• Hipermerkatuetan, supermerkatuetan eta frankizia sarean egingo dute kanpaina

  • Maiatzaren 24an eta 25ean egingo dute ohiko bilketa, eta, horrekin batera, aste osoan aukera egongo da ordainlekuetan dohaintza bat egiteko nahi den kopurutan. Diru horrekin, Elikagaien Bankuek urte osoan beharko dituzten produktuak erosiko dituzte

  • EROSKI joan deneko hogeita zazpi urtean ari da FESBALekin

Aste honetan, udaberriko ohiko kanpaina egingo du EROSKIk FESBAL Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioarekin batera. Helburua da premiarik handiena duten kolektiboei lagundu nahi dieten kontsumitzaileen dohaintzak biltzea. Kanpaina hipermerkatuetan, supermerkatuetan eta frankizia sarean egingo dute, eta larunbatera arte luzatuko da.

Dohaintza bikoitza izango da: produktu fisikoen bilketa maiatzaren 24an eta 25ean, eta aste osoan dohaintza ekonomikoak, kontsumitzaileek ordainlekuetan jarri nahi duten kopuruan. Kanpaina amaitzean, ekarpen horiek Elikagaien Bankuen eskuetan geldituko dira gehien komeni zaizkien eta behar dituzten produktuak erosteko; horrela, ehunka familiaren oinarrizko elikagai premiak estaliko dituzte urte osoan. EROSKIk bezeroenaren dohaintza gehigarri bat egingo du, eta urtero xede sozialetarako ematen duen kopuruari gehituko zaio, zeinak hamar milioi euro baino gehiagokoa izaten baita.

EROSKIk konpromisoa du gizartearekin, eta konpromiso horretan garrantzi berezia dute zailtasunak dituztenek. Horregatik, aurten ere gure bezeroei eskatzen diegu elkartasuna erakuts dezatela behartsuenen alde“, azaldu du EROSKIren Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

“Eskerrak eman nahi ditugu, EROSKIk FESBALekin daraman elkarlan luzeagatik, noiz eta familia askok beren oinarrizko janari beharrak estaltzeko zailtasunak dituzten honetan. Aurtengo Udaberriko Bilketa honek bateratu egiten ditu betiko bilketa fisikoa eta dohaintza ekonomikoa, eta horrek aukera eman die Elikagaien Bankuei gero banatuko ditugun elikagaiak erosteko; hala, gurekin diharduten ongintzako erakundeen bitartez banatuko ditugu gehien behar dutenen artean“, esan du Elikagai Bankuen Espainiako Federazioko zuzendari nagusiak, Francisco Greciano jaunak.

EROSKIk eta bezeroek iaz 1.500 tona janari baino gehiago eman zituzten dihaintzan —hau da, 1.700 familia urtebetez elikatzeko sei milioi otordu baino gehiago—, eta bazterketa arriskuan den edo zailtasun ekonomikoan den jendeari emateko baliatu zituzten.

Joan deneko 27 urtean Elikagaien Bankuarekin elkarlanean

EROSKI 1996an hasi zen Elikagaien Bankuekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak eta kontsumitzaileek proposatuta, behartsuen eta bazterkeria soziala jasateko arriskuan direnen kolektiboari laguntzeko elkartasunezko egitasmoak eskatzen zizkioten-eta kooperatibari. Hala, urte horretan bertan hasi ziren elikagaien bilketa kanpainak, EROSKIko dendetan.

Gero, EROSKIk martxan jarri zuen elikagai ontziratuak emateko programa; kontsumitze-data gomendatua hurbil zeukaten produktuak ziren, baina ziurtasun osoz jateko modukoak, eta horren bidez, urtean 5.000 tona elikagai baino gehiago ematen ditu.

Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak EROSKIren lana aitortu izan du, eta Urrezko Galburuaren saria eman izan dio; hori da Federazioaren saririk handiena, eta sobran geratu diren jakiak elkartasunez banatzen dituzten elkarteei ematen die.

2023an 23 milioi euro bideratu zituzten

EROSKIk eta bezeroek 23 milioi euro bideratu zituzten iaz 300.000 pertsonari baino gehiagori laguntzeko 300 gizarte erakunderen bitartez, EROSKIren Elkartasun Planean garatutako ekimenei esker.

Elikagaien Bankuen dohaintzez gain, EROSKIk beste ekimen batzuk lantzen ditu bere Elkartasun Planean; nabarmentzekoak ‘Ez alferrik galdu’ programa, ‘Elkartasun Zentimoak’ programa iraunkorra eta nazioarteko kooperaziorako aldian behingo kanpainak.

Compartir en: