• Etiketa horrek neurtu egiten du produktuak zer-nolako eragin globala duen ingurumenean, eta modu errazean jakinarazten die kontsumitzaileei

  • EROSKIk galdetu egingo die kontsumitzaileei zenbateraino gertatu zaien interesgarria eta ulergarria elikagaiek ingurumenean duten eraginari buruzko informazioa

Espainiako Estatuan diharduten banaketa enpresen artean, EROSKI izan da lehena ingurumen etiketa ezartzen, eta bere markako dozena bat produktuk edukiko dute hasiera honetan. Etiketa horren bidez, elikagaiak ingurumenean zer-nolako eragina duen adierazi nahi zaie kontsumitzaileei modu errazean, erabilgarria izan dadin erosketak modu arduratsuagoan egiteko. Aldi berean, entzuteko eta gardentasunez jokatzeko konpromisoa hartu duelako, EROSKIk galdetu egingo die bezeroei zenbaterainoko interesa, lehentasuna eta ulergarritasuna aitortzen dieten etiketa horri eta ingurumen aztarna neurtzeko Europan erabiltzen diren bestelako etiketa batzuei.

Formazioa eta informazioa eman nahi dizkiegu gure bezeroei, modu arduratsuagoan joka dezaten zer erosi hautatzeko garaian. Gure ezaugarri nagusietako bat da kontsumitzaileekin gardentasunez jokatzea. Horren adibidea izan zen Nutri-Score etiketa erabiltzen hastea gure markako produktuetan, eta oso harrera ona izan du kontsumitzaileen artean. Orain beste pauso bat eman dugu eta nutrizio arloko informazioa osatu egin dugu produktuak ingurumenean duen eraginari buruzko informazioarekin, eta horrela, bezeroak eskura edukiko du modu osasungarri eta jasangarrian erosteko behar duen informazio guztia”, adierazi du Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKIko Osasun eta Iraunkortasun zuzendariak.

Ingurumenari buruzko informazioa ematea kontsumitzaileei

EROSKIk urteak daramatza produktuek ingurumenean duten eragina aztertzen eta horren inguruko komunikazioa egiten. Aitzindaria izan zen bere markako produktuei buruzko ingurumen aipuak argitaratzen, eta hain zuzen, aurrerapen horri sektoreko berrikuntzarik aipagarrienetakoaren saria eman zion 2020an Espainiako Kontsumo Handiko Berrikuntzako Behatokiak, zeina Institut Cerdà-k lantzen duen.

Gaur egun, Europako Batasunak marko bateratu bat ezarri nahi du iraunkortasunari buruzko etiketan. Testuinguru horretan, etiketa bat baino gehiago ari dira lantzen, eta EROSKIk aztertu egin du horien egokitasuna gai horretan erreferente diren zenbait erakundeekin: Basque Ecodesign Center (BEC), Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsa (EGEF) eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoa (IHOBE), besteren artean.

Iraunkortasunaren argudioa gero eta gehiago ari da baldintzatzen kontsumitzaileen erabakiak erosketak egiteko garaian. Kontsumitzaileek informazio garbia eta egiazkoa eskatzen digute kontsumitzen dituzten produktuen eraginari buruz, baina eredu errazak erabiltzea nahi dute, ongi ulertuko dituztenak produktua erostean edo kontsumitzean. Europako Batasunak sistema homogeneo bat ezarri arte sektore guztirako, EROSKIn iruditzen zaigu ona dela kontsumitzaileak ohitzen has daitezela ingurumenaren gaineko eraginaren berri ematen duten etiketetara”, azaldu du Martinez Berriochoak.

 

Planet-Score etiketa

EROSKIk Planet-Score etiketa hautatu du lehenbiziko produktuetan jartzeko, eta horren atzean dagoen metodologiak kontuan hartzen ditu elikagaiak bizi ziklo osoan ingurumenean dituen eraginak (ekoizpena, ontziratzea, garraioa, kontsumoa eta hondakinen kudeaketa) eta sailkapen global batean sintetizatzen ditu, zeina letra eta kolore bidezko eskala batekin adierazten duen (A berdetik ingurumenean eragin txikiena duten produktuetarako eta E gorria eragin gehien dutenetarako, eta tartean, beste letra eta koloreak). Etiketak, gainera, zerrendatu egiten du pestiziden erabilerari buruzko balorazioa eta klima aldaketan eta bioaniztasunean izan duen eraginari buruzkoa. Animalia jatorriko produktuetan, haiek hazteko erabili den sistemaren inguruko balorazioa ere ageri da, animalien ongizatearen ikuspegia aintzat hartuta.

Kalkulua egiteko algoritmoan, Planet-Score etiketak kontuan hartzen ditu ekoizpen sistema intentsiboak eta estentsiboak, eta ‘Etxaldetik mahaira’ estrategiaren lehentasunekin zerikusia duten beste alderdi batzuk ere bai, adibidez deforestazio arriskua pentsuen ekoizpenean edo pestiziden eragina giza osasunean.

 

Bezeroari galdetuko zaio

Ekimen horrekin batean EROSKIk egingo duen galdeketak aukera emango dio kontsumitzaileek eta bezeroek egiten dituzten ekarpenak jaso eta proiektuaren hurrengo faseetan txertatzeko. Gauza bera egin zuen 2018. urtean, eta orduan 8.500 bezerok oniritzia eman zioten Nutri-Score etiketa berria ezartzeari.

 

Ingurumenarekiko errespetua

EROSKIk konpromiso sendoa du ingurumena errespetatzeko, eta ekimen askotarikoak lantzen ditu bere jarduerak inguru hurbilean duen eragina murrizteko. Produktu iraunkorragoak merkaturatzea, ontzien eta bilgarrien ekodiseinua lantzea, baliabideak modu iraunkorrean erabiltzea, ingurumen aztarna murriztea, hondakinak ekonomia zirkularraren ereduarekin kudeatzea, bioaniztasuna zaintzea… Horiek guztiak eta beste batzuk betebehar saihetsezinak dira EROSKIrentzat, eta halaxe jasoak ditu Osasunaren eta Iraunkortasunaren aldeko 10 Konpromisoetan.

Espainiako Estatuan elikagaien banaketan diharduten enpresen artean, EROSKI izan da lehena karbono neutraltasunaren helburua ezarri duena, eta erronka horri jarraituz, bat egin du Marketin Jardunbideetarako eta Elikagaien Negoziorako Jokabide Arduratsuen Kodearekin, zeina Europako Batasunak sustatu duen.

Compartir en: