• Frankizia erako EROSKI/City supermerkatua da, eta bihar irekiko ditu ateak jendaurrean, Basaurin

  • Berrikuntza sozialaren arloko ekimen honen asmoa da enplegua sortzeko aukera berriak zabaltzea lan merkatura sartzeko zailtasunak bereziak dituztenentzat

 

EROSKI eta Lanerako elkarrekin ari dira ekonomia sozialaren arloko proiektu batean, eta supermerkatu bat zabalduko dute gizarte bazterketa jasateko arriskuan direnek kudeatua. Berrikuntza sozialaren arloko proiektua izanik, ekimenaren asmoa da enplegua sorrarazteko aukera berriak bilatzea lan merkatura sartzeko zailtasunak dituztenentzat, bai eta beste jarduera sektore batzuetako beharrak detektatzea ere, enplegu aukera bihur daitezen.

“Proiektu honekin, aurrerapausoak eman ditugu enplegu sozialaren arloan ditugun konpromisoetan. Frankizia erako gure denda ereduaren lehiakortasuna irekita dago ekintzaileentzat, kooperatibentzat eta ekonomia sozialeko enpresentzat, eta helburu du gure inguruko enplegu sozialaren dibertsifikazioan aurrerapausoak ematea”, esan du EROSKIko Supermerkatuen eta Prozesuen arloko zuzendariak, Alberto Madariagak.

‘Lanerako’ laneratzen laguntzeko enpresak lan munduan sartzeko ibilbide pertsonalizatuak lantzen ditu lan merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituztenentzat, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin. “EROSKIrekin dugun lankidetza-proiektu honen xedea da kualifikazio profesionaleko aukerak sorraraztea supermerkatuen sektorean, eta, behin kualifikazio profesionala eta esperientzia lortzean, sektorean modu egonkorrean sartzea. Enplegua sortzeko aukera zabalak ematen dituen sektorea da; horregatik, baloratu dugu EROSKIrekin indartzea laneratzeko proiektu hau“, adierazi du Lanerako sozietatearen Proiektuen arloko zuzendariak, Ernesto Callejok.

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak, berriz, Nerea Melgosak honela esan du: “Gaur, aurrerapausoa eman dugu gizarte bidezkoago, inklusiboago eta solidarioago bat sortzeko konpromiso kolektiboan. EROSKIren supermerkatu berri hau zabalduta, proiektu aitzindaria aktibatu dugu. Izan ere, gizarte bazterketa jasateko arriskuan direnek kudeatuko dute osorik supermerkatu hau, eta hori egiazko pauso bat da pertsonak erdigunean jartzen dituen ekonomia baterantz egiteko. Orain arte lan merkatura sartzeko zailtasunak izan dituztenak dira, zeinak, nahiz eta talentua, gogoak eta konpromisoa izan, ez baitute eskuratzerik izan, baina, gaur, erakutsi dute gizarteratzea posible dela eta, ez hori bakarrik, baita aukera bat dela ere guztientzat“.

Sei lagun enplegatuko ditu

Bizkaian dago Frankizia erako supermerkatu berria, Basauriko Ramon y Kareaga kaleko 1. eta 2. zenbakien artean. EROSKI/City izenekoa da, eta, bezeroarenganako arreta pertsonalagoa eman ez ezik, apustu indartsua egingo du tokian tokiko produktuen eta sasoiko elikagai freskoen alde; horretaz gainera, elikagai osasungarriak sustatuko ditu, eta dirua aurrezteko modu berriak eskainiko ditu eguneroko erosketetan. Sei langile ditu saltokiak.

Denda berriak produktu sorta zabala eskainiko du, ekoizle liderren markakoa, marka propiokoa eta tokiko ekoizleena, eta 280 metro koadro baino gehiagoko salmenta aretoa du. Horretaz gainera, elikagai freskoen eskaintza zabala edukiko du; bereziki, sasoian sasoiko eta tokian tokiko frutena eta barazkiena, eta garrantzia hartuko dute erreferentzia osasungarriek, produktu ekologikoen sorta zabala izango baitu. Era berean, saltokiak ogi eta opil egin berriak izango ditu, bezeroei freskotasunik handiena bermatzeko.

 Inaugurazio ekitaldi ofiziala arratsalde honetan

Nahiz eta supermerkatu berriak ateak bihar irekiko dituen jendaurrean (ostegunarekin), 09:00etan, EROSKIko langileek eta senideek arratsalde honetan inauguratuko dute, 18:30ean. Lagun izango dituzte Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosa, Basauriko alkate Asier Iragorri Basaguren, Basauriko hirugarren alkateorde eta enplegu arloko zinegotzi Isabel Cadaval Perez; EROSKIko Supermerkatuen eta Prozesuen arloko zuzendari Alberto Madariaga eta EROSKIko ordezkariak. Saltokia irekita egongo da astelehenetik larunbatera 09:00etatik 21:00etara eta igandetan 09:00-14:00etara.

Compartir en: