Presidentearen gutuna
Hainbat arrazoi medio, 2019 urte berezia izan da EROSKIrentzat. Horietako bat, dudarik gabe, gure 50. urtemuga da. Gainera, birfinantzaketa-akordio ona itxi dugu eta gure denden ehuneko handi bat “zurekin” ereduan berritzea lortu dugu. Halaber, aurrerapen handiak egin dira osasunarekin eta iraunkortasunarekin lotutako proiektuetan, hala nola Nutri-Score nutrizio-etiketa aurreratua gero eta gehiago ezarri da, aitzindari izan baita Espainiako banaketan, edo hainbat aukera jarri dira gure bezeroen eskura ohiko plastikozko poltsen edo ontzi alternatibo jasangarriagoen ordez. Era berean, Kooperatiben Lege berria onartzeak arau-esparru zehatzagoa ematen digu, egitura juridiko desberdina duten beste erakunde batzuekin baldintza berberetan lehiatzeko eta garatzeko aukera ematen diguna.
1969an zazpi kontsumo-kooperatiba txikik bat egin zuten talde horretan, eta mende erdiko funtzionamenduaren ondoren, Espainiako banaketa-kooperatiba nagusien artean kokatu da. Pertsonetan eta lankidetzan oinarritutako enpresa-proiektu baten berrogeita hamar urte. Ibilbide horretan, EROSKIn kontsumitzaileengandik oso hurbil egon gara, gizartearen aldi berean eboluzionatuz eta haien kontsumo-premia eta -ohituretara egokituz. Eta gure izateko arrazoiarekin eta izaera kooperatiboarekin leial jokatuz egin dugu. Bizi-kalitatea hobetzen laguntzea eta garapen jasangarrian modu positiboan eragitea dira EROSKIk kontsumitzaileekin eta gizartearekin hartutako konpromiso historikoetako bi. Gaur egun ere, ezaugarri horiek bereizten gaituzte, eta denboran zehar kontsumitzaileen erakunde gisa eta gizarte-erantzukizuneko eragile dinamizatzaile oso aktibo gisa izan dugun bilakaera egituratu dute.
Egungo kontsumitzaileak planteatzen dituen erronka eta joerei aurre egin behar diegu: kanal anitzeko salmentak, komenientziaren erosketa, adinekoen premiak, osasunaren arreta, esperientzia-erosketak edo merkatu “berdearen” eta “tokikoaren” hazkundea. Gizarte hiperkomunikatu honek aldaketak eskatzen dizkie (eta azkar egiten ditu, inoiz ez bezala) era guztietako sektoreetako enpresei, erakundeei…, guztiei. Elikadurak ez du ihes egiten joera horretatik: gertatzen zaizkigun on eta gaitz guztiekin lotzen dugu: osasuna, gaixotasuna, kutsadura (plastikoak itsasoetan, palmondo-olioa, baso-soiltzea, baliabideen amaiera…). Eta kezka horiek guztiak dendan gauzatzen dira, ikusgai bihurtuz. Egoera horri aurre egiteko modu bakarra dago: aldaketa eta proposatutako erronka onartzea eta soluzioak eraikitzea. Eta gu ez gara ezkutatuko. Erantzunkidetzat jotzen dugu geure burua, eta gure erantzukizun-zatia onartzen dugu harekin kontsekuenteak izateko. Banaketa-enpresa gisa dugun jarduna aldatu nahi dugu, eta gure bazkide bezeroengan ere eragin nahi dugu, eurena alda dezaten, informazioaren eta prestakuntzaren bidez. EROSKIri dagokio gure proiektu kooperatiboarekin gizartea eraldatzea, ongizate iraunkorra bilatuz eta, horretarako, ahaleginak ekintzara bideratu behar ditugu justifikaziora baino gehiago.
EROSKI gizarteari ekarpen handia egiteko gaitasuna duen lanaren emaitza argia da gaur egun. Mende erdiko bizitza ospatzeko aukera eman digun 2019 bikainaren ondoren, sakondu egingo dugu gure bazkideei, bezeroei eta kontsumitzaileei aukera hobeak eskaintzen, haien erosketak eta kontsumoak osasungarriagoak eta jasangarriagoak izan daitezen gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik. Garapen teknologikoan ere sakonduko dugu, horrek askotariko garapen berritzaileak ahalbidetuko dizkigulako, hala nola energetikoki eraginkorragoak diren dendak, bezeroei proposamen pertsonalizatuak ahalbidetzen dizkieten tresnak edo markarekin harreman pertsonal eta zuzena ahalbidetzen duten atalen eredu komertzialak. Kontsumitzaileek erosketak egin ahal izateko kanal- eta formatu-sorta zabala proposatzeko lan egingo dugu. Ibilbide luzea egin dugu bide horretan, baina oraindik asko dago egiteko, eta gure ahalegina norabide horretan bizkortu nahi dugu, honaino iristea ahalbidetu digun barne-sendotasun kolektiboak bultzatuta. Ziur nago aukera emango digula etorkizunean gure lekua irabazteko, gizarteak EROSKIren aldetik espero eta merezi duenari erantzunez.
Urteko txosten hau irakurtzera animatzen dut, 2019an gure jarduna eta garapen iraunkorrarekin dugun konpromisoaren ondoriozko ekintzak zehatzago ezagutzeko. 2002an berretsi genuen garapen iraunkorrarekin dugun konpromiso hori Munduko Itunarekin bat eginez, eta urtero berritzen dugu, gure misioarekin eta Nazio Batuen Garapen Jasangarriko 17 Helburuak (GJH) lortzen nabarmen laguntzeko asmo irmoarekin bat etorriz. Espero dugu interesgarria eta iradokitzailea irudituko zaizuela.
Eskerrik asko.
Agustín Markaide
EROSKI Taldeko lehendakaria