko dituen formatu enblematikoak balioetsi izan dizkiote. Horretaz gainera, proiekzio sendoa du nazioartean, eta izen handiko kolaboratzaileak; beste askoren artean, Maldita.es, UNICEF eta Basque Culinary Center.
Mende erdi betetzea ospatzeko modukoa da; are gehiago, digitalizazioak informaziorako kontsumoa errotik aldatu duen testuinguru honetan. Alde horretatik, EROSKI Consumerrek erakutsi du egokitzeko gaitasuna duela eta tinko eusten diola kalitatezko informazioa emateko konpromisoari.
Urteurrena ospatzeko jardunaldiaren irekiera hitzaldian, EROSKIko CEOak, Rosa Carabelek, hauxe nabarmendu du: “Urteurren honetan, gure historia ez ezik, gure eboluzioa ere ospatzen dugu, eta nolako zeregin erabakigarria betetzen duen EROSKI Consumerrek gizartean informazio zehatza eta zorrotza ematen, non eta desinformazioaren kontra borrokatzea etengabeko erronka den mundu honetan”. Carabelek berretsi egin du EROSKIren konpromisoa, “kontsumitzaileak ahalduntzen jarraitzeko egiazkoa eta eskuragarria den informazioaren bitartez. Elkarrekin inoiz baino konektatuagoak gaude gaur egun, eta kontsumitzaileek erronka asko dituzte; horregatik, inoiz baino zeregin garrantzitsuagoa du informazio iturri fidagarri eta zorrotz bezala.
Egun osoan, arlo askotako adituak izango dira; besteak beste: Juan Luis Arsuaga paleontologo eta idazlea; Ana Ibañez neurozientzialari eta ingeniaria; Aitor Arregi Getariako Elkano jatetxeko arduraduna; eta Alejandro Martinez Berriochoa EROSKI Fundazioko zuzendari nagusia. Elikaduraren gaurkotasunean eta etorkizunean giltzarri diren gaiak landuko dituzte, hala nola giza eboluzioan izan duen garrantzia, garuna eta emozioak eraldatzeko orduan izan duen eragina, lurraldean izan duen garrantzia eta gazteek elikatzeko dituzten ohiturak. Elkarrizketarako espazio honetan, ikuspegi berritzailea ematea eta soluzioak eskaintzea da asmoa, kontsumo ohiturak sustatzeko orduan onuragarri izan dakien bai pertsonei eta bai planetari.
EROSKI Consumerren urteurrena ez da bakarrik iraganaren ospakizuna, baita etorkizunean duen zereginaren berrespena ere. Testuinguru digital gero eta konplexuago honetan, plataforma ari da prestatzen kontsumitzaileen informazioan eta formazioan buruzagi izaten jarraitzeko, mundu gero eta zintzoago eta iraunkorrago baten alde.
Compartir en: