EROSKI-K 105 milioi euroko zerga ondoko etekina izan zuen 2021ean
Emaitzarik onena joan deneko hamalau urtean
Taldearen ebitda 261 milioi eurotara igo zen
Elikagaien negozioak berriz lortu ditu hobekuntzak salmentan eta emaitzetan, pandemia aurreko mailekin alderatuta
2021ean, EROSKIk 443 milioi eurotan murriztu zuen zor finantzarioa 1.000 milioi euroen azpitik jartzeraino
Kooperatiba nagusiak, EROSKI S. Coop.-ek, ia 59 milioi euroko emaitza positiboarekin itxi zuen 2021a
EROSKI Taldeak emaitza positiboarekin amaitu zuen 2021eko ekitaldia, kontuak 2022ko urtarrilaren 31n itxita. 104,61 milioi euroko emaitza positiboa izan du, 2007tik izan duen emaitzarik onena. Taldearen ebitda 261 milioi eurokoa izan zen 2021a amaitzean, eta pandemiaren aurreko azken ekitaldietako kopuruen ildoan kokatu zen.
Salmenta gordinak 5.116 milioi eurotik gorakoak izan ziren, %4,8 txikiagoak 2020ko ezohiko urtearekin alderatuta, izan ere, konfinamendua zela medio etxeko elikagai kontsumoak igoera handia izan baitzuen. Mugikortasun eta irekiera murrizketak jasandako negozioek, kasu batzuetan 2021era arte ere luzatu zitzaizkienek —bestea beste, gasolindegiak, bidaia agentziak, kirol dendak eta turismoak inpaktu handia duten eskualdeak, hala nola Balearrak— ez zuten lortu pandemia aurreko salmenta mailara iristea. Horren aldean, nabarmentzekoa da elikagaien negozioak izandako eboluzio positiboa, %1eko hobekuntza izan baitzuen pandemia aurreko mailekin alderatuta. Salmenta portaera on hori bera izan zen online kanalean ere; izan ere, COVID-19ak eragindako kontsumo ohiturengatik 2020an izandako igoeraren parte handi bati eustea lortu zuen kanalak.
“2021eko ekitaldia garbiki positiboa izan da. Hein batean, pandemiaren aurreko kontsumo ohiturak berreskuratzeko joera erakutsi du, nahiz eta ez daitekeen esan ekitaldi normalizatua izan dela, partez pandemiak markatua egon baita oraindik, eta horrek modu ezkorrean eragin du elikaduraren arlokoak ez diren gure negozioetan. Nabarmenena da elikaduraren negozioak berriz lortu duela eboluzio positiboa izatea COVID-aurreko hazkunde maila erakutsiz. Hortaz, jarduera aldekoa izan da, eta emaitza arruntak azken ekitaldien joera baikorrari eusten dio. Hala, gure lehiakortasuna hobetu egin dela berresten du horrek“, esan du EROSKI Taldeko presidenteak, Agustin Markaidek.
185 milioi eurotik gorako etekin operatiboa
Eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzea ardatz duten proiektu askotarikoen ezarpenak bultzatuta, taldearen etekin operatibo korronteak 185,5 milioi euroko emaitza izan zuen, nahiz eta azken hilabeteetan energia kostua bizkor eta asko igo izanak eragina izan duen bai etxeen eta bai negozioen fakturetan. Gorabehera horrekin, gainera, 28 milioi euro igo zen taldearen faktura elektrikoa. Hala ere, etekin operatibo korronteari dagokionez, pandemiaren aurreko ekitaldian lorturiko salmenten gaineko antzeko ratioa lortu du taldeak berriz.
Hedapenaren eta inbertsioen erritmo biziagoa
EROSKIk bere lidergoa indartzen jarraitu zuen Espainiaren iparraldean (Galiziatik Balearretara). Establezimendu propioetan eta denda sarearen eraldaketan kontzentratzen ditu inbertsioak eskualde horretan. Espainiako elikagai merkatuaren iparraldeko kuotan sektoreko altuenetakoa izaten jarraitzen du, %12tik gora. Gainera, EROSKIk bere presentzia handitu du gainerako eskualdeetan frankizia erako denda berriak irekita. Hala, 2021ean, 77 saltoki (propio nahiz frankiziatu) ireki eta bere sare komertzialeko 141 denda berritu zituen.
Arlo korporatiboan, 2021eko ekitaldian, EP Corporate Groupen sarrera burutu da, eta orain Supratuc 2020 elkarteko bazkide da. Elkarte horretan biltzen dira EROSKIk Katalunian eta Balearretan dituen negozioak. Aliantza dagoeneko guztiz operatibo dago, eta taldearen proiektua indartu egin da hari esker. Hala, bi eremu geografikoetan inbertsioak berrabiatu ditu.
Horretaz gainera, 2021eko lehen erdian, EROSKIk Jundizko produktu freskoen plataforma inauguratu zuen Gasteizen, 20 milioi euro inbertituta. Egitate handia da, izan ere, Capraboren freskoen plataforma 2020ko amaieran martxan jarrita (Prat de Llobregateko ZAL Porten) eta Vegalsa-EROSKIko produktu freskoen banaketa plataforma berriaren eraikuntza 2021eko amaieran abiatuta (Sigueiron, Coruñan), birdiseinatuta geldituko da iparraldean dituen freskoen plataformen mapa. Horrek modua emango dio taldeari sare logistiko “eraginkor eta iraunkor baterantz jotzeko, zeina giltzarrizkoa izango baita EROSKIren estrategian, produktu freskoaz eta tokian tokikoaz dihardugula. Horrela, gainera, ingurumenaren iraunkortasuna eta balio katearen iraunkortasun ekonomikoa hobetu egin ahalko dira”, azaldu du EROSKIko presidenteak.
Era berean, ekitaldiaren amaieran, EROSKIk energia aldetik bere sare osoan duen supermerkaturik iraunkorrena inauguratu zuen Gasteizko Lakua-Arriagako auzoan. Proiektu berritzaileak lortu du denda estandar batek baino %50 energia gutxiago kontsumitzea, eta darabilen energia guztia osotara jatorri berriztagarrikoa da. Proiektuaren asmoa da berotegi efektuko gasik batere igortzen ez duen enpresa bihurtzea 2050erako; hala adierazi zuen EROSKIk jendaurrean 2021ean.
Finantza zorra normalizatua
2021eko ekitaldian, EROSKIk 443 milioi euro gutxitu zuen finantza zorra, eta 953 milioi eurotan utzi zuen. Hala, 2009tik guztira 2.470 milioi euro gutxitu du bere zorra. “Bete dugu zorra amortizatzeko 2021aren amaierarako finkatua genuen helburua; are, iragarritakoa baino zenbateko handiagoa itzuli dugu, eta bankuekin dugun finantza zorra mila milioi euroen azpitik gelditu da. Zorra nabarmen gutxitu da urte hauetan; eta azkenik palanka efektu finantzarioa arrazoizko mailetan jartzea lortu dugu”, baieztatu du Agustin Markaidek.
Bultzada indartsua elkartasunari, 17 milioi euro bideratuak gizarte ekintzara
EROSKI Taldeak nabarmen indartu zuen bere elkartasun jarduera 2021ean, eta 17 milioi euro bideratu zituen gizarte ekintzako proiektuetara. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, elikagaien bankuekin izandako elkarlana eta Palmako uharteko sumendiaren erupzioan kaltedun suertaturikoei emandako laguntza. Kopuruaren %56 EROSKIk eman zuen, eta gainerako %44 bezeroek eta instituzioek.
Kooperatibak 59 milioi euroko etekina izan du
EROSKI S.COOP. kooperatiba nagusiak 58,7 milioi euroko emaitza positiboa aurkeztu du, nahiz eta energiaren fakturan 9 milioi euroko ezohiko inpaktua jasan duen.
Gainera, EROSKIk 629 langile egin zituen kooperatibako bazkide 2021ean, eta, hala, 9.058 lagunetara igo zuen kooperatiba nagusiko Langile Bazkideen kopurua iazko ekitaldian.
EROSKIri buruz
Kooperatiba izaerako Espainiako lehen banaketa taldea da EROSKI, eta liderretako bat Espainia iparraldeko merkatuan (Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Katalunian eta Balearretan), %12tik gorako kuotarekin horko merkatuan. 1.646 saltokiko sare komertziala du. Saltoki motari dagokionez, baditu supermerkatuak, hipermerkatuak eta cash & carry-ak eta, horretaz gain, gasolindegiak, bidaia bulegoak eta kirol ekipamendurako dendak ere bai eta bere online supermerkatua. Era berean, sei milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, eta 33.000 bazkide kooperatibista, langile eta frankizia-hartzaile baino gehiago.
Compartir en: