• Taldearen ohiko diru sarrerak %9,21 baino gehiago handitu dira: 2.526,7 M€ izan dira guztira

  • Aurten, iaz baino ahalegin handiagoa egin dugu irabazi marjinak bere horretan mantentzeko

  • Seihileko honetako ebitda 166 M€ baino gehiagokoa izan da

  • EROSKIk prezioak jaisteko beste kanpaina bat hasi berri du

EROSKI taldeak 2023ko uztailaren 31n egin zituen aurtengo ekitaldiko lehen seihilekoko kontuak, eta emaitza positiboa izan zen: 69,9 milioi euro. Irabazi horiek ohiko diru sarreren %2,77 dira, eta iazko ekitaldiarekin alderatuta %1,81 hobetu da datua. Prezioen politikan egindako ahaleginak eragindako fakturazioaren hazkundeari esker izan da hori, eta, batik bat, martxan jarritako eraginkortasun planen ondorioz kostuak hobetu izanari esker.

Elikaduran inoiz baino inflazio handiagoa dagoen honetan, taldeak 2.526,7 milioi euroko ohiko diru sarrerak izan ditu otsailetik uztailera bitartean. Horrek esan nahi du EROSKI taldearen jarduera bateratuaren sarrerak %9,21 handitu direla. EROSKI taldeak gogor jardun du lanean promozioan eta prezioei eusteko ahaleginean, eta hala, jarraipena eman dio 2021ean hasitako lanari, eta ahalegin handiagoa egin du gainera. Kontsumitzaileek erantzun ona eman diote egindako lanari, eta horri esker egin dugu aurrerapen hau. Ahalegin horri esker, handitu egin da EROSKIk bere merkatu nagusietan duen parte-hartze kuota. Merkatu guztietan hobetu du joera, eta horrek eta arlo guztietan eraginkortasun plan indartsu bat abiatu izanak bide eman dute 2023ko lehen seihilekoan irabazi operatibo korrontea handitzeko:  131,9 milioi euro. Gainera, lehen urte erdia amaituta, ebitda 166 milioi eurotik gorakoa izan da.

Hazkundea sendotzea

“Ekitaldi honetako lehen sei hilabeteetan lortu ditugun emaitzek agerian uzten dute gure negozio eredua sendoa eta lehiakorra dela. Lehen seihileko hau erronka handia izan da; izan ere, aurre egin behar izan diogu inflazioa balioen katean eragiten ari den presioari, eta egokitu egin behar izan dugu kontsumitzaileen erosketa ohituretara. Hala ere, gure hazkundea sendotzen ari gara, handitu egin baititugu bai salmentak eta bai merkatuko kuota. Halaber, gogor aritu gara lanean familien poltsikoei arnasa eman dieten sustapenak abiatzeko, eta halaxe egingo dugu datozen hilabeteetan ere. Izan ere, duela egun batzuk prezioak jaisteko beste kanpaina bati ekin genion: erosketa saskiko 800 produkturen prezioa merkatu dugu, erosketa oso bat egiteko behar diren mota guztietako pruduktuena alegia”, azaldu du Rosa Carabel EROSKIko CEO-ak.

Gainera, taldeko exekutibo nagusiak beste arrazoi bat ere aipatu du lehen urte erdian negozioa ondo joan izana azaltzeko: “Prezioak igotzen ari diren honetan, hainbat arlotako gastuei beren horretan eustea lortu dugu, ezarritako eraginkortasun planei eta ekoizpenean egindako hobekuntzei esker“.

Urteko lehen zati honetan, EROSKI taldeak 36,7 milioi euro inbertitu ditu: 53 denda berri, 4 supermerkatu propio eta 49 frankizia saltoki irekitzeko erabili du diru hori, baita salmenta guneak berritzeko ere.

Gainera, finantza arloko konpromisoak betetzeko, taldeak zorraren 35 milioi euro amortizatu ditu ekitaldi honetako lehen sei hilabeteetan, eta beraz, seihilekoa amaituta, zor sindikatua 874 milioi eurokoa da.

EROSKI Taldea

EROSKI Espainiako lehen banaketa talde kooperatiboa da, eta liderretako bat Espainia iparraldeko merkatuan: Euskal Autonomia Erkidegoan %37ko merkatu kuota du; Galizian, %19koa; Nafarroan, %28koa, eta Balearretan, %21ekoa. 2022aren amaieran, 1.526 saltoki zituen sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatua, eta baita gasolindegiak, kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere. Era berean, 5 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, eta 27.300 Bazkide Kooperatibisita eta Langile baino gehiago, 610 frankizia dendetan lan egiten duten langileen kolektiboa ahaztu gabe.

Compartir en: