• Jarritako helburua gainditu du, ia %33 jaitsi baititu, eta gainera, agindutako epea baino urtebete lehenago

  • 36.000 tona CO2 baino gehiago igortzea eragotzi du hala

  • Europako Lean & Green plataformaren helburua da konpainia liderren sare bat eratzea iraunkortasun logistikoaren alorrean, aurrezpen gaitasuna handitzeko eta bere CO₂ emisioak gutxitzeko

Fabrikatzaileen eta Banatzaileen Elkarteak bigarren Lean & Green izarra eman dio EROSKIri, 2021eko ekitaldian logistika eta garraio prozesuetan CO2 emisioak %30 baino gehiago jaisteko helburua lortzeagatik, ekimenak dakarrena baino urtebete lehenago. Zehazki, EROSKIk %32,41 jaitsi ditu emisioak oinarriko urtea den 2015etik hona.

Alde horretatik, etengabeko hobekuntza prozesu logistiko bati heldu dio banaketa taldeak ingurumen arloko inpaktuak gutxitzeko xedez. Prozesu horrek lau ekintza eremu handi ditu: ibilgailuak gehiago betetzea eta kilometro gutxiago egitea; flota gutxiago kutsatzen duten ibilgailuekin berritzea; iraunkorragoak diren plataforma logistiko berriak jartzea; eta daudenetan energia eraginkortasuna hobetzea.

“Lehenengo Lean & Green izarra lortu genuenetik, bi urtean bakarrik, gure prozesu logistikoen CO2 emisioak %33 ere jaistea lortu dugu. Horrek esan nahi du 36.000 tona CO2 baino gehiago saihestu direla”, azaldu du EROSKIren Berrikuntza, IKT eta Logistika arloko zuzendariak, Enrique Monzonisek.

2018an, EROSKIk Lean & Green proiektuaren saria irabazi zuen; horren bidez, ziurtagiria lortu zuen bere ekintza planerako, hau da, 2015eko emisioekin alderatuta emisioen ehunekoa gutxitzeko. 2020aren amaieran eman zioten lehenengo Lean & Green izarra, logistika eta garraio prozesuetan CO2 emisioak %20 jaisteko helburua gainditzeagatik. Izan ere, %25 jaistea lortu zuen 2019ko ekitaldian, jarritako epea baino urtebete lehenago.

 

“Ekintza programa betea garatzen ari gara, eraginkortasunean eta iraunkortasunean oinarritua. Programa horretan, zeregin funtsezkoa jokatzen du gure prozesu logistikoen eraginkortasunak eta plataformen konfigurazioak. Alde batera, garraio aldetik, berrikuntza garrantzitsua egin dugu flotan, gutxiago kutsatzen duten ibilgailu alternatiboen alde apustu egin baitugu (megakamioiak, ibilgailu elektrikoak, Euro VI…), eta horrekin batera, eraginkortasuna hobetu dugu, hornitzaileekin kolaboratuta, betetzeak handituta eta hutsean egindako kilometroak gutxituta. Eta, beste alde batera, energia aldetik iraunkorragoak diren eraikuntza eta ekipoen alde egin dugu, hala nola LED argiztapena, instalazio fotoboltaikoak, jende detektagailuak, tenperaturen robotak, kutsatzen ez duten hozte gasak eta plataformen eraginkortasun energetikoa hobetzeko argi naturalaren aprobetxamendua. Horretaz gainera, hondakinak kudeatzeko orduan, ekonomia zirkularraren printzipioak darabiltzagu”, esan du Enrique Monzonisek.

Lean & Green ekimena ezin hobe egokitzen da EROSKIk duen konpromisoarekin; izan ere, 2050erako, berotegi efektuko gasen emisioetan enpresa neutroa izateko asmoa du. “Bigarren Lean & Green izarra mugarri garrantzitsua da gure errepide orrian, eta helmuga da karbono aldetik neutroak izatera iristea. Pauso aipagarria, gure sektorean zeresan handia duen eremu batean gainera, logistikarenean”, erantsi du Monzonisek.

EROSKIk, kontsumoaren sektoreko beste 15 enpresarekin batera, Lean & Greenen lidergoa du, Europako lankidetza plataformarik handienarena, dagoeneko ea 100 enpresa atxikiak dituena eta bereziki bideratua hornidura kateari loturiko emisioak gutxitzeko. Nazioarteko eta sektore arteko ekimen bat da, helburu duena enpresei laguntzea berotegi efektuko gasak gutxitzen; horrekin batera, asmoa da helburu zenbakarri bat iristen laguntzea eta beste enpresa batzuekin maila nazionalean bezala Europa mailan lankidetzan aritzea, baita jardunbide onak partekatzea ere, eta iraunkortasunaren erreferente izatea, segimendu sistema garden eta jarraitzeko moduko baten bidez.

Parisko Hitzarmenean zehazturiko helburuekin lerrokatuta dago ekimena, 2050erako karbono emisio neutroak lortzeko. Lean & Green programaren egiturak bost maila ditu, karbono emisioak gutxitzeko helburu zenbakarriekin. Maila bakoitzeko helburuak lortu ondoren, enpresak saritzen dira izarrekin.

Compartir en: