• Salmenta gordinak 4.367 milioi euroraino igo dira

  • Ebitda 246 milioi euroan jarri da

  • Eginahalari eusten diogu eta marjinak murrizten jarraitzen dugu produktuen prezioen igoerak dakarren inpaktua arintzeko

EROSKI taldeak ekitaldiko hirugarren hiruhilekoko kontuak itxi zituen, 2024ko otsailaren 1etik urriaren 31ra bitartekoak, eta salmentetan igoera sendoa erakutsi du, erronkaz betetako testuinguruan egonik ere.

Ekitaldiko lehen bederatzi hilabeteetan, EROSKI Taldearen fakturazioak hazkundearen xendari jarraitu dio. Hala, jardueraren bolumenean salmenta gordinak 4.367 milioi euroraino iritsi dira; horrek esan nahi du %2,4 handitu direla aurreko ekitaldiko epe berarekin alderatuta.

Nabaria izan da elikagaien arloko salmenta gordinetan lortutako zifra, 4.149 milioi euroraino iritsi baita, %3,1 gorago 2023ko lehen bederatzi hilabeteetan erregistraturikoarekin alderatuz gero. Eboluzio horretan, harrera ona izan dute taldeak 2021etik prezioei eusteko eta hori sustatzeko egin dituen eginahalek. Alde horretatik, indar handia jarri du inpaktu hori txikitzeko, 2024ko lehen sei hilabeteetan 33 milioira ere igo baita.

Taldearen emaitza positiboa 66,3 milioi euroraino igo da, eta konpainiak hasiera batean espero zuena hobetu du. Kopuruak, iazkoa baino 38,7 milioi txikiagoa denak, funtsean erakusten du prezioen lehiakortasuna hobetu dela eta 2023an epe berean izandako ezohiko emaitza baino txikiagoa izan dela.

“Urtearen lehen bederatzi hilabeteetan, salmenta gordinen hazkundea sendotu dugu, 2023ko epe berean baino %3,1 handiagoa izan baita. Igoera hori neurri handian gure prezio politika berriak bultzatu du, eginahal nabaria egin baitugu kontsumitzaileei arnasa emateko. Horren adibide garbi bat 33 milioi eurotik gorako aurrezkia bildu izana da. Aurrezki hori urteko aurreneko sei hilabeteetan sorrarazi dugu bere erosketak EROSKIn egitea aukeratzen dutenen mesedetan. Era berean, Eguberri hauetan, 22 milioi euro inbertituko ditugu promozio berezietan. “Gabonetak eskaintza handia” kanpainak deskontuak ekarriko ditu 100 produktu izarretan baino gehiagotan. Eginahal horrek modua emango du prezioan dugun lehiakortasuna eta erakargarritasun komertziala indartzeko”, azaldu du EROSKIko CEOak, Rosa Carabelek.

Kostuen kontrola
Inflazio testuinguruan egonik ere, konpainiak lortu du bere gastuen igoera apala izatea 2023ko lehen bederatzi hilabeteekin alderatuta. Horrek erakusten du kudeaketa efizientea egin duela eremu guztietan, efizientzia hobetzeko jarduerei jarraipena emanda.

Ebitda sendoa eta proiekzio egonkorra ekitaldia ixteko
Ebitda 246 milioi euroraino iritsi da ekitaldiko lehen bederatzi hilabeteetan, eta %6 inguruko tasa sendoetan kokatu da. Horri esker, ekitaldiaren itxierako aurreikuspenak onak dira; aurreko urteko epe berean izandakoaren antzekoak espero dira.
Urteko azken hiruhilekoari dagokionez, EROSKI taldeak perspektiba onak eginak ditu: hazkundea sendotzen saiatuko da, eta errentagarritasuna egonkortzen.

EROSKI taldeari buruz
EROSKI Espainiako lehen banaketa talde kooperatiboa da, eta liderretako bat Espainia iparraldeko merkatuan—Galiziatik Balearretara—, %12,8ko merkatu kuotarekin; eta liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Galizian; lidergoan da halaber Balearretan ere. 2023aren amaieran, 1.533 saltoki zituen bere sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatuak, baita gasolindegiak, kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere. Halaber, 6,4 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, 27.400 bazkide kooperatibista eta langile bazkide baino gehiago, horietatik 9.000 sozietatearen jabe ere badirenak; eta 620 denda frankiziatuetako langileen kolektiboa gehitu behar zaio horri.

 

Compartir en: