• Bilketa Handiaren ekitaldi honetan ere bezeroek jakiak eman eta diru ekarpenak egin dituzte azaroaren 24tik abenduaren 3ra bitartean

  • Bildutakoari esker, Elikagaien Bankuek produktuak erosi ahalko dituzte urte osoan ehunka familia elikatzeko

  • EROSKIk 25 urte baino gehiago daramatza Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioarekin (FESBAL) elkarlanean

EROSKIk eta haren bezeroek 1.000 tona jaki baino gehiago eman dizkiote Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioari (FESBAL). Bilketa Handia kanpaina solidarioari esker lortu dute hori, eta aurten azaroaren 24tik abenduaren 3ra bitartean egin dute, EROSKIren sare komertzialeko 1.000 saltoki baino gehiagotan. Horrek esan nahi du 4,1 milioi jatordu lortu dituela 1.140 familia urte osoan elikatzeko.

Besteetan bezala, bi modutan egin ahal izan da dohaintza: produktu fisikoak emanda azaroaren 24an eta 25ean, eta kanpaina osoan ekarpen ekonomikoak eginez ordainlekutik pasatzean, kontsumitzaile bakoitzak nahi zuen kopurua. Ekarpen horiek Elikagaien Bankuen esku geldituko dira, haiek modua izan dezaten familia zaurgarriek urte osoan izango dituzten elikadurako beharrizan oinarrizkoak betetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten produktuak erosteko.  Aurreko kanpainetan bezalaxe, EROSKIk ekarpen gehigarri bat egin dio kanpainan bildutakoari, eta urtero xede sozialetarako ematen duen kopuruari gehituko zaio: 10 milioi euro baino gehiagokoa izaten da kopuru hori.

“Beste urtebetez, eskerrak eman nahi dizkiegu gure bezeroei erakutsitako eskuzabaltasunagatik eta behartsuenei adierazitako babesagatik. EROSKIk konpromisoa du gizartearekin, eta konpromiso horretan garrantzi berezia du jakiak eskuratzeko zailtasunak dituztenen aldeko elkartasunak. Horregatik, EROSKIk bere babesa eman nahi dio beste urtebetez Elikagaien Bankuek egiten duten lanari. Horretarako, ekarpen gehigarri bat egin dio bezeroek egindako guztizkoari”, baieztatu du EROSKIko Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendari Alejandro Martinez Berriochoak.

“Berriz ere eskerrak eman nahi ditugu EROSKIk eta FESBALek egiten duten lankidetzagatik, noiz eta familia askok zailtasunak dituzten honetan beren oinarrizko elikadura beharrak asetzeko. Kanpaina honi esker, gure lanarekin aurrera jarraitu ahal izango dugu, eta urte osoan behartsuenei produktuak banatu ahal izango dizkiegu elkarlanean jarduten dugun ongintza elkarteen bidez”, azaldu du Espainiako Elikagaien Bankuen Federazioko zuzendari Francisco Grecianok.

 

25 urte baino gehiago Elikagaien Bankuekin elkarlanean

EROSKI 1996an hasi zen Elikagaien Bankuekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak eta kontsumitzaileek proposatuta, behartsuen eta bazterkeria soziala jasateko arriskuan direnen kolektiboari laguntzeko elkartasunezko egitasmoak eskatzen zizkioten-eta kooperatibari. Hala, urte horretan bertan hasi ziren Kilo Operazioa kanpainak, EROSKIko dendetan elikagaiak biltzeko helburuz.

Geroago, EROSKIk beste programa bat hasi zuen iraungitze-data edo kontsumo-data gomendatua hurbil duten baina kontsumitzeko moduan dauden produktuak dohaintzan emateko. Janaria alferrik ez galtzeko eguneroko programa horren bidez, urtero 3.600 tona janari eta oinarrizko produktu baino gehiago ematen dizkie Elikagaien Bankuei eta irabazi asmorik gabeko beste elkarte batzuei.

Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak EROSKIren lana aitortu izan du, eta Urrezko Galburuaren saria eman izan dio; hori da Federazioaren saririk handiena, eta sobran geratu diren jakiak elkartasunez banatzen dituzten elkarteei ematen die.

Compartir en: