• EROSKIren dendetan, elikaduraren arloko 29 produktuk dute produktuek osotara ingurumenean zer eragin duten adierazten duten etiketa

  • Gainera, Planet Score zigilua ezartzen ere hasi da bere markako produktuen ontzietan, eta aitzindaria da horretan ere

  • EROSKIk ehunka kontsumitzaileri egindako inkesta baten bidez onartu du etiketa horiek erabiltzea 

Duela urtebete, EROSKI ingurumen etiketa berria ezartzen hasi zen bere markako hainbat produktutan, eta Espainiako lehen banaketa enpresa izan zen hori egiten. Hil honetatik aurrera, EROSKIren dendetan, elikagaien arloko eta produktu freskoen saileko 29 produktuk izango dute Planet Score zigilua. Hala, EROSKI aurrerapausoak egiten ari da kontsumo arduratsua sustatzeko eta kontsumitzaileari ematen dion informazioa gardena izan dadin hartu dituen konpromisoetan; izan ere, kontsumitzaileek erosketa jasangarriagoa egitea errazagoa izan dadin du helburu.

Etiketa horren bidez, elikagaiak osotara ingurumenean zer-nolako eragina duen adierazi nahi zaie kontsumitzaileei, informazio erabilgarria eman ahal izateko erosketak egiteko orduan erabaki kontzienteak hartu ditzaten. Horretarako, produktuaren bizi zikloa aztertzen da hainbat adierazle oinarri hartuta. Puntuazio global batekin aurkezten da emaitza (A-tik E-rainoko eskala batean, hainbat kolorez adierazita), eta hiru adierazle zerrendatzen ditu: pestiziden erabilera, bioaniztasunean duen eragina eta kliman duen eragina. Gainera, animalia-jatorriko osagaiak dituzten produktuetan, animalia horiek hezteko metodoei buruzko balorazio bat ere badu, animalien ongizatea oinarri hartuta ezarria. Hala, kontsumitzaileek erraz alderatu ditzakete kategoria bereko produktuak, eta beraz, beharrezko informazioa jakinda egin dezakete erosketa.

Egitasmo berria: ontzian zigilua sartzea

Ingurumen etiketa produktu gehiagotara zabaltzearekin bat, EROSKI ontzi batzuetan ere etiketa hori jartzen hasi da. EROSKIk ingurumen etiketari buruzko inkesta bat egin zien ehunka kontsumitzaileri, eta inkesta horretan lortutako ekarpenei eman dien erantzuna da aurrerapen hori.

“Jasangarritasunarekin dugun konpromisoa irmoa eta etenezina da, eta gizarteak ere guk dugun interes bera du kontsumo arduratsuago baterako bidean aurrera egiteko. Kontsumitzaileek baiezko biribila eman diote elikagaiek ingurumenean duten eraginari buruzko informazio argiagoa eta osoagoa behar ote duten galdetuta, erosketak egiteko orduan erabaki kontzienteak hartu ahal izateko, eta gustatuko litzaieke produktuen ontziek etiketa mota hori izatea. Gainera, proposatu dizkiegun ingurumen etiketen ereduen artean, Planet Score gustatu zaie gehien elikagaiak osotara ingurumenean zer eragin duen jakiteko”, azaldu du EROSKIko Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendari Alejandro Martinez Berriochoak.

Ingurumen informazio dinamikoa kontsumitzaileentzat

EROSKIk urteak daramatza produktuek ingurumenean duten eragina aztertzen eta horren inguruko informazioa ematen. Aitzindaria izan zen bere markako produktuei buruzko ingurumen aipuak argitaratzen, eta hain zuzen, Espainiako Kontsumo Handiko Berrikuntzako Behatokiak sektoreko berrikuntzarik aipagarrienetakoaren saria eman zion 2020an aurrerapen horri. Institut Cerdà-k lantzen du hori urtero.

Gaur egun, EROSKIk beste lan ildo bat ere badu bere produktuen ingurumen eragina aztertu eta kontsumitzaileei informazio hori helaraztearekin lotuta: Ingurulabel berrikuntza proiektua hain zuzen ere. Ihoberen ETE Zirkularra deialdiak finantzatzen du, eta Basque Food Cluster erakundeak zuzentzen. Euskal Herriko elikagaien arloko enpresa txiki eta ertainek ingurumen etiketa sartu dezaten sustatzea du helburu deialdiak. EROSKI proiektu horren kolaboratzailea da, eta modua egiten du bere tokiko hornitzaileek parte hartu dezaten bere markako produktu batzuek zer ingurumen aztarna duten aztertzeko egitasmo horretan. Etorkizunean argitaratuko diren ingurumen informazioari buruzko arauek zenbait baldintza ezarriko dituzte greenwashing edo garbiketa berdea delakoari aurre egiteko, eta proiektu honek bide emango du baldintza horietara egokituz joateko. Green Claims Europar Batasuneko Zuzendaritzak proposatutakoa da arau horien adibide bat (2025ean onartzea espero da).

Errespetua ingurumenari

EROSKIk konpromiso sendoa du ingurumena errespetatzeko, eta horretarako, hainbat egitasmo lantzen ditu bere jarduerak inguru hurbilean eragiten duen kaltea murriztu eta 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko. Hauek dira egitasmo horietako batzuk: produktu jasangarriagoak merkaturatzea, ontzien eta bilgarrien ekodiseinua lantzea, baliabideak modu jasangarrian erabiltzea, ingurumen aztarna murriztea, hondakinak ekonomia zirkularraren ereduari jarraikiz kudeatzea eta bioaniztasuna zaintzea.

Compartir en: