Gure jarduerak

Ontzien eko-diseinua

Produkturik onena eskaini nahi dizuegu, baina ezin gara ingurumen-inpaktuarekin ahaztu. Eko-diseinuzko programetan lan egiten dugu, EROSKI markako produktuek ingurumena ahalik eta gehien errespeta dezaten. Horri esker, gure dendetako linealetan gero eta artikulu iraunkorragoak aurkituko dituzue, zuen erosketa-orga betetzeko.

Gure berezko markako produktuen ontzien kontrola eta diseinua hobetzen ditugu, ingurumena gehiago errespeta dezaten. EROSKIn, plastikoek eragiten duten kutsadurari aurre egiteko estrategiaren barruan, gure ontziak 2025erako eko-diseinatzeko konpromisoa mantenduko dugu, % 100 birziklagarriak izan daitezen, gehiegizko ontziak ezabatzeko eta material birziklatu eta berriztagarrien erabilera sustatzeko.

Frutategian, adibidez, hobekuntzak egin ditugu: produktu gehiago saltzen ditugu soltean eta plastikoaren ordez FSC FSC® zigilua duen papera erabiltzen dugu EROSKI NATUR markako zenbait fruten eta barazkien erretiluetan. Horrez gain, gure haragi- eta arrain- erretiluak material birziklatuarekin eginda daude % 80an, eta, okindegikoak, berriz, % 100ean.

2025erako gure ontzietatik behin erabiltzeko tonaka plastikoen % 20 murriztea lortu nahi dugu behintzat.

Basque Ecodesign Center

Basque Ecodesign Center Foroaren parte gara. Sektore pribatuko enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren baitan sortutako erakundea da, eko-diseinuzko proiektu berritzaileak egiteko helburuarekin.

Horretarako, parte hartzen duten enpresen lehiakortasuna hobetzea du helburu, eko-diseinuaren gaineko puntako ezagutza eskuratuz eta aplikatuz. Horrez gain, produktuen eko-berrikuntza sustatzen du, enpresen, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHU) eta nazioartean lider diren ezagutza-zentroen arteko elkarlanaren bidez.

Poltsa berrerabilgarriak

Duela 20 urte, poltsa berrerabilgarriak erabiltzen lehen banaketa-enpresa izan ginen, kontsumitzaileek kontsumo arduratsuagoa egin dezaten lortzeko. Orain, FSC® (Forest Stewardship Council) zigilu mistoa duten paperezko poltsak txertatu ditugu. Zigilu horrek paperaren zuntza modu iraunkorrean kudeatutako basoetatik datorrela edo material birziklatuz egin dela bermatzen du, eta % 100 birziklagarriak direla.

Konpost-egiteko poltsak ere baditugu, landare-jatorriko materialekin (arto-almidoia kasu) eta landare-olioekin eta beste material biodegradagarriekin eginikoak. Halaber, ekonomia zirkularraren eredua sustatzen duen plastiko birziklatuarekin % 55an baino gehiagoan fabrikatutako poltsak ditugu.

Horrez gain, fruta eta barazkiak soltean erosteko sare-poltsa berrerabilgarria daukagu, plastikozko poltsaren ordezko gisa, eta kontsumitzaileari harategiaren eta arrandegiaren ataletan beren ontzi berrerabilgarriak erabiltzeko aukera ematen diegu, zakote-ontziak edo taperrak kasu.

Halaber, mantendu egiten ditugu rafiazko poltsa ekologiko berrerabilgarria, %70ean material birziklatuarekin eginikoa, eta baita telazko poltsa berrerabilgarri solidarioa ere, salmenta-irabaziak kausa solidarioetara bideratzen dituena.

Arrantza jasangarria

2010ean Espainiako lehen banatzailea izan ginen WWF erakundeak bultzatutako Arrantza Jasangarriaren Ekimenarekin bat egiten, gure arrain- eta itsaski-iturriak jasangarriak eta ingurumenari dagokionez errespetuzkoak izan daitezela lortzeko. 2016an, Arrantza Jasangarrirako Politika adostu genuen itsaso eta ozeanoetan bioaniztasuna mantentzen jarraitzeko, eta itsas baliabideen zentzuzko aprobetxamendua egiteko.

2017an, Espainiako banaketa-kate xehekarien artean lehenak izan ginen Marine Stewardship Council (MSC) nazioarteko erakundearen ikuskaritza gainditzen, arrantza-leku jasangarrietako arrain freskoa merkaturatzeko. Aurreikusten dugu 2020an “MSC” eko-etiketa duen arrain freskoaren salmenta bi miloi kilokoa izatera iritsiko dela.

Gainera, 2018an, Espainiako lehenbiziko banaketa-katea izan ginen GLOBAL GAP akuikulturako zaintza-katearen ziurtapenerako ikuskaritza gainditzen. Arrandegietan saltzen ditugun halako hazkuntzako espezieak modu seguruan eta jasangarrian ekoiztu direla bermatzen du ziurtagiri horrek.

MSC zigiluarekin arrain izoztua eta kontserbakoa ere komertzializatzen dugu. Kontserben kasuan, gure atun-kontserba sorta osoan jatorri jasangarria bermatzeko konpromisoa daukagu, eta modu arduratsuan soilik arrantzatua izan behar du: Arrantza Arduratsuko Atuna, FAD objekturik gabekoa, MSC eta Fishery Improvement Project. Helburu honekin, gure hornitzaileekin akordio batera iritsi gara 2020an atun-bolumen osoaren % 40 era horretan arrantzatua izateko.

Arrantza jasangarriaren politika

Eroski NATUR

Gure freskoen EROSKI Natur markak “zapore arduratsua” promesten du, produktuen eta hornitzaileen hautaketan zaporea bermatzeko kalitate bereizgarria exijitzeaz gainera ingurumena errespetatuz ekoizten direla bermatzeko baldintza osagarriak exijitzen ditugulako.

Modu horretan, GlobalG.A.P. edo ekoizpen integratuaren ziurtagiriak ditugu frutetan eta barazkietan, eta gure zitrikoetan eta hezurdun frutetan uzta osteko tratamenduak ezabatu ditugu, lehengaien kontsumoa eta hondakinen sorrera murriztuz. Arrain freskoan MSC zigilu urdina eta hazkuntzako arrainean akuikulturaren Global GAP ziurtagiriak exijitzen ditugu.

Halaber, animalia ongizateko ziurtagiriak ditugu EROSKI Natur landa-oilaskoan, Duroc txerrian eta Aragoiko ternaskoan. Oilaskoa antibiotikorik gabe hazten da, eta, modu horretan, kontsumitzaileek zenbait botiketara erresistenteak izan daitezen ekiditen da. Eta gure arrautzak landako oiloenak dira. Oilo horiek baserrietan hazten dira, askatasunez eta aire zabalean. Arrautzei dagokionez, 2024rako lortu nahi dugu denda guztietan saltzen ditugun arrautzak % 100 kanpoan hazitako oiloenak izan daitezela.

Informazio gehiago

FSC® zigilua

EROSKI markako hainbat produktuk, hala nola orri ekologikoek eta lorategiko altzariek, Forest Stewardship Council® (Baso Administrazioaren Kontseilua) erakunddearen zigilua dute. Etiketa horrek egiaztatzen du mozketa legal eta iraunkorretatik datozen egurrak erabili direla, eta fabrikazio-prozesua arduratsua izan dela, hasieratik amaieraraino.

Modu horretara, baso-ustiapenen kudeaketa arduratsua sustatzen duten artikuluak eskaintzen dizkizuegu. Horrenbestez, zuk ere zure harri-koskorra ekarri nahi baduzu mundu iraunkorragoa lortzeko, erosketak egitean, baliabideak modu arduratsuan erabili direla bermatzen duten produktuak aukera ditzakezu.

Ingurumen-aztarna

EROSKIk, AZTI zentro teknologikoarekin, INGENET ingeniaritzarekin eta BOGA zerbeza-ekoizpeneko enpresarekin batera, EUSKOPEF proiektuan parte hartzen du, Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean produktuaren ingurumen-aztarnaren komunikazio eraginkorra eta kalkulurako sistema bat diseinatzeko helburuarekin.

Proiektuak urtebeteko iraupena izango du, eta Euskadiko elikaduraren sektoreari aurrera egiten lagunduko dio, elikagaien banaketa-sektoreari eta nekazaritzako elikagaien enpresa txiki eta ertainei bereziki, ekoizpen-eredu jasangarriago eta ingurumen-komunikazio gardenago baterantz jo dezaten.

Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER, ekoberrikuntzako proiektuak) eta IHOBEk (Eusko Jaurlaritzaren ingurugiroaren kudeaketako sozietate publikoak) finantzatutako ekimen bat da.

Eraikuntza iraunkorra

2008az geroztik gure dendetako ingurumen-inpaktua murrizteko lan egiten dugu, diseinuan eta ekipamenduan eko-eraginkortasuneko neurriak sartuz. Belaunaldi berriko dendetan aurrera eraman ditugun hobekuntzek energia-kontsumoa eta negutegi efektuko gas-igorpenak murrizten dituzte. Hauek dira ezarritako neurrietako batzuk:

  • LED argiak: Argi guztiak led motakoak dira, azken modelokoak, eta haien erabilera optimizatzen eta gauetan argi-kutsadura minimizatzen duen automata batetik pizten dira.
  • Hotzeko instalazioak: Hozteko punta-puntako altzariak eta kristalezko ateak dituzte, dendako korridoreak hoztu daitezen saihesteko eta produktuak hobeto mantentzeko, kontserbazioko tenperatura hertsiki mantentzen dutelako. Gainera, dendetan bezeroaren ongizateari laguntzen diote.
  • Negutegi efektu txikiko hozgarrien erabilpena: Ozono-geruza agortzeko ahalmen nulua, atmosfera berotzearen potentzial txikia eta energia-eraginkortasun handia konbinatzen dituen gas hozgarriak erabiltzen ditugu.
  • Klimatizazioa: Airearen tenperatura, hezetasuna eta kalitatea kontrolatzen dituen kudeaketa-sisteman klima integratzen du, eta kontsumo elektrikoa areagotzen duten gorabeherak kontrolatzeko urrutiko kontrol-sistema bat du.
Zero igorpeneko denda Oñatin

Orain arteko lorpenik handiena Zero Igorpeneko Oñatiko denda da, CO2 balantze neutroa izatea lortu duen establezimendu aitzindaria. 2012an, Espainiako lehenengo supermerkatua izan zen eraikuntza iraunkorreko BREEAM (Building Research Establishment Environmental Assessment Methodology) ziurtagiria lortzen. Mundu mailan zigilu garrantzitsuena da.

Horrez gain, Europako lehenengo supermerkatua izan zen kudeaketa energetikoko ISO 50001 ziurtagiria lortzen. Ezarritako neurriei esker, denda normal batek duen energia-kontsumoa % 65eraino murriztea lortu zen. Hobekuntza horietako asko sareko birmoldaketa eta irekiera berrietan eraman dira aurrera.

Logistika eta garraioa

EROSKIn, gure logistikako eta garraioko jarduerek ingurumenean duten eragina minimizatzeko lan egiten dugu, ingurunea gehiago errespetatzea eta enpresa-eraginkortasuna hobetzea lortuz.

2018an, Fabrikatzaileen eta Banatzaileen Elkarteak emandako Lean&Green saria lortu dugu, 2015 eta 2020 artean CO2 igorpenen % 20 murrizketa lortzeko jarduera-plana aurkeztu dugula ziurtatzen duena. Horretarako, zenbait neurri hartzen ditugu, horien artean horniketa eraginkorragoa sustatzea, gutxiago kutsatuz gidatzea eta ibilgailuak erabiltzea, plataforma logistikoetan energia-kontsumoa optimizatzea, eta gure hondakinak kudeatzea eta balioztatzea alderantzizko logistikaren eta hiri-logistika optimizatzearen bidez.

Hondakinen kudeaketa eta ekonomia zirkularra

Ingurumen Plan Estrategikoaren xede nagusiak dira hondakinak kudeatzea, jatorritik murriztea eta sortzen ditugunei balioa ematea. EROSKIn ‘zero zaborra’ lortu nahi dugu. Horretarako, hondakin organikoekin zein ez-organikoekin lan egiten dugu.

Gure jardueratik eratorritako hondakinak murrizten ditugu teknika hauen bidez: berezko markako produktuei eko-diseinua aplikatzea, urtero 46 milioitik gora ontzi logistiko berrerabiltzea, iraungitzear dauden artikulu freskoak sustatzea eta salmentarako baztertu arren kontsumitzeko egokiak diren elikagaiak gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonei ematea, “Zero zabor” programaren bitartez.

Nahitaez sortzen diren hondakin horiek ekonomia zirkularreko eredu bat txertatzearen bidez kudeatzen eta balioztatzen ditugu. Modu horretan, alderantzizko logistika- prozesuak sustatzen ditugu, dendetatik hasita plataformetaraino, hondakin organiko eta ez-organikoak behar bezala berrerabili eta birziklatzeko. Haragi- eta arrain-hondakinak baimendutako kudeatzaileen eskuetan jartzen dira, eta bereziki animalien elikagaiak edo animalia-jatorriko irinak fabrikatzeko erabiltzen dira. Hondakin ez-organikoak, kartoia edo plastikoa kasu, kudeaketa-sistema integratuen eta baimendutako kudeatzaileen bitartez birziklatzen dira.

Hondakinak kudeatzeko era horrek hondakin kopurua murrizteaz gainera beste ekoizpen-prozesuetan erabili gabeko lehengaien kontsumoa ekiditen du.

ReActívate +

EROSKIk Bizkaiko Foru AldundiarenReActívate + ekimenarekin kolaboratzen du. Hiritarren bizitza-ohiturak aldatzea du xede, eta, modu horretan, Euskadiren jasangarritasunean aurrera egitea. Horretarako, hainbat erakunderekin kolaboratzen du, EROSKIrekin kasu, eta Global Action Plan-Ekintza Plan Globalean (GAP) oinarritzen da.

Programa berri honek Bizkaian 2012-18 artean garatu zen Actívate+ programari jarraipena ematen dio. Actívate+ programak 57.000 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen (112 udalerri, 4.000 familia, 66 ikasketa-zentro eta 3 unibertsitate).

ReActívate+ 2018 eta 2021 artean garatuko da Euskadin. Familia, ikastetxe eta unibertsitate-erkidegoarii zuzenduta dago, eta aldi berean garatzen diren doako hiru programa espezifiko ditu.

Sektore-xedeetako baten kide bazara, izena eman ezazu (EROSKI kodea: 64007).