Carta de Leire Mugerza
Presidenta del Consejo Rector de EROSKI
Iritsi gara. Esaldi horrek esanahi ugari gordetzen ditu garai ziurgabe hauetan. Ziurgabetasun horren erroak ez daude, ordea, barne elementuetan, kanpoko arrazoietan baizik: pandemia bat, inflazioa, gerra bat Europan… Ziurgabetasun horrek gure lehentasunak birpentsatzera derrigortzen gaitu. Gizartearen egonezina eta sufrimendua ez dira arrotzak enpresentzat. Konponbidearen zati aktiboa izan behar dugu.
Mondragon Korporazioak lema bat erabiltzen du kooperatibok ere geure egiten duguna: Humanity at work. Inoiz ez da aplikatu azken bi urte hauetan bezain ongi. EROSKI egiten dugun pertsonek onena eman dugu, garai honetan gizartearen ondoan egoteko. Tentsioarekin, baina arimaz. Iritsi gara. Edo iristen ari gara, adi erreparatuko baitiogu Ukrainako gerraren norabideari eta ekintzak ere abian jarriko baititugu hark gizakiengan dituen ondorioak arintzeko.
Beharra zuten milaka pertsonengana iritsi gara.
2021. urtean pertsona askoz gehiagorengana iritsi gara, milaka ekarpen txikiren bidez. Ia magikoa da halako gizarte kapilaritate maila batera iristea: EROSKItik eta gure bezeroen bidez, 435.000 pertsona baino gehiagori lagundu diegu 260 gizarte erakunderen bitartez.
Magia horrek ahalbidetu du, besteak beste, Elkartasun Zentimoak programa, non 14 milioi dohaintza baino gehiago lortu ditugun. Ez hori bakarrik: 12.400 bezerok gure baliabideak bideratzeko gizarte kausak aukeratu dituzte, 2021. urteko azken hiruhilekoan haiekin batera egin dugun entzumen aktiboko lanari esker.
Horrez gain, beste programa batzuen bidez, hala nola Zero Hondakin programa, elikagaien xahuketa gutxitzen laguntzen dugu, eta lankidetzan aritzen gara Elikagaien Bankuekin eta antzeko ehunka erakunderekin, gizarte bidezkoago eta jasangarriago bat eraikitzen.
Hobeto informatutako kontsumitzaile batengana iritsi gara
Kontsumitzailea gure izateko arrazoia da, kontsumo kooperatiba bat garen neurrian. Erabat konbentzituta gaude: hobeto prestatu eta informatutako kontsumitzaile batek erabaki hobeak hartuko ditu, eta horiek eragin positiboa izango dute haren osasunean. Hori geneukan buruan 2019an Espainiako banaketan NutriScore etiketa sartu zuen lehen enpresa izan ginenean. Ekimen hura duela hamarkada bat baino gehiago abian jarritako Elikadura Semaforoari gehitu zitzaion. Uztaileko Consumer aldizkarian argitaratutako azterketaren datuek argi erakusten dute ematen dugun informazioak eragin positiboa duela kontsumitzailearengan. Hona ere iritsi gara
Partekatutako ahaleginari esker
2021. urtea, gainera, etapa berri baten hasiera izan da. Hasiera pentsaezin bat gizarte kolektibo osoaren inplikaziorik gabe eta, batez ere, haien sakrifizio, lan eta dedikaziorik gabe. Aurretik hartu ditugun erabakiek taldea eraldatzea ahalbidetu digute gaur. Haiei esker iritsi gara.
Eta orain aurrera egin behar dugu, etapa berri hau indartzeko
Badakigu kooperatibismoaren indarra askoren elkartasunean oinarritzen dela eta pertsonen ahaleginaz, irmotasunez eta ezagutzaz elikatzen dela. Indibidualtasun bikainak batzen dira, eta horrek indarrak biderkatzea eragiten du. Esperimentatu dugu. EROSKI bezalako proiektu batean, aldea, lider on bat izatean ez ezik, lider kooperatibo on bat izatean datza, eta hori ere partekatu dugu. Eskerrak ematen dizkiogu Agustin Markaideri, enpresa egiteko modu bat partekatzeagatik; banaketa enpresa bat, helburua etengabe egokitzen duena.
Etapa berria begirada berrituarekin, Rosa Carabelekin, hasten dugu, proiektu kooperatibo honen Misioa bere horretan mantenduz. Aurrera egiten jarraituko dugu kontsumitzaileen osasunaren alde eta gure inguruaren jasangarritasunaren alde; gure EROSKI proiektuaren alde, zurekin.