Lehendakariaren gutuna

2020. urteko 12 hilabeteak guztiz bereziak izan dira gizarte osoaren bizitzan. Beste hainbat eremutan bezala, enpresetan ere eragina izan du COVID-19ak eragin duen pandemiak, bai egunez egun egin beharreko kudeaketan eta bai epe luzeko planifikazioan. Gaurkotasunak agintzen duenari lotuta bizi gara beti, baina egoera honek behartuta, are lotuagoak bizi behar izan dugu.

Uzten badidazue, mezu hau hasi nahi nuke Eroski egiten dugun pertsona guztiei eskerrak emanez. Pertsona horiek, bai norbanako gisa eta bai modu kolektiboan, gizarteak eskatu duenaren neurrira egon dira, eta erabakitasunez eta eraginkortasunez egin dute hori, bakoitzak bere onena emanez kolektiboaren mesedetan. Gutako inor ez da harritu erantzun paregabe horrekin. Baina ezinbestekoa da aitortza egitea, batez ere hainbeste eman ondoren.

“Oinarrizko zerbitzu” gisa sailkatu dute gurea, eta horrek behartu egin gaitu arintasunez eta azkar erantzutera sortu diren erronkei.

Gauza guztien gainetik, segurtasuna eskaintzea izan da gure lehentasuna, bai langileei eta bai bezeroei ere. Hasieran zaila izan zen, baina, azkenerako, Bureau Veritas etxearen ziurtagiria eskuratu genuen eta Denda Seguruagoak zigiluak lortu ditugu.

Eta bitartean, ziurtatu egin behar genuen dendak ongi hornituta egongo zirela egunero. Balio kate guztiak bikain funtzionatu du, eta eskaria nabarmen handitu bazen ere krisiaren lehen uneetan, egoki erantzutea lortu dugu.

Pandemiak kalte egin die kolektibo batzuei, eta, zorionez, gai izan gara horietako batzuen beharrizan larriei erantzuna emateko. Milioi bat musuko eman dizkiegu udalei eta gizarte eragileei. Oinarrizko produktuak eskura jarri ditugu Elkartasun Txartelaren bidez, zeina erakunde publikoen esku jarri dugun, eta 6,5 milioi otordu baino gehiago eman dizkiegu Elikagai Bankuei. Erosketak egin eta etxera eraman dizkiogu adin handiko milaka pertsonari. Zailtasun gehien sortu duen urteak elkartasuna ere sortu du inoiz baino gehiago.

Kontsumitzaileak aldatu egin ditu erosteko ohiturak, eta guk laguntza eman nahi izan diogu bide horretan. Beste modu batzuk bilatu ditu gurekin harremanetan jartzeko eta oso erabilera handia eman die on-line kanalari eta Interneti. Hori erronka handia da bai orain eta bai etorkizunari begira, une jakin bateko joera zena egiturazko ezaugarri bihurtu baita. Asko hitz egiten da berrikuntza eta eraldatze digitalaz negozioaren ikuspegitik, eta ikusi dugu hori zer den: bezeroari gauzak erraztea, produktu berritzaileak, desberdinak aurkitzeko modua ematea, erosketa esperientzia ona, arina eta eraginkorra eskaintzea.

Era berean, kanal gehiagotan mugitzen den kontsumitzaile hori kontsumo-ohitura osasungarriagoak eta jasangarriagoak hartzen ari da. Bilakaera hori errazteko, EROSKIk handitu egin du bere markako Eko/Bio produktuen eskaintza, bai freskoen sailean eta bai elikagai ez-galkorren sailean. Eta zenbait alderditan estandar handiak lortu dituzten produktuak ere eskaintzen ari gara, adibidez ingurumenaren gaineko eraginean eta animalien ongizatean, eta produktuak gero eta hurbilagokoak dira kontsumitzen diren lekutik.

Gurpilak aurrera jarraitzen du, eta 2021. urtea ere badoa. Alderdi korporatiboari eta barne antolaketari dagokionez, EROSKIk pausoak eman ditu bere egitura egoera berrira egokitzeko. Rosa Carabel da taldeko zuzendari nagusi berria. Harekin lan egiteko zortea izan dugunok badakigu zenbateko talentua eta adorea dituen eta nolako gaitasuna taldeak gidatzeko. Rosa buru izango duen Zuzendaritza Kontseilua handitu egingo da eta etorkizun hurbilean funtsezkoak izango diren arloak hartuko ditu barnean, adibidez berrikuntza eta garapena. Aldaketa horiek koherenteak dira eraiki asmo dugun EROSKIren erronkekin: denda gehiago zabaldu eta eraldatzea, logistika eraginkorragoa eta jasangarria lortzeko inbertsioak egitea; eta produktu fresko eta hurbilekoaren aldeko apustu jarraitua egitea. Ez ditugu ahazten, halaber, Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarrirako jarri dituen 17 Helburuek (GJH) ezartzen diguten bide-orria, eta erabakita gaude gure ekarpena egitera; 2002. urtean gure atxikimendua eman genion Mundu mailako Itunari, eta urtez urte berretsi egiten dugu Osasunaren eta Jasangarritasunaren alde hartu ditugun konpromisoak eguneratuz, zeinak 2018an zehaztu genituen, 8.000 bazkide bezerok egindako ekarpenekin.

Alderdi korporatibotik egin dugun azken pausoetako bat izan da bazkide berri bat erakartzea Katalunian eta Balear uharteetan gure negozioak kudeatzeko. Eragiketa horrek oso egoera onean jartzen gaitu gure negozioak lurralde horietan sendotzen jarraitzeko, eta, zalantzarik gabe, pauso erabakigarria da zorra berregituratzeko prozesuan, zeina 2009an hasi genuen.

Eskuetan duzuen urteko txosten honek datu interesgarriak eta xehetasun aipagarriak biltzen ditu, eta lerro hauen bidez helarazi nahi izan dizuedana berresteko aukera emango dizue. Irakurraldi argigarria izango delakoan.

Agustín Markaide
EROSKI Taldeko Lehendakaria