EROSKIko Kontseilu Errektorearen gutuna

Orain dela urtebete ere idatzi nituen lerro batzuk txosten honetan, 2019. urteko jardunari buruzko argibideak emateko; COVID-19ak eragindako krisi bete-betean geunden orduko hartan. Geroztik gaur arte zer gertatu den , eta oraindik nola gauden, aski ongi badakigu denok. Osasun krisiak krisi ekonomikoa ekarri du, eta tentsioa eragin du gizarteko sektore askotan eta profesional askorengan, zeinak zubiak eraikitzen eta behar-beharrezko guneetan hutsuneak betetzen aritu diren gizarte kohesioari eusteko.

Sekula ez dugu behar bezainbeste eskertuko EROSKI osatzen dugun pertsona guztion ahalegina . Ez zaigu egoera erraza egokitu, baina gure hautuak egin ditugu bidegurutze horretan:  Beti lehenetsi dugu interes kolektiboa norberaren ongizatearen gainetik. Hor ez dugu zalantzarik izan. Mila esker hori posible egin duzuen guztiei, zuen inplikazioa, profesionaltasuna, sentiberatasuna eta lankidetza paregabeak izan dira.

Eroskiren kultura kooperatiboaren zati dira ezaugarri horiek.  Ardatz horietan oinarritzen gara gisa honetako krisiei aurre egiteko. Enpresa ulertzeko modu horretatik sortu dira gure erantzunak: babes neurriak hartu ditugu gure dendak eremu seguruak izan daitezen lanerako eta erosketak egiteko, elkartasun ekintzak abiarazi ditugu, sentiberatasunez jokatu dugu ekoizle txikiekin haien salmenta bide garrantzitsuenetako batzuk desagertu direnean. Elkartasuna eta lankidetza: balio horiek hartu dute lekurik handiena gugan, eta horiek gailendu dira eta indar handiz egin dute distira gizartea unerik zailenetan egon denean, sekula baino beharrezkoagoak zirenean.

Orainaldia erronka handiz betea dago eta etorkizuna, berriz, zehaztu gabea. Baina ziurtasun bakarra da EROSKIn fidelak izaten jarraituko dugula kooperatiben printzipioekin, horiek eraman gaituzte-eta geure buruarekin zorrotzak izatera. Gure proiektuaren oinarrian, proiektu kooperatiboa osatzen duten pertsonekiko hurbiltasuna dago, horiek izan baitira gure lanaren eta jardunbideen katalizatzaileak eta elkarrekin egokitu gara gure gizarteak eskatzen dituen kontsumo ohitura eta beharrizanetara.

Lanean jarraituko dugu kontsumitzailea egon dadin erdigunean, Osasunaren eta Jasangarritasunaren aldeko 10 Konpromisoetan pausoak ere sendo emanez.    Behar duen formazio eta informazio guztia eskura eduki dezan eta erabakirik onenak har ditzan erosteko garaian. Eta gure kanalak egokituko ditugu, modu telematikoan eta seguru egiteko aukera eduki dezan. Jarraitu egingo dugu elikadura osasungarri eta jasangarria sustatuz, eta produktu ekologikoak eta ontzien ekodiseinua txertatuko ditugu. Mantendu egingo dugu neska-mutilak bizi ohitura osasungarrietan hezteko apustu sendoa ikastetxeetan lantzen ditugun heziketa programen bidez. Hori guztia, gainera, ikuspegi berritzaile batekin, erosketa esperientzia erakargarriagoa, arinagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Bezeroaren mesedetan izaten da egiten dugun guztia, kontsumitzaileen mesedetan, zeinak kooperatibako bazkide baitira gehien-gehienak.  Guk horrela ulertzen ditugu harreman komertzialak; guretzat transakzio soil bat baino askoz garrantzitsuagoa da, eta horrek garrantzi berezia hartu du pandemia garai hauetan.

Harro esan dezakegu, gainera, gure lanak aitortza jaso duela  kanpotik eta halaxe adierazi digutela hainbat alditan urtean zehar. Bi nabarmenduko ditut: Herritarren Saria eman digute, osasun krisia kudeatzeko garaian izan dugun konpromiso eta arduragatik, eta Europako Ingurumen Saria, arrantza jasangarria sustatzeko agertu dugun konpromisoagatik. Osasuna eta jasangarritasuna. Gure ibilbide orria.

Arlo sozietarioan ere mugarri garrantzitsuak jarri ditugu, eta, besteak besre, ERLAN abiarazi dugu, Batzar Nagusiak onarturiko elkartasun funts bat, zeinak lagundu egin dien laneko bazkideei, etorkizunean behartuko balira kapital sozialari ekarpena egin diezaioten kooperatibaren estatutuetan ageri den bezala. Adibide horrek ere argi erakusten du kooperatiben ereduak bere-bereak dituela elkartasuna eta kooperazioa.

EROSKIk bere lekua dauka pertsonen egunerokoan, eragin zuzena du hirien, herrien eta auzoen eraikuntza sozialean; ardurak ditugu jarduten dugun inguruan, eta jarraitu egiten dugu horren aldeko konpromisoarekin. Bizi izatea egokitu zaigun garai zail honetan, milaka familiaren euskarri eta laguntza izan gara. Jarraitu egingo dugu zurekin lanean, elkarrekin, gure kontsumo kooperatibak ereduzkoa izaten jarrai dezan.

Leire Mugerza
EROSKIko Kontseilu Errektoreko Lehendakaria