EROSKI-k 109 milioi euroko emaitza positiboarekin amaitu du 2023ko ekitaldia
Ekitaldian "lanean bikain jardun" izana nabarmendu du Taldeko CEOak
Ebitda-k 331 milioi euroak gainditu ditu, prozesu guztietan eraginkortasun neurriak aplikatu direlako
Salmenta gordinak 5.729 milioi eurokoak izan dira
EROSKIk marjina gordina txikitzen jarraitu du, kostuen igoerak prezioei hainbeste ez erasateagatik
2023an, EROSKIk 500 milioi euroko bonu jaulkipen bat osatu zuen, eta sindikatutako zor guztia aurretiaz amortizatu
EROSKI S. Coop. kooperatiba nagusiak 79 milioi euroko etekinekin itxi zuen ekitaldia
EROSKI Taldeak 109 milioi euroko emaitza positiboarekin amaitu du 2023ko ekitaldia, kontuak 2024ko urtarrilaren 31n itxita; salmenta gordinen % 1,89 da hori. 259 milioi euroraino igo zaizkio etekin operatiboak; beraz, 2022aren aldean, %26,9ko igoera izan du.
Jardueraren bolumena ere handitu egin zaio, 5.729 milioi euroko salmenta gordinak izan baititu (%6,3tik gorakoak aurreko ekitaldiaren aldean), nahiz eta marjina gordinaren ehunekoa gutxitu egin duen oraingoan ere —aurreko ekitaldian hasi zen kostuen igoera salmentako prezioei ez erasateko helburuarekin—. Hala, ehunekoetan 1,2 puntu apaldu da guztira 2022-2023ko aldian. Ahalegin horren ondorioz, dagoen eskualde guztietan hobetu du nabarmen elikagaien banaketaren jarduera.
Hori nolako testuingurutan gertatu den azaldu du taldeko CEOak, Rosa Carabelek: “Kostuek gogor handitzen jarraitu dute, bai saldutako produktuenak eta bai jarduera garatzeko beharrezkoak diren zuzeneko zerbitzuenak; hori ikusirik, kudeaketan eraginkor jardun gara, eta aurrerabide esanguratsuak ez ezik lan bikaina egin dugu inflazio aldi honetan; esan daiteke aplikatu ditugun estrategiek erantzuna eman dietela gaur egungo erronka ekonomikoei. Horretarako, funtsezkoa izan da eginahala eraginkortasunean jartzea. Horri esker, sendotasunez kontrolatu eta hobetu ditugu gastuak, baita gure plataformen produktibitatea eta efizientzia ere, eta horniketa kate osoarena. Optimizazio horrek indartu egin du EROSKIren posizioa bai prezio aldetik eta bai erakargarritasun komertzialaren aldetik”.
Horren guztiaren ondorioz, %18 inguru hobetu zen ebitda, 331 milioi euroetaraino; salmenta gordinen gaineko ratioa, berriz, %5,77koa izan zen, aurreko ekitaldikoa baino lau hamarren gorago.
Finantza egitura berria
2023ko hirugarren hiruhilekoan, EROSKI taldeak epemugara heldu aurretik amortizatu zituen 703 milioi euro, 2019an hitzarmena izenpetuz geroztik indarrean zen zor sindikatu guztiari zegokiona, eta bere finantza egitura birdefinitu zuen, arrakastaz itxi baitzuen 500 milioi euroko zenbateko nominaleko bonu jaulkipen bat, zeina esklusiboki inbertitzaile instituzionaletan kokatu den. Jaulkipen hori osatu egin da EROSKIri laguntzen jarraitu duten hainbat finantza erakundek egindako ekarpenekin. Prozesu horrek errepikariak ez diren gastu jakin batzuk ekarri zituen, ekitaldiko finantza gastuen igoera hein handian azaltzen dutenak.
Inflazioa arintzeko jarduketak: 384 milioi euroko aurrezkia transferituta
2023an ere ez da inflaziorik eten ez janaritan eta ez ustiapen kostu zuzenetan. EROSKI beste urte batez saiatu da ahal zuen neurrian salmenta prezioetan ez erasaten haren eragina, eta merkatuari 384 milioi euroko aurrezkia transferitu dio askotariko ekimen komertzial, eskaintza eta deskontu pertsonalizatu eta esklusiboen bidez. Horretarako, bere fidelizazio klubak ez ezik familiei loturiko aurrezpen eta etekin planak baliatu ditu. Testuinguru ekonomiko horretan, EROSKIk erakutsi du beste behin erantzukizun eta konpromiso maila handia duela kontsumitzaileekin.
Hazkuntza, berrikuntza eta elkartasuna
EROSKIk jarraitu zuen bere sare komertziala handitzen 2023an: beste 74 supermerkatu propio nahiz frankiziatu berri ireki zituen eta gasolindegi bat; eta bere presentzia handitu zuen eskualde hauetan: Andaluzia, Aragoi, Balearrak, Katalunia, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Valentzia, Extremadura, Galizia, Madril eta EAE. Era berean, jarraitu zuen bere sare komertziala berritzen eta egokitzen, eta eraldatu egin zituen zortzi hipermerkatu, 62 supermerkatu propio, sei supermerkatu frankiziatu eta bederatzi optika.
Horretaz gainera, taldeak 15 milioi euro bideratu zituen berrikuntzaren eta garapenaren alorreko proiektuetara. Iazko ekitaldian, EROSKIk berrikuntzaren alorreko 31 ekimenetan parte hartu zuen; horietatik hamar Europako zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta start-up enpresekin egindako lankidetza proiektuak izan ziren.
EROSKI taldeak 2023an gizarteari egindako ekarpenei dagokienez, 23 milioi eurokoak izan ziren, kontsumitzaile bazkideen eginahalagatik eta instituzioen eta administrazioen elkartasun txartelaren bitartez egindako kolaborazioengatik eta EROSKIk eta EROSKI Fundazioak emandakoagatik, bi euro eman baitzituzten bezeroek emandako euro bakoitzarekin batera. Funts horiek elkartasuneko eta gizarte ekintzako proiektuetarako bideratu zituen, hala nola beharrean diren familiei eta kolektiboei laguntzeko, kontsumitzaileei formazioa eta informazioa emateko, eta kultura, aisia eta ingurunea indartzeko.
Kooperatibak 79 milioi euroko etekina izan du
EROSKI S. COOP. kooperatiba matrizearen jarduera bolumena %16,66 igo zen 1.969,7 milioi euroetaraino; zeinak 79 milioi euroko emaitza positiboa aurkeztu baitzuen —aurreko ekitaldiko garai berean 32 milioikoa izan zen—.
EROSKIk 595 pertsona erantsi zituen 2023an bazkide kooperatibisten multzora. Kontseilu Errektoreak etekin ia guztia kooperatibaren funtsak indartzera bideratzea proposatuko du datorren Batzar Nagusian.
EROSKI taldeari buruz
EROSKI Espainiako lehen banaketa talde kooperatiboa da, eta liderretako bat Espainia iparraldeko merkatuan —Galiziatik Balearretara—, %12,8ko merkatu kuotarekin; eta liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Galizian; lidergoan da halaber Balearretan ere. 2023aren amaieran, 1.533 saltoki zituen bere sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatuak, baita gasolindegiak, kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere. Halaber, 6,4 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, 27.400 Bazkide Kooperatibista eta Langile Bazkide baino gehiago, horietatik 9.000 sozietatearen jabe ere badirenak; eta 620 denda frankiziatuetako langileen kolektiboa gehitu behar zaio horri.
Compartir en: