AGUSTÍN MARKAIDEREN GUTUNA
Presidentea
Memoria hau aurkezten dizuegu, geure izaerarekin bat datorrelako eta beharrezkoa delako gardentasunez jokatzea gizartearen eta gure interes taldeen aurrean. Hirugarren urtea dugu txosten hau prestatzen duguna geure Global Reporting Initiative (GRI) estandar berriei jarraikiz, eta helburua da gure eragina eta hobekuntzarako ekintzak gero eta hobeto komunikatzea, geure jasangarritasun maila neurtzeko erabiltzen ditugun hiru ikuspegiak azalduta: ekonomia, gizartea eta ingurumena.
2018. urteak geure plan estrategikoaren erdialdean kokatzen gaitu, eta hiru ardatz nagusi ditu: bereizgarritasuna, osasuna eta jasangarritasuna. “Zurekin” eredu komertzialaren emaitza onei esker, sendotu egin dugu iparraldean dugun lidergoa, eta eremu horretan egin ditugu gure sarearen eraldaketarik gehienak. Horren osagarri, gainera, geure posizioa indartzen lagundu diguten denda propioak eta frankizia erakoak ireki ditugu. Hala, geure emaitza operatiboek hobetzen jarraitzen dute, eta negozioaren osasun ona berresten du horrek. Horri esker egonkortasun sendoa lortu dugu azken urteetan, eta etekinek, azken urteetan balio katean egindako eraldaketen emaitza diren horiek —hasi prozesu logistikoetatik eta hornitzaileekin ditugun harremanetatik dendaraino eta EROSKI club-en bitartez gure Bazkide Bezeroekin ditugun harremanetaraino—, bide onetik goazela erakusten dute. Hortaz, bide orriari eutsi behar diogu, komertzio hobea izan gaitezen, eta gauza izan gaitezen etengabe eboluzioan den kontsumitzailearen premiei erantzun bat emateko. Alde horretatik, orain, gure asmoen ardatzean, zera dago, gainerako merkatuetan ere egin beharreko birmoldaketak bizkortzea; besteren artean: Balearretan aurrerapen esanguratsuak egitea eta, Katalunian ere aireratuz, han ere geure lehiakortasunari bultzada ematea.
Pauso garrantzitsua eman dugu geure bezerorik onenekin, eta emaitza apartekoa izan da: Oro Programa, erosketa guztietan deskontuak eskaintzen dituen egitasmoa. Bazkide Bezeroen Klubaren ekimen bat da, eta gaitasun handiagoa eman digu haiek ezagutzeko eta harremana estutzeko, orain parte hartzaileagoa eta pertsonalizatuagoa baita, eta horretan sakontzen jarraituko dugu.
Hala berean, jarraitzen dugu gure eraldaketa digitalarekin, eta, 2018an, bigarren urtez segidan aitortu digute on line supermerkaturik onena dugula. Horrek berresten du bezeroek balorazio bikaina egiten dutela gutaz. Horretaz gain, urtearen amaieran liderrak izan gara on-line eskariak bezeroari helarazteko zerbitzuan, 50 bilgunerekin, bai autoz eta bai dendan jaso daitezkeenak.
EROSKIn uste dugu bai denda fisikoa eta bai on-line denda toki aproposak direla elikadura ona, osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena sustatzeko. Horregatik, 2018an, publiko egin ditugu osasunaren eta jasangarritasunaren aldeko gure hamar konpromiso berriak. Horiek markatzen dute gure bidea, eta hogei lan lerro baino gehiago jarri ditugu martxan, betetzeko asmoarekin. Nabarmentzekoa da, Espainian aurrendaria baita, nutrizio arloan Nutri-Score etiketa aurreratua martxan jarri izana geure markako produktuetan. Horretaz gainera, berriz merkaturatu dugu gure EROSKI Natur marka, aparteko zaporeak dituzten produktu freskoekin eta jatorri arduratsuaren bermearekin. Marka horrekin merkaturatzen diren janariek zenbait irizpide betetzen dituzte, hala nola animalien ongizatea zaintzea, arrainaren zaintza katearen ziurtagiriak izatea, antibiotikoen erabilera ardurazkoa egitea eta uzta bildu ondoren tratamendurik ez egitea.
Hurbileko elikagaiak kontsumitzearen alde ere badihardugu, eta bultzada ematen diogu nekazaritzako elikagaien sektoreari, sektore horren jasangarritasunerako oinarrizkoa baita ekoizpen ehuna gakoa izatea bai ekonomian, bai tokian tokiko kulturan eta bai ingurumenean. Kooperatiba gisa, horrek engaiatzen gaitu aniztasun horren alde egitera, kolaborazio guneak sortzera eta hornitzaile mordo batekin lan egitera. Hala, gure proposamen komertziala gero eta bereziagoa da, eta elikadura osasungarriagoa eta jasangarriagoa erraztera bideratua dago.
Ingurumenarekin dugun konpromisoari dagokionez, halaber, gure prozesuak eta dendak etengabe hobetzen ari gara. Ildo hori gure garapena estrategikoaren ardatzetako bat dela erakusten dute plastikoen kutsadura borrokatzeko gure ontzien eta bilgarrien ekodiseinuak, logistikaren kudeaketa efizienteak, denden eraikuntza eta berrikuntza ingurumen irizpideen arabera egiteak eta ekipamendu ekoefizienteak.
Ingurumen jasangarritasunaren ildotik baina hala berean gizartearekin ere konpromisoa hartuta, elikagaien arloan Zero Hondakinen helburuari eutsi diogu; horri esker, gure sare komertzialean ez da alferrik galtzen jateko moduan dagoen elikagairik. 2018an, 4.928 tona produktu eman genituen gehien behar dutenentzat Estatu osoko ehun gizarte erakunderen baino gehiagoren bitartez, betiere elikadura segurtasunaren, doakotasunaren eta elkartasunaren baldintzak bermatuta.
Hortik kanpo, Estatuko elkartasun kausa eta entitate nagusiekin kolaboratzen dugu, bai eta kausa sozial askotarikoen alde diharduten dozenaka erakunde motarekin ere. Ekintza horietako asko EROSKI Fundazioaren bitartez bideratzen ditugu, zeinak gure urteko etekinen %10 kudeatzen baitu; ehuneko hori da proiektu sozial eta solidarioetara bideratzen duguna.
Aipamen berezia merezi du fundazioaren beste ardatz nagusietako batek ere: kontsumitzaileen hezkuntzak eta formakuntzak, alegia. Formakuntzarako bokazio hori duela 40 urte abiatu genuen EROSKI CONSUMER proiektu informatiboaren bitartez; kontsumitzaileentzat dauden aldizkarietan liderra da gure hizkuntzan, eta urtean 50 bat milioi bisita jasotzen ditu webguneak. Proiektu horretatik kanpo, hor da, era berean, EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskola bere Elikadura eta Ohitura Osasungarrien Heziketa Programarekin; proiektu horren bidez, milioi bat ikasleri baino gehiagori eman zaio formakuntza 2013tik hona. Etorkizuneko herritarren elikadura ohiturak hobetzeko pentsatua dago, eta, aurreko ekintzak bezala, osasunaren eta jasangarritasunaren alde hartuak ditugun konpromisoetan sartzen dira.
EROSKI osatzen dugun pertsona guztien artean, gure proiektu kooperatiboa indartzen ari gara, eta toki bat irabazten etorkizunean. Barne indar kolektibo horri esker iraun dugu gaur arte, dagoeneko ia 50 urte, eta zalantzarik gabe horretan egongo da etorkizuneko koxka; horretan, eta gizarteak guregandik espero duen eta merezi duen horretan. Bide zuzenean goaz.
Urteko txosten hau irakurtzera animatzen zaituztet, horrela jakingo baituzue zehazki zer egin dugun 2018an, eta zein ekintza dauden 2002an Mundu Itunaren kide egin ginenean berretsi genituen konpromisoei lotuak (urtero berritzen dugun garapen jasangarriaren aldeko itun hori). Hala, hor dihardugu Nazio Batuek Garapen Jasangarriaren alde ezarri zituzten 17 Helburuak erdiesteko bidean, zeinak 2016ko urtarrilaren 1ean sartu baitziren indarrean. Espero dugu interesgarria eta burua argitzeko baliagarria izango zaizuela.
Eskerrik asko.
Agustin Markaide. EROSKI Taldeko presidentea