• EROSKIren proiektuarekin guztira hogei proiektu aurkeztu dituzte Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Ekitaldi Aretoan Madrilen

  • EROSKIk martxan jarri duen hurbileko produktuen marketplace-a nabarmendu du behatokiak, lehena izan delako banaketa denden logistika eta sarea erabiltzen hurbileko ekoizle txikiei egindako eskariak entregatzeko

  • Iraunkortasunaren aldeko apustua egitea, gizarte eta lurralde kohesioa hobetzen laguntzea, ardatza kontsumitzailearengan jartzea eta katearen efizientzia handitzea dira aurten Kontsumo Handiko Berrikuntza Behatokiak bultzatu dituen lau motorrak.

Urtero Institut Cerdak antolatzen duen Espainiako Kontsumo Handiko Berrikuntza Behatokian, EROSKI AZOKA marketplace-a aitortu dute tokiko produktuen arloan, gaur goizean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren Ekitaldi Aretoan izandako aurkezpenean, Madrilen. Seigarren aldian, Berrikuntza Behatokiak erronka berriak aurkeztu ditu, eta, horrekin batera, sektoreko hogei proiekturik berritzaileenak; horien artean dago EROSKIren ekimen hau. Asun Bastida EROSKIren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialaren hitzetan, “aukera bat da komunitatea eratzeko, bi baliotan bermatuko den ekosistema eratzeko: iraunkortasuna eta gizarte erantzukizuna. Webguneak modua ematen digu gure kooperatiba izaera praktikan jartzeko eta gauzak beste modu batera egiteko hurbileko ekoizleekin batera lan eginda”.

Behatokiak lehenengoz nabarmendu ditu Espainiako Kontsumo Handiaren katean berrikuntza bultzatzen ari diren lau motorrak: iraunkortasunaren aldeko apustua egitea, gizarte eta lurralde kohesioa hobetzen laguntzea, ardatza kontsumitzailearengan jartzea eta katearen efizientzia handitzea.

300 proiektutik gora aurkeztu dira, eta horien artean EROSKI AZOKA hautatu du Berrikuntza Behatokiko hamasei aditu independentez osaturiko batzorde batek. EROSKIk hurbileko produktuentzat martxan jarri duen marketplace hau nabarmendu dute, beraz, “lehena delako banaketa denden logistika eta sarea erabiltzen eskariak entregatzeko, 300 bat elikagai fresko, janari prestatu eta edari eskaintzen baititu Gipuzkoako 60 ekoizle baino gehiagorenak”.

EROSKI AZOKA webgunea independentea da eroski.es gunetik, baina haren orrialde nagusitik sar daiteke bertara, eta EROSKI Cluben fidelizazio txartela erabiltzeko aukera ematen du. Bezeroak webgune horretatik egin dezake erosketa, eta hor aurkituko du produktu bakoitzaren fitxa teknikoa, baita ekoizlearena ere. Eskaria etxera bidaltzen dute, edo bezeroak dendan jaso dezake, berariaz horretarako jarri duten gune batean. Bezeroek eskuragarri izango dituzte produktu freskoak eta landuak, baita produktu sorta bereziak ere, adibidez 0 kilometrokoak, artisau erakoak edo tokiko produktu ekologikoak. Nabarmentzekoa da, halaber, ekoizleak zeregin aktiboa duela proposamen komertziala eraikitzeko garaian eta bere produktuak kudeatzeko orduan.

EROSKI AZOKAko produktuak biltzeko lehen gunea Amarako saltokian jarri dute, Donostian. Proiektuak zaindu egin nahi ditu harremanak. Produktua emateko unean ekoizlea bera dendan egotea planteatzen du, bezeroa ezagutu dezan eta nola egiten den azaldu diezaion eta sor dakizkiokeen zalantzei erantzun. Aurkezpenak, dastatze saioak edo ekitaldiak ere antolatzen dira tokiko ekoizleekin, bezeroaren eta ekoizlearen arteko hurbiltasuna sendotzeko.

Tokian-tokian babesa ematea nekazaritza arloko elikagaien sektoreari

Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazaritzako elikagaien 300 ekoizle txikirekin baino gehiagorekin dihardu EROSKIk 2.000 produktu pasa saltzen. Erosketak egiten dizkie epe erdiko eta luzeko akordioen bitartez, eta horrek egonkortasuna dakarkio nekazaritzako elikagaien sektore iraunkor eta oso dibertsifikatu bati. EAEko sektore ekonomiko guztiak aintzat hartuta, EROSKI 1.900 hornitzailerekin ari da lanean, eta 650 milioi eurotik gorako erosketak egiten dizkie urtero.

Zurekin ereduak, kooperatiba bere dendetan bultzatzen ari denak, asko laguntzen du tokiko nekazaritzaren ekoizpen ehuna dibertsifikatzen, bai eta sektorea iraunarazten eta denda guztien ingurune hurbileko ekonomia, kultura eta paisaia indartzen ere.

Compartir en: