• Urteko lehen sei hilabeteetan, EROSKIk 1.600 tona janari baino gehiago eman du dohaintzan Zero Hondakin programaren bidez; hau da, 6,5 milioi jatordu eman ditu ehun gizarte erakunde baino gehiagorekin elkarlanean

  • Azken berrikuntzen artean, aipagarria da Too Good To Go aplikazioarekin egindako elkarlana: aplikazio horren bidez, EROSKIk 283.000 produktu sorta baino gehiago saldu ditu prezioa jaitsita

  • EROSKIk bat egin du AECOC-ek sustatutako Elikagaiak Alferrik Galtzearen Aurkako VI. Astearekin

EROSKIk 11.000 tona janari alferrik ez galtzea lortu du 2023ko lehen seihilekoan, janaria alferrik ez galtzeko ekintzei esker. 34 milioi jatordu dira guztira, eta horiekin 9.417 familia elikatu daitezke urtebetean.

“Batere janaririk alferrik ez galtzeko helburua gure osasunaren eta jasangarritasunaren aldeko 10 konpromisoetako bat da. Erronka horri aurre egiteko, prebentzioa lantzen dugu (eskaerak eta stocka eskariaren arabera egokitzeko tresnak erabiltzen ditugu, hondakinak murrizteko). Horretarako, gure instalazioak eta hotz-katea berritu ditugu, jakien bizia luzatzeko, eta hamaika eskaintza ezarri dizkiegu saltzeko epemuga iraungitzear zuten produktuei. Gizartearekin dugun konpromiso bat da, eta egunero produktuak dohaintzan ematen ditugu gure sare komertzial osoan: milaka erabiltzaile dituzten ehun gizarte erakunde baino gehiagori ematen dizkiegu. Ezin aipatu gabe utzi zer eragin mesedegarria duen horrek ingurumenean, ekonomia zirkularraren ereduari jarraikiz; izan ere, kontsumitu ezin diren produktuak eraldatu egiten dira eta beste balio bat hartzen dute, irin edo animalientzako pentsu bihurtzen baitira. Hala, baliabideak ez dira xahutzen”,  azaldu du Alejandro Martínez Berriochoa EROSKIko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak.

Urteko lehen sei hilabeteetan, EROSKIk 1.600 tona janari baino gehiago eman ditu dohaintzan egoera zaurgarrian direnen alde, bere Zero Hondakin programaren bidez: hau da, 6,5 milioi jatordu baino gehiago eman ditu. Programa horrek bermatzen du EROSKIren dendetan ez dela botatzen jateko moduan dagoen janaririk, eta denda edo plataforma logistiko bakoitzetik hurbilen dagoen gizarte erakundeei ematen zaiela. Programa aurrera eramateko, EROSKI lankidetzan aritzen da Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioarekin –1996tik-, Caritasekin, Gurutze Gorriarekin, Reto a la Esperanza elkartearekin eta behartsuei eta bazterketa arriksuan direnei laguntzen dieten beste hainbat gizarte erakunderekin.

Too Good To Go

Janaria alferrik ez galtzeko borrokan egindako azken berrikuntzetako bat Too Good To Go aplikazioarekin elkarlanean aritzea izan da. Hala, jatetxeetan, hoteletan supermerkatuetan eta elikaduraren arloko establezimendu guztietan prezioa jaitsita saltzen dituzte egunaren amaieran saltzea lortu ez duten baina jateko moduan dauden elikagaiak. Egitasmo horren bidez, EROSKIk 149.000 produktu sorta baino gehiago eskaini dizkie aurten bezeroei urteko lehen seihilekoan: kalitate oneko askotariko jakiekin egindako sortak dira. 2022an elkarlana hasi zenetik, 283.000 sorta eskaini ditu.

Egitasmo horrez gain, EROSKIk eskaintzak ezartzen dizkie egunero kontsumo-data gomendatua edo iraungitze-data hurbil duten jakiei. Hala, EROSKIk 7.000 tona janari baino gehiago komertzializatu ditu deskontu handiekin, eta horrek esan nahi du 27 milioi jatordu alferrik ez galtzea lortu duela 2023ko lehen seihilekoan.

Bestalde, banaketa kateak gizakiek ez baina animaliek kontsumitzeko moduko 72 tona janari eman dizkie babes etxeei eta zoologikoei, eta 2.400 tona azpiproduktu organiko eman ditu animalia jatorriko pentsuak eta irinak egiteko.

Berrikuntza hondakinen kudeaketa zirkularrean

Gainera, EROSKIk parte hartzen du nazioarteko berrikuntza proiektuetan, elikagai hondakinei beste erabilera batzuk bilatu eta ekonomia zirkularrerako bidean aurrera egiteko. Europar Batasunak finantzatutako programekin egindako lankidetza da horren adierazgarri: hala nola FUSILLI, berrikuntzako living lab-ak ezarriz hirietako elikadura sistemak aldatzea sustatzeko proiektua; FOODRUS, nekazaritzako elikagaien katean janaria alferrik ez galtzeko elikadura sistema zirkular bat garatzea helburu duen proiektua, eta ToNoWaste, ikuspegi holistikoa oinarri hartuta elikagairik alferrik ez galtzeko pentsamoldea bultzatzeko proiektua. Halaber, EROSKIk parte hartzen du NOWASTE proiektuan. Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK laguntza deialdiak finantzatzen du, eta Tecnalia ikerketa zentroak garatu du. Ontziratzeko material berriak garatzea du helburu, elikagai hondakinei irtenbide bat emateko, eta ikusmen artifizialeko teknologiak hartzen ditu oinarri janariak alferrik galtzea eragozteko.

Gainera, EROSKIk hainbat sentsibilizazio ekintza egiten ditu kontsumitzaileek kontzientzia hartu dezaten janaririk alferrik ez galtzeko; izan ere, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren arabera, Espainiako etxe bakoitzean 65,5 kilo-litro janari eta edari galdu ziren alferrik 2022an. Besteak beste, EROSKIk aholkuak ematen ditu arduraz erosteko eta jakiak kontserbatzeko, eta hainbat errezeta proposatzen ditu janaria aprobetxatzeko. Testuinguru horretan, EROSKIk bat egin du Elikagaiak Alferrik Galtzearen Aurkako VI. Astearekin. AECOC Ekoizle eta Banatzaileen elkarteak bultzatzen du egitasmoa, eta Elikagai Galeraren eta Xahuketaren inguruko Kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna ere aste horretan izaten da: irailaren 29an hain zuzen ere.

 

Compartir en: