• Kostuak handitu egin direnez eta inflazioak prezioetan dituen ondorioei eusteko marjinak murrizteko ahalegina egin duenez, horrek etekin operatiboa mugatu du, eta %11 jaitsi da joan den urteko lehen seihilekoarekin alderatuta

  • Taldearen salmentak 2.633 milioi eurora iritsi dira

EROSKI taldeak lehen seihilekoko kontuak itxi ditu 2022ko uztailaren 31n, eta 46,8 milioi euroko emaitza positiboa izan du. Neurri handian finantza kostuak murriztu izanak bultzatu du etekina, zorraren kopurua txikiagoa izan baita eta ezohiko inpaktuak apalagoak.

Guztira, 2.633 milioi euroko negozio zifra erdietsi du taldeak ekitaldiko lehen seihilekoan. Hala, 10 puntutik gorako inflazio testuinguru honetan, 4 puntu handitu dira salmentak. Horren azpian, alde batetik, taldeak lehen seihilekoan egindako sustapen ahalegina dago, hau da, gaur egungo inflazio egoera dela-eta kontsumitzaileei aurrezpena helarazteko ahalegina. Beste alde batetik, berriz, familien joeraren ondorioa dago, erosketa merkeagoak egiten ahalegintzen baitira.

Ildo horretan, EROSKIk, prezioen gorakada geldiarazi duenez eta aldi berean sustapen jarduera handitu duenez —dela deskontuen bidez eta dela eskaintzen bidez—, 183,6 milioiren aurrezpena helarazi die familiei urtearen lehen erdian. Ahalegin horrekin batera, gastuak handitu zaizkio, hala nola elektrizitatea, garraioa eta alokairua, eta, ondorioz, %11 jaitsi da etekin operatibo korrontea, eta horrek 94,3 milioi euro eman ditu 2022ko lehen seihilekoan.

Marjinak apaltzen

“EROSKIn ahalegin handia egiten ari gara prezioen inflazioaren ondorioei eusteko. Alde horretatik, gure marjinak apaltzen ari gara, kontsumitzaileak ez dezan jasan gure kostuen igoera. Familien aurrezpenetan inflazioaren ondorioak txikitzen saiatzen ari gara, hilabeteak baitaramatzate aurrekontua egokitzen eta, are, erosketa hobespenak eta kontsumo ohiturak aldatzen”, azaldu du EROSKIko CEOak, Rosa Carabelek.

“Elikadura arloko negozio marjinak asko apaldu dira, zeren eta, gastu operatiboetan dugun presioaz gain, ekoizleek tarifetan helarazten dizkigute beren ustiategietako kostuetan izan dituzten igoerak. Aldi berean, aurrezpen programa sendo bat jarri dugu martxan, egoera arinagoa izaten lagundu dezan. Nola eta salmenta prezioekin, muturreko sustapenekin eta fidelizazio klubarekin jokatuta”, azaldu du Rosa Carabelek. Era berean, EROSKIko CEOak azaldu du tokiko ekoizleetan jarri duela fokua taldeak, haiei laguntza eta babesa eskaintzeko, haiek gehiago jo baititu gaurko koiuntura ekonomiko honek. “EROSKIn, ohartuak gaude nolako zailtasunak ari garen jasaten elikadurako katebegi guztietan eta familietan. Lehen unetik, gure helburua izan da egoera ahalik eta ondoena kudeatzea, ahal den guztia kolaboratuz eta arduraz jokatuz”, esan du Carabelek.

Urtearen lehen partean, EROSKI taldeak 39,5 milioi euro inbertitu ditu, batez ere 60 supermerkatu birmoldatzeko eta 37 denda berri irekitzeko (7 supermerkatu propio eta 30 saltoki frankizia eran). Denda horiek 355 lanpostu sorrarazi dituzte.

Era berean, taldeak, bere finantza konpromisoak betez, zorraren 16 milioi euro amortizatu ditu ekitaldi honetako lehen seihilekoan.

EROSKI Taldea

Kooperatiba izaerako Espainiako lehen banaketa taldea da EROSKI, eta liderretako bat Espainia iparraldeko merkatuan (Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Katalunian eta Balearretan), %12tik gorako kuotarekin horko merkatuan. 1.646 saltokiko sare komertziala du. Saltoki motari dagokionez, baditu supermerkatuak, hipermerkatuak eta cash & carry-ak eta bere online supermerkatua; eta, horretaz gain, gasolindegiak, bidaia bulegoak eta kirol ekipamendurako dendak. Era berean, sei milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, eta 33.000 bazkide kooperatibista, langile eta frankizia-hartzaile baino gehiago.

Compartir en: