Let’s Cook startup-a hautatu dute EROSKI Venture Program-en lehen aldian
Berrikuntza irekiaren eta ekintzailetza korporatiboaren aldeko apustua

Eroski Venture Program-ek lankidetza era berriak lantzen ditu ehun ekintzailearekin
Programak aukera ematen du soluzioak baliozkotzeko EROSKIren taldearekin batera
EROSKIk Let’s Cook startup-a hautatu du Venture Program programaren lehen aldian, zertarako eta bi erakundeen artean lankidetza plan bat garatzeko, zeinetan asmoa den baterako aukerak definitzea, balio proposamen berriak kontzeptualizatzea eta horiek baliozkotzea. Hautaturiko enpresak interfaze bat du, harpidetza planak eskaintzen dituena askotariko menu gastronomikoetarako; plan horien bitartez, eskura jartzen diote erabiltzaileari errezeta eta osagai sail zabal bat errezetok gauzatzeko. Let’s Cook-en helburuak EROSKIren balioekin lerrokatuta daude, eta ardatza da erabiltzaileari denbora aurrezten laguntzea, janari osasungarri eta askotarikoa aukeran jartzea eta elikagaiak alferrik ez galtzea.
Progama honekin, EROSKIren helburuetako bat da ekintzailetzaren munduan erreferente gisa posizionatzea. “Deialdi honetan dozenaka aplikazio jaso ditugu erlazionatuta daudenak saltokietako prozesuen optimizazioekin eta erosketa arina, frikziorik gabea eta pertsonalizatua eskaintzen dutenak, zertarako eta kontsumo ohitura osasungarri eta iraunkorrak errazteko, ikuspegia dutelarik negozio berriak garatzea. Let’s Cook-ek, hautatu dugun proposamenak, elementu horietako batzuk biltzen ditu, eta modua ematen digu baliozko proposamenak nola demokratizatu aztertzeko, norentzat eta balioa oraindik eskura ez duen biztanleriaren zati handi batentzat”, azaldu du EROSKIren Berrikuntza eta Garapen Digitalaren arloko zuzendariak, David Sanchezek.
“Oso eskerturik gaude, EROSKIk gu hautatu gaituelako. Datozen hilabeteetan, EROSKIrekin batera lan egingo dugu proposamen are erakargarriago bat eraikitzeko gure erabiltzaileentzat eta elikadura osasungarria, askotarikoa eta komenigarria eskura izatea balioesten duten guztientzat”, aipatu du fundatzaileetako batek, Gustav Johanssonek.
Negozio eredu berrien sorrera
Eroski Venture Program-ek berrikuntza irekiaren alde egiten du, motorra izan behar duelakoan sektoreko erronkei soluziorik onenak bilatzeko orduan eta negozio berrietan aukera berriak aurkitzeko orduan. Programaren helburua da EROSKIren corporate venturing-en estrategia osatzea, nola eta ekintzailetza berritzailetik datozen soluzioekin lankidetzan jardunda eta bezero-hornitzaile harremanetatik harago doazen erlazio ereduak zabalduta. Sektorearen balio katean inpaktu baikorra izatea bilatzen duten startup, ekintzaile eta proiektuentzako programa da; soluzio horiek bizkor eskalatzeko moduko teknologia berrietan oinarritu behar dira, eta osagarriak izan behar dute EROSKIren gaitasunekin, prozesuekin eta beste aktibo fisiko eta digitalizatuekin. “Sarbide eta hazkuntza gune bat da, zertarako eta ekintzaileek beren soluzioak atera, azeleratu eta eskala ditzaten, Europan kontsumo handiko ondasunen eta zerbitzuen txikizkako banatzaile kooperatiborik eta sektorean erreferente den talderik handienetako baten ondoan“, esan du David Sanchezek.
Emaitzei begirako metodologia eta ikuspegia izanik, sorrarazten diren soluzioak era esanguratsuan bultzatzeko gaitasuna du programak. Hala berean, ekintzaileari bere harreman sarea zabaltzen laguntzen dio, EROSKIren sarearen eta harreman maparen bitartez. Eta prozesuan lagun egingo dio, helburuen etengabeko monitorizazioa eta roadmap pertsonalizatu bat eginda.
Compartir en: