Hitzarmen bat egin dugu Sabeko Banaketarekin, Simply izeneko hamar supermerkatu erosteko Bizkaian. Honako udalerri hauetan daude saltokiak: bat Basaurin, bost Bilbon, bat Erandion, bat Galdakaon, bat Getxon eta beste bat Santurtzin; gutxi gorabehera, 8.500 metro koadroko azalera komertziala hartzen dute denak batuta.

Operazio horrekin, pauso handi bat eman dugu erreferentziazko operadoreak garen eskualdeetan gure presentzia indartzeko, eta postu onetan gara; esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak baimendu egin du hasierako fasean operazioa. Gaur egun, dendak izenez aldatzeko egutegi bat prestatzen ari gara, aintzat harturik COVID-19aren krisiak eragin duen gaur egungo ezohiko egoera. Supermerkatuak eskualdatzen ditugunean, gure asmoa da dendak berritzea eta Zurekin eredura egokitzea; hala, elikadura osasungarria eta iraunkorra sustatuko ditugu, ardatza tokian tokiko produktuetan eta sasoian sasoiko freskoetan ipinita eta arreta pertsonalagoa emanda.

“Operazio horrekin, pauso handi bat eman dugu erreferentziazko operadoreak garen eskualdeetan gure presentzia indartzeko, eta postu onetan gara”.

Gure asmoa da operazioan sartzen diren saltokietako lanpostu guztiei eustea, lehengo lan baldintza beretan. Ia 300 profesional batuko dira EROSKIren langile taldera.

Hamar supermerkatu horiek lagunduko digute aurten betetzen 75 denda berri (propio nahiz frankizia erakoak) irekitzeko helburua.

Hiru hilabete bete ditu COVID-19 gaitzak sorrarazi duen osasun krisiak. Errealitate berrira egokitzeko, kontsumitzaileek aldatu egin dituzte beren ohiturak, bai erosteko moduaren aldetik eta bai saskian sartzen dutenaren aldetik. EROSKI erne dago horri, eta, gure EROSKI 3C bezero plataformaren bitartez, aurrea hartu ahal dugu astero jakinez xehetasunik handienarekin zer gertatzen ari den eta testuinguruak nolako aukerak ematen dituen.

Hiru hilabeteei begiratuta, ikusten da etxeko konfinamenduak eta ostalaritza ixteak salmenten ia %20 igo dutela 2019arekin alderatuta. Pandemia honek kontsumitzailearen portaera aldarazi du, erosketa handiagoak egin baititu, gastua %46 pasa igota; izan ere, dendara azaltzeko maiztasuna %16 apaldu du.

On line bezeroen kanala %178 igo da, eta 3,4 aldiz gehiago erosi dute fisikoki baino”.

Hipermerkatuek eta supermerkatuek %20 inguruko igoerak izan dituzte, eta on line kanalak, berriz, ia %90 hamar goratu ditu salmentak eta %178 bezero kopurua aurreko urtearekin alderatuta. Demografiari begiratuta, 65 urtetik gorakoen taldea igo da batez ere, %6 zirenak %12 baitira orain kanal horretan. On line 3,4 aldiz gehiago erosi dute fisikoki baino. Bezero motari begiratuta, 65 urtetik gorakoetan ikusten da alderik handiena on line dendaren eta denda fisikoaren artean, laukoiztu ere egin baitute on line erosten dutena.

“Erne gaude kontsumitzailearen eboluzio horri, eta, bezeroa ezagutzeko dugun EROSKI 3C plataformaren bitartez, aurrea hartu ahal dugu astero jakinez xehetasunik handienarekin zer gertatzen ari den eta testuinguruak nolako aukerak ematen dituen”.

Honako kategoria hauetan igo dira batez ere salmentak COVIDaren hiru hilabete honetan: gozogintza, ilerako tinduak, irinak eta esku-xaboiak. Horien segidan datoz espeziak, intsektizidak, almibarrak, patata frijituak eta zizka-mizkak, graduazio handiko edariak, esne bereziak, arraina eta itsaski izoztuak, infusioak, izozkiak eta lixiba produktuak. Guztiak ere %210etik gora igo dira 2019arekin alderatuta.

Ari gara hurreratzen osasun krisi bolada hain gogor honetatik irteteko azken faseetara. Hiru hilabete pasa honetan, arrastoa laga duten bizipenak izan ditugu bai modu pertsonalean eta bai modu profesionalean.

Elikaduraren sektorean gabiltzanok funtsezko zeregina izan dugu gizartean oinarrizko ondasunen hornitzaileak izan garelako sekula ikusi gabeko osasun krisi honetan. Orain, kanpotik begiratzen hasteko modua dugun honetan, esan dezakegu zegokiguna egin dugula eta gauza izan garela hornigaiak bermatzeko etenik jasan gabe eta bai gure lantaldeen eta bai gure bezeroen segurtasun baldintzak betez

Segurtasun materialez hornitu, berregokitu eta indartu egin ditugu gure saltokiak eta plataformak eta eskari kolpeei erantzun diegu, bai gure denda fisikoetan eta bai on line kanaletan, funtsezkoak ez ziren proiektuak behin-behinean albo batera utzita. Hala, bezeroarengan jarri dugu arreta osoa, eta hori balio kate osoari esker gertatu da, zuei guztioi esker. Etapa berri bati ekin diogu orain, ‘normaltasun berria’ esaten diogunari, alegia, eta bezeroengandik inoiz baino hurbilago sentituz helduko diogu. Horretarako, dugun onena emango dugu, bolada honetan hartu dugun eskarmentuaz baliatuko gara eta gure enpresaren izaeran dauden balioak azalaraziko ditugu EROSKI Zurekin denda ereduaren bidez. Datozen pausoak emateko, gidaritzat hartuko ditugu indarra, handinahia, elkarlana, elkartasuna, eraginkortasuna eta bezeroarentzako zerbitzua. Dagoeneko hasi gara bide hori ibiltzen eta espero dugu orain azalduko dizkizuegun proiektuetan islatuta ikusiko dituzuela.

Aldaketa bortitzak izaten ari gara, eta kontsumitzailea bere portaera eta erosteko eredua aldatzen ari da. EROSKI 3C plataformaren bitartez, datuak monitorizatzen ari gara aldaketa horiek zein diren ezagutu eta ulertzeko eta gure eskaintza komertziala horietara egokitzeko ahalik eta modurik zorrotzenean eta arinenean.

Aztertu ditugun datuek erakusten dute asteotan %30 igo dela supermerkatuetan —eta ia %40 hipermerkatuetan— oinarrizkoen kategoriapean saltzen direnak, hala nola lekaleak, pasta, arroza, kontserbak, olioa, esnea, haragi piezak, haurrentzako elikadura, esnekiak, azukrea, botikina eta higiene eta garbiketa produktuak.

“Igo egin da oinarrizkoen kategoriakoen salmenta. Gazteak eta seme-alabak dituzten familiak dendetara maizago joaten ari dira, eta 65 urtetik gorakoak, berriz, gero eta gehiago ari dira on line zerbitzua erabiltzen”.

Kontsumitzaileek ere beren kontsumo ereduak aldatu dituzte. Gure dendetara agertzen diren gazte eta heldu independenteen kopurua %35 igo da. Haurrak dituzten familiak ere maizago etortzen ari dira saltokietara, %23 maizago, baina, gainera, gastua %91 handitu dute. Aldaketarik esanguratsuena 65 urtetik gorakoetan dago; izan ere, on line zerbitzua darabiltenen kopurua %65 igo da.

Martxoaren 9tik 15era doa analizaturiko lagina, alarma egoera dekretatu aurreko eta ondoko egunak. Lau milioi bezeroren baino gehiagoren datuak monitorizatu ditugu EROSKI Club txartelaren bidez, gure dendak dauden eremu geografiko guztietan.

Bolada honetan, gure lehen sektorearen zati handi bat, batez ere baratzearen sektoreak galdu egin ditu merkaturatzeko dituen bideetako batzuk. Gehienak familia ustiategiak dira, tokiko merkatuekin funtzionatzen dutenak —zeinei asko jaitsi baitzaie salmenta—, hala nola errestaurazioa —ia erabat etenda dagoena— eta beste kolektibo batzuk —gehiena etenda dagoena—. Ondorioz, urgentziaz behar dituzte beste kanal batzuk, zeren eta haien ekoizpena ez da gelditzen iraungitzen diren produktuak diren aldetik.

Gorabehera hori bera izaten ari dira gutxi-gehiago beste sektore tradizional batzuk, ekoizpena iraungitzen baitzaie haiei ere: haragitarako bildotsaren sektorea —kanpainaren amaieran bereziki jo duena—, esneki ustiategiak, gazta freskoa eta abar.

“Lankidetza prozesu bat bideratu dugu ekoizleek, instituzioek, enpresa hornitzaileek eta EROSKIk beren ohiko salmenta bideak galdu dituztenen ekoizpenak saltzen direla bermatzeko”.

Tokiko ekoizleekin lankidetzan jardutea da gure politika komertzialaren bereizgarrietako bat. Hala, hasieratik bertatik, EROSKIn gure gaitasuna zabaldu dugu era proaktiboan laguntzeko sektoreari babes ekintzak sustatuta.

Gu gauden autonomia erkidego guztietan garatzen ari gara ekimen hau, nahiz eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan dihardugun horretan; eta erantzun arina ematen ari gara jasotako eskaerei.

Elkarrizketak izan ditugu Eusko Jaurlaritzarekin, haien aterkipean diren eragileekin —besteak beste, Hazi eta Elika—, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, sindikatu nagusiekin, eta sektorekako elkarteekin, baita gure hornitzaile nagusiekin ere; xedea da prozesu bideratzaile bat irekitzea alderdi guztiek bermatuak izan ditzaten beren ekoizpenen salmenta.

Eusko Jaurlaritzak koordinatzaile bat ipini du eragileen eskaera guztiak bideratzeko, premien zentsua egiteko eta EROSKIk erraztu dion gutxieneko kalitate sorta baten lehen iragazkia egiteko (osasuna eta trazabilitatea ziurtatzeari lehentasuna emanez).

Era berean, EROSKIk hitzarmen bat egin du bere barazki hornitzaile birekin, zenbait zereginetan erraztasunak izateko, hala nola bilketa, kalitate komertzialaren iragazkia, ontziratzea eta etiketatzea eta azkenik fakturazioa; horrela, ekoizle txiki horien soberakinak hartuko ditugu, eta gure jarduera dagoeneko ezagutzen duten hronitzaileekin ohiko bide batean txertatuko ditugu. Hala, lehentasunez lagunduko diogu sektoreari, eta uneoro salmenta bermatuko.

Haragiaren sektorean ere, soberakinak saltzeko oinarriak ezartzen ari gara gure hornitzaile nagusiarekin, Harakai, eta alternatiba komertzialak eta sinergiak bilatzen dihardugu beste hornitzaile batzuekin esnea eta gaztak saltzeko.

EROSKI sortuz geroztik ari da elkartasun programa bat garatzen, gizarte bidezkoago eta kohesionatuago baten alde. Alde horretatik, gizarte ekintzari loturiko ekimen askotarikoak lantzen ditugu. Ezohikoa den egoera honetan, urgentziaz jardun beharra dago; hala, ekimen batzuk abiarazi ditugu kolektiborik zaugarrienei laguntzeko.

Gurutze Gorriarekin batera, dirua biltzeko kanpaina bat jarri dugu martxan supermerkatu eta hipermerkatu guztietan. Horrela, bazterketa arriskuan diren haurren eta familien elikaduran eta higienean lagunduko dugu; izan ere, lehen baino okerrago baitaude COVID-19aren krisiagatik. Aste honetan, kanpainaren aldeko kartelak jarri ditugu saltokietan, gure bezeroek elkartasuna ager dezaten eta borondatezko diru ekarpen bat egin dezaten ordainlekuetan igarotzean.

“Neurriak ezarri ditugu zenbait kolektibori lehentasuna emateko, hala nola osasun langileak, 65 urtetik gorakoak, haurdunak eta desgaitasunak dituztenak”.

EROSKIk bezeroek jartzen dutenaren beste hainbesteko ekarpen bat egingo du. Dena den, laguntza lehen egunetik martxan jartzeko, dagoeneko 50.000 euro eman ditugu haur eta familia askok jada beren eguneko beharrak estaliak izan ditzaten. Ekimenarekin biltzen den dirua osorik bideratuko da Gurutze Gorriaren bitartez.

Gainera, neurriak ezarri ditugu zenbait kolektibori lehentasuna emateko, hala nola osasun langileak, 65 urtetik gorakoak, haurdunak eta desgaitasunak dituztenak.

“Elkartasun kanpaina bat jarri dugu martxan bazterketa arriskuan diren haurren eta familien elikaduran eta higienean laguntzeko”.

65 urtetik gorakoek, haurdunek eta desgaitasunak dituztenek lehentasuna dute gure dendetan 09:00etatik 10:00etara (Balearretan 08:30etik 09:30era); izan ere, osasun agintariek diotenez, kolektiborik zaugarrienak dira. Horretaz gainera, pertsona horiek lehentasunez artatuak izango dira freskoen ataletan, hau da, arrandegian, harategian eta urdaitegian. Era berean, lehentasuna ematen dieten ordainlekuak jarri ditugu.

Akreditatuak daudela erakusten duten osasun langileek ere lehentasuna izango dute gure dendetan goizeko hamarretatik saltokiak itxi arte (20:00). Kolektibo hori egiten ari den ahalegin eskerga ikusita, lagundu egin nahi diogu. Neurri horren bidez, erosten ematen duten denbora gutxitzea da xedea, asti gehiago izan dezaten eta atseden hartzeko beta.

Azken asteetan, koronabirusak ekarri dizkigun kezkak eta ardura dela eta, gizartean ezinegona hedatu da dendetan produkturik aurkituko ez duelakoan; horrekin batera, etxetik kanpoko kontsumoa eten egin da. Ondorioz, oinarrizkoak diren zenbait produkturen eskaria asko handitu da. Premia horiek ahal den ondoena estaltzeko eta produktua dendan izango dela bermatzeko, gure gaitasun logistikoa handitu dugu. Orobat indartu ditugu gure dendetako hornidura eta gure taldeak. Nahiz eta une jakin batzuetan izugarri handitzen ari den zenbait produkturen eskaria, zuzenbidean ez dugu arazorik izango oinarrizkoak diren produktuekin hornitzeko.

Aplikatu ditugun neurrien artean, eskariak berrikusten ari gara egunean-egunean dagoen eskaera kopurura egokitzeko. Gure plataformen segurtasun stock-ari dagokionez, berriz, gehien eskatzen ari diren elikagaien eta drogeriako produktuen lehen mila erreferentziak identifikatu ditugu esku-eskura egon daitezen. Horrekin batera, lehentasunezko mila erreferentzia horien salmenta iragarpena handitu dugu gure marka guztietan, nola eta formatu produktibo berriak ezarrita, batez ere dendarik txikienetan.

“Gure gaitasu logistikoa handitu dugu, eta dendak hornitzeko gaitasuna eta gure ekipoak indartu”.

Gure plataforma logistikoen gaitasuna ere handitu dugu, harrera prozesuetatik ekoizpeneraino. Era berean, gure plataformek lantzen duten sorta egokitu dugu, gainerako sare logistikoari laguntzeko; asko saltzen diren erreferentzien kasuan, zerbitzu deszentralizatua aktibatu dugu, eta gaueko lan txanda ipini dugu horietan guztietan. Gamak identifikatu ditugu, eta zenbait plataformatan zentralizatu. Hortik kanpo, egunero ari gara segimendua egiten etenik ote dagoen jakiteko eta denden horniketak nola doazen berrikusteko. Hala berean, gure hornitzaileekin zerbitzu alternatibak bilatzen ari gara, plataformen gaitasuna arintzeko eta produktua dendetara ahalik eta lasterrena helarazteko.

“On line zerbitzuaren gaitasuna %40 handitu dugu”.

On line supermerkatuan izugarri handitu da eskari kopurua. EROSKIk bizkoiztu egin du etxeetara igortzen diren eskarien zerbitzua zenbait egunez, eta gure jarduerari etenik gabe eutsi diogu. Dendan, autoan edo oinez hartzeko on line eskarien bilketa zerbitzuan ere igoera izaten ari gara; 40 bilgunetik gora ditugu. Guztiak dauzkagu operatibo. Egoera zein den ikusita, gure “on line” zerbitzuaren gaitasuna %40 handitu dugu.

Gure ekipoak ere indartu egin ditugu, bai kanpotik jende gehiago ekarrita eta bai bere zereginak gure egoitzetan egiten dituzten pertsonek lagunduta, haien jarduna ez baita hain larria gaur egun. EROSKIren parte garen guztiak lanean ari gara gure bezeroa hartzeko eta laguntza emateko ezohiko egoera honek ahalbideratzen duen baldintzarik onenetan.

Alarma egoera dekretatu zenetik, EROSKI egunero dago osasun agintariekin harremanetan lastertasunez eta prebentzioz jokatotzeko. Gaitzari aurrea hartzeko eta hartatik babesteko neurri asko hartzen joan gara. Esaterako, garbiketari dagozkionak, produktuen eskuragarritasuna, zerbitzuen egokitzapena eta erosketa egiteko orduan ohitura jakin batzuek duten garrantziari buruzko informazioa.

Garbiketa zerbitzua, hain zuzen, indartu egin dugu, eta kontaktu gainazalen desinfekzioa areagotu. Bestalde, eskularruen erabilera orokortu dugu bai langileetan eta bai bezeroetan. Hala berean, soluzio hidroalkoholiko bat ipini dugu ekipoentzat, eta ahal den neurrian zaku barruan produktua ez manipulatzea gomendatu.

“Metakrilatozko 4.000 pantaila baino gehiago instalatu ditugu ordainlekuetan eta langileak ditugun ataletan, bai ordainlekuko langileak eta bai bezeroak babesteko”.

Saltokietara erostera doazenen kopurua kontrolatzeko sistema bat ezarri dugu; kontua da gutxieneko segurtasun distantzia bat bermatzea, osasun agintariek gomendatu duten bezala prebentzio eta babes neurri gisa. Hala berean, segurtasun distantzien protokoloak ipini ditugu erosketa gehien egiten den freskoen atalean, hala nola arrandegian, harategian eta urdaitegian. Gainera, astero-astero jakinarazten dugu noiz joaten den jende gehien dendara, bakoitzak erabaki dezan noiz datorkion ondoena erosketak egitera joatea.

“Beste prebentzio neurri batzuk ere ipini ditugu gure dendetan: garbiketen gainekoak, produktuen eskuragarritasuna, zerbitzuen moldaketa eta erosteko orduan gorde beharreko ohitura batzuei buruzko informazioa”.

Horrekin batera, metakrilatozko 4.000 pantaila baino gehiago instalatu ditugu ordainlekuetan eta langileak ditugun ataletan, bai ordainlekuko langileak eta bai bezeroak babesteko.

Era berean, jendeak kontzientzia handiagoa har dezan, EROSKI gomendio gehiago ari zaie ematen bezeroei erosketen inguruan. Esaterako: familia osotik kide bakarra joatearena; arrisku taldeak dendara ahal den gutxiena agertzea; eskularruak erabiltzea eta papeontzietara botatzea erabili eta gero; ahal dela txartelarekin zein sakelakoarekin ordaintzea kontakturik ez egoteko; dendara erosketa zerrenda eginda eramatea…

Ezohiko mundu krisi bat igarotzen ari gara, eta egunez egun gero eta larriagoa da. Erakunde guztiak ari gara nola edo hala egokitu nahian, eta batzuk muturreko erabakiak hartu beharrean dira inpaktu berezia duten egoera ekonomikoei aurre egiteko, dela fakturazioa erori delako eta dela jarduera eten delako. Gainera, hor dago norbere mina eta sufrimendua ere, hainbeste familia daude-eta larri.

EROSKI erabakirik onenak hartu nahian dabil lehen unetik, gure langileen eta bezeroen osasuna ziurtatzeko eta elikagaien funtsezko hornitzaile garen aldetik elikagai horiek bermatzeko. Nekazaritzako industria behar-beharrezkoa da pandemia honen kudeaketan, eta une honetan garrantzi handiagoa hartzen dute zenbait ezaugarrik kudeaketa horretan: lankidetza xaloa, efikazia irtenbideetan eta efizientzia, baliabideak eskas diren honetan.

“Barneko segurtasun neurri zorrotz-zorrotzak hartu ditugu, bai EROSKIn lan egiten dutenek eta bai gure bezeroek ahalik eta babesik handiena dutela bermatzeko”.

EROSKIko langileok bezeroari laguntza osoa emateko borondatez dihardugu une konplexu hauetan. Horretarako, besteren artean, gure dendetako taldeak indartu ditugu, kanpoko kontratazioa handituta eta egoitza sozialetako kideen babesarekin, haien jarduera ez baita hain larria orain.

Barneko segurtasunari dagokionez, hartu beharreko neurri guztiak hartu ditugu gure langileek  eta ondorioz gure bezeroek ahal den babes handiena izan dezaten. Dendan protokolo zorrotzak aplikatzen ari gara arriskuak gutxitzeko, hala nola sartzen den jende kopurua kontrolatuta, segurtasun distantzia atxikita, babes elementuak jarrita, ordainlekuetan babes pantaila ipinita, erosketa egiteko gomendioak emanda, eta abar.

Bezerorik zaurgarriena da gure lehentasuna, eta neurri sail bat ezarri dugu haien premietara egokitzeko, eta neurri horiek indartuz joango gara eskakizun berriak sortu ahala. Kolektiborik behartsuenak eta baliabide urriak dituzten familiak ere gure konpromisoen parte dira; horientzat elkartasun kanpaina bat jarri dugu martxan Gurutze Gorriarekin gure denda sarean dirua biltzeko; asmoa da bazterketa arriskuan diren haurren eta familien elikaduran eta higienean laguntzea, osasun krisi honek are larriago utzi baititu.

Erosketa zuzenean etxera eramatea oso baliabide aproposa da une honetan, eta askok eskatzen dute horrela egitea. Hori dela eta, etengabe ari gara gure gaitasuna handitzen eskarien gorakadari erantzuteko; gainera, segurtasun neurri berriak ipini ditugu.

Era berean, nekazaritzako sektore jakin batzuen —ekoizpen inpaktu handiena izan duten ustiategi txikien— garapen komertziala bultzatzen ari gara, horien kontsumoa asko igo baita merkataritza bide arruntetako batzuk itxi egin dituztelako.

“Eskerrik asko nekazaritzako elikagaien katea osatzen duzuen erakunde eta pertsona guztiei, gizarteari irtenbiderik onena bermatzeko lanean ari baitzarete behar handia duen une honetan”.

Etorkizunean, normaltasun berria berreskuratzean, kontsumitzailea are gehiago ulertzeko premia egongo da berriz. Giltzarrizkoa da haren konfiantza berreskuratzea eta gorabehera hauek haren erosketa ohituretan nola eragin lezaketen konprenitzea. Beste behin, gaur edo bihar, gure bezeroa ezagutzeko ahalegina egin behar dugu.

Eta azken lerro bat bereziki eskertzeko nekazaritzako elikagaien katearen parte zareten konpainia eta pertsona guztiei, gizarteari irtenbiderik onena bermatzeko lanean ari baitzarete behar handia duen une honetan. Jarrai ezazue orain arteko gogo berarekin baterako erantzunik onenen alde egiten, malgutasuna bilatzen, eta borondatez eta sen onez jokatzen, ez baitakigu afera aldakor honek zertara egingo duen. EROSKIn, gogor dihardugu irtenbidearen parte izan gaitezen, eta zuen babesarekin gure helburuak lortuko ditugulakoan gaude.

Eskerrik asko eta segi bizkor

Beatriz Santos EROSKIko zuzendari komertziala

EROSKI taldean konpromiso bat dugu kontsumitzaileekin, elikadura jasangarria, osasungarria eta arduratsua sustatzeko. Baina erabaki jasangarriak hartzeko jakin egin behar da, eta, hortaz, kontsumitzaileek erabaki arduratsuak hartuko badituzte, funtsezkoak dira gardentasuna eta heziketa.

EROSKIn pauso aitzindari bat eman dugu sektorean alde horretatik, eta kontsumo handiko lehen banaketa katea gara marka propioko ingurumen adierazpenak argitaratu ditugunak. Zehazki, gure markako EAEko esnea eta arrautzak egiaztatu ditu AENOR GlobalEPDk, bat etorriz EPD System Nazioarteko Programak eraturiko Produktu Kategoriaren Araudiarekin.

EROSKI Natur arrautza freskoak landa oiloenak dira, zeinek aire librean mugitzeko askatasuna duten. Eta EROSKI markarekin saltzen duen EAEko esneak Esne Produktu Jasangarriaren zigilua du, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak emana. Ingurumen adierazpen horiek garatzeko, Basque Ecodesign Centerrekin lankidetzan aritu gara, orobat Euskaber EAEko landa arrautzen ekoizleekin eta esnea ekoizten duen SAT Valle de Karrantzarekin; horko presidentea da Ramon Arriola, eta honela dio: “Nabarmendu beharrekoa da EROSKIk elikadura jasangarriarekin duen konpromisoa eta jasangarritasunaren aldetik nolako garrantzia duen esnekien sektorerako, tokian tokiko ekonomian duen inportantziagatik”.

“EROSKIn pauso aitzindari bat eman dugu sektorean, eta kontsumo handiko lehen banaketa katea bihurtu gara marka propioko produktuetan ingurumen adierazpenak argitaratu ditugunak.

Ingurumen arloko adierazpenek (Environmental Product Declarations) izaera gardena, konparagarria eta egiaztagarria ematen dute ingurumen aldetik; alde horretatik, nazioarteko araudiak betetzen dira, eta bizi zikloaren analisia egiten da. Produktu motaren araberako arau espezifiko batzuk betez eginda daudenez, mota bereko produktuak elkarrekin konpara daitezke ingurumen aldetik. Proiektu honek xehetasunez erakusten die ekoizleei bere produktuek nola eragiten duten ingurumenean eta nola hobe daitekeen eragina gutxitzeko.

Txostenek informazio xehea dakarte, esaterako, baliabide materialen, uraren eta energiaren kontsumoaz, etxaldeetan hasi eta kontsumitzailearen etxean sortzen den hondakinaren kudeaketaraino. Produktuek zenbait kategoriatan duten ingurumen-eragina ere xehakatzen da, hala nola klima aldaketa, azidifikazioa eta eutrofizazioa. Gure webean eskura daude ingurumen arloko adierazpenak, eta laster izango dira AENOR GlobalEPDrenean ere.

“Ingurumen adierazpen horiek argitaratuta, gardentasunaren eta formakuntzaren konpromisoa betetzen ari gara kontsumitzailearekin. Konpromiso horren harira, EROSKIk pausoak eman nahi ditu bere markako produktuek ingurumenean duten eragina kalkulatzeko”.

“Adierazpen hauek berme bat dira gure bezeroek produktuaz alde-aldeko ingurumen-informazioa izan dezaten. Ikusita zenbat kontsumitzen diren esnea eta arrautzak, kontsumitzaile askok jasangarritasunaren begirada erantsiko diote beren erosketei. Gainera, eragin didaktiko eta pedagogikoa du, eta, kooperatiba garen aldetik, bat dator gure izaera sozialarekin, orobat kontsumitzailea hezteko dugun konpromisoarekin, hark erosketak egiteko orduan erabaki arrazionalak hartzeko gaitasuna izan dezan”, azaldu du EROSKIren Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

Kontsumitzaileek gero eta informazio handiagoa nahi dute kontsumitzen dituzten produktuei buruz. Era berean, elikagaiak erosteko orduan, ingurumen jasangarritasunaren irizpideak aintzat hartuta ekoitzia izan dela eskatzen dute. Produktuen ingurumen adierazpen horiek argitaratuta, gardentasunaren eta formakuntzaren konpromisoa betetzen ari gara kontsumitzailearekin. Konpromiso horren harira, EROSKI pausoak eman nahi ditu bere markako produktuek ingurumenean duten eragina kalkulatzeko.