Txikizkako merkataritzaren sektoreko profesional garrantzitsuak gure ekitaldira bildu ziren analitika aurreatuari, big data-ri eta adimen artifizialari buruz eztabaidatzeko. Hala nola Fernando Pasamonek (Espainiako Deloitteko Managing Partner Consumer Industry and Growth Leader-a), Rai Cararachek (Espainiako Nestlé konpainiako Salmenta Korporatiboen zuzendaria), Rosario Pedrosak (AECOCeko estrategia komertzialaren eta marketinaren arduraduna) eta EROSKIko Ana Cuevasek eta Carmen Guelbenzuk hartu zuten parte mahai inguruan, eta beren ikuspuntua eman zuten teknologia berrien eraginari, erronkei eta aukerei buruz.

Teknologia berrien erabilera txikizkako merkataritzan sartzeak balio katearen kudeaketa nola eraldatzen duen izan zen mahai inguruko gai nagusia. Adituak eztabaidan aritu ziren datuen analitikaren inguruan: kontsumoaren joerak aurreikusteko aukera ematen du, eta halaber, bide ematen du laneko eraginkortasuna optimizatzeko, kontsumitzaileen esperientzia hobetzeko eta merkatuko lehiakortasuna handitzeko.

“Analitika aurreratua eta big data ez dira hobetzeko tresnak bakarrik: ezinbestekoak dira etorkizunean arrakasta izango duten txikizkako merkataritzako negozioen estrategiak ezartzeko ere”.

Eztabaidaren ondorio nagusietako bat zera izan zen, beharrezkoa dela sektoreko eragile desberdinak elkarlanean aritzea merkatuko aldaketetara azkar egokitzeko. Elkarrekin lan eginez produktu eta zerbitzurik onenak eskaintzeko gaitasuna ezinbestekoa da kontsumitzaileek espero dutenari erantzuteko, gero eta zorrotzagoak baitira. Gainera, azpimarratu zuten oso garrantzitsua dela prozesuen eta erabakien eraginkortasuna ziurtatzea. Horregatik guztiagatik, ondorioztatu zuten teknologia aurreratuak funtsezkoak direla.

Ekitaldian garbi geratu zen analitika aurreratua eta big data ez direla hobetzeko tresnak bakarrik: ezinbestekoak direla txikizkako merkataritzan arrakasta izango duen edozein negozioren estrategia ezartzeko.