• Kamioia lau bateria elektrikorekin dabil, ez du eragiten CO₂ isuririk eta 200 kilometroko autonomia du osorik kargatuta dagoenean

  • Banaketa kate batek Nafarroan darabilen lehena da, eta kalkuluen arabera, 27,6 tona CO₂ isurtzeari utziko zaio, hau da, Iruñerriko isuri guztien %4,7 murriztuko dira

  • Aurkezpen ekitaldia gaur izan da, Iruñeko Antoniutti parkean, eta bertan izan dira Udaleko ordezkariak eta EROSKIkoak

  • EROSKIk %40 murriztu du bere karbono aztarna 2017. urteaz geroztik: 88.000 autok 10.000 kilometro egitean isurtzen dutena da hori

 

EROSKIk beste pauso bat eman du 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko bidean, eta banaketarako lehenbiziko kamioi %100 elektrikoa erabiltzeari ekingo dio Nafarroako hiriburuan. Mugarri horrekin, EROSKIk ikertu egingo du mugikortasun iraunkorrak eskaintzen dituen aukeren bideragarritasuna.

Aurkezpen ekitaldia Antoniutti parkean izan da, eta hainbat ordezkarik parte hartu dute: Fermin Alonso, Iruñeko Udaleko Mugikortasuna eta Jasangarritasun zinegotzia; Alejandro Martinez Berriochoa, EROSKIren Osasun eta Iraunkortasun zuzendaria; Juan Luis Aranbarri, EROSKIren Garraio zuzendaria; Cristina Lorenzo Gallego, EROSKIren Garraio eta Banaketa arduraduna; eta Jose Rafel Garcia, Grupo Fuentes operadore logistikoaren ordezkaria, zeinak Castejonen duen egoitza (Nafarroa) eta EROSKIrekin lankidetzan arituko den proiektu honetan.

Volvo FE Electric modeloa da kamioia, eta 2 motor elektrikorekin dabil; ondorioz, ez du CO₂ isuririk eragiten. Guztira 300 Cv-ko potentzia du, lau bateriak elikatzen dute, eta 200 kilometroko autonomia ematen diote. Goizaldean ekiten dio ibilbideari, eta Iruñeko denda hauetan deskargatzen ditu salgaiak: Iturrama, Yamaguchi, Uxueko Ama Birjina eta Zaragoza etorbidea.

Eguneroko bide horretan, kamioiak 74 kilometro egiten ditu Iruñeko hiriburuan. Imarkoainen dagoen bidalketa plataforman kargatuko du bateria, gune bat egokitu baitute horretarako, eta energia berdea baino ez dute erabiliko horretarako; era horretan, ez da isuririk eragingo kate guztian. Plataforma hori batez beste 20 kilometrora dago Iruñean banaketa egingo zaien bost supermerkatuetatik.

Banaketarako kamioi erabat elektriko eta isil honek nabarmen laguntzen du gure isuri logistikoak murrizteko konpromisoan aurrera egiten.  Kalkuluen arabera, urtean 27,6 tona CO₂ isurtzeari utziko zaio, hau da, Iruñerrian guztira isurtzen denaren %4,7 inguru murriztuko da. Lantzen ari garen ildoetako bat da energia ekoefizientea darabilten kamioiak gureganatzea eta gaur aurkeztu dugun proiektua beste hiru euskal hiriburuetara zabaltzea“, azaldu du Juan Luis Aranbarrik, EROSKIren Garraioa zuzendariak.

Fermin Alonsok, bestalde, Iruñeko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak, zera oroitarazi du: “Iruñean garraioak eragiten ditu berotegi efektuko gas isurien erdiak baino gehiago, eta EROSKIren proiektua bete-betean sartzen da trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren Go Green Iruñea estrategian, eta zehazki hiriko parke mugikorra elektrifikatzeko ildoan; 2021ean jarri zen abian estrategia hori, eta egun kargaleku gehien duen bosgarren hiriburua da gurea Espainiako Estatuan“.

Aurrera doa karbono neutraltasuna lortzeko bidean

EROSKIk Lean & Green-en lehenengo izarra eskuratu zuen joan den urtean azken lau urteetan CO2 isuriak %20 jaisteko helburua erdietsita bai logistika prozesuetan eta bai garraioan. Eta kamioi elektrikoak lagundu egingo du 2023rako ezarrita zegoen helburua betetzen: isuriak %30 murriztea 2015ekoekin alderatuta.

EROSKIk %39 baino gehiago murriztu du karbono aztarna 2017an geroztik, eta horrekin 165.980 tona CO2 baliokide isurtzeari utzi zaio, hau da, gutxi gorabehera 88.000 autok baino gehiagok 10.000 kilometro eginda sortzen dituzten isuriak dira horiek“, nabarmendu gu Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKIren Osasun eta Iraunkortasun zuzendariak. “Joan den uztailean publiko egin genuen 2050ean enpresa neutro izan nahi dugula berotegi efektuko gas isurietan, eta hau mugarri garrantzitsua da bide-orri horretan. Pauso aipagarria, gure sektorean zeresan handia duen eremu batean gainera: logistikan”, erantsi du.

Espainiako Estatuan elikagaien banaketan diharduten enpresen artean, EROSKI izan da lehena karbono neutraltasunaren helburua ezarri duena, eta erronka horri jarraituz, bat egin du Marketin Jardunbideetarako eta Elikagaien Negoziorako Jokabide Arduratsuen Kodearekin, zeina Europako Batasunak sustatu duen.

 

Ingurumenaren gaineko eragina murrizteko ekimenak

EROSKIk konpromiso sendoa du ingurumena errespetatzeko, eta ildo horretan hainbat ekintza egiten ditu produktuak hobetzeko eta baita prozesuak eta kontsumitzaileen eta langileen sentsibilizazioa ere. Horrela, 2021ean EROSKIk produktu ekologiko berriak merkaturatu ditu, eta orain 1.600 erreferentzia baino gehiago ditu; animalien ongizatearen zigilua ezarri die bere haragi zuri guztiei; jarraitu egin du plastikoa murrizten eta hobetu egin du ontzien birziklagarritasuna; 120 erreferentzia baino gehiago ditu ekodiseinuaren bidez landuak; eta sentsibilizatzeko ekimenetan parte hartu du, besteak beste WWF erakundearen Planetaren Ordua izenekoan.

Horretaz gainera, urte amaieran, EROSKIk energia aldetik bere sare komertzial guztiko supermerkaturik iraunkorrena dena inauguratu zuen, Lakuan, Gasteizen. Proiektu berritzailea da, batik bat hiru lan eremu izan dituena: azpiegitura, prozesuak eta baliabideak.

Compartir en: