• EROSKIren aparkalekuetan, gasolindegietan eta lantokietan egongo dira, 11 autonomia erkidegotan

  • Gune guztietan egongo den energia guztia energia berdetik datorrena izango da, hau da, energia iturri berriztagarrietatik jatorriaren berme ziurtagiri eta guzti

  • Asmoa da gutxi gorabehera hiru urteren buruan jarrita egotea

Iberdrolak eta EROSKIk hitza hartu diote elkarri, eta potentzia askotako 1.000 kargagune jarriko dituzte ibilgailu elektrikoentzat, banaketa taldearen 300 enplazamendutan. 11 erkidegoetarako da, eta hiru urte barru bukatu nahi lukete.

Instalazio berriek erabiliko duten energia guztia berdea izango da, hau da, energia iturri berriztagarrikoa, eta jatorria bermatzen duen ziurtagiria izango du. Horri esker, 30.000 tona CO2 inguru aurreztuko dira urtean, eta 1,5 milioi zuhaitzek airearen kalitatean egiten duten inpaktu positiboaren pareko inpaktua izango du.

Azpiegitura horrekin, erabiltzaileek autoen bateriak kargatu ahalko dituzte erosketak egiten dituzten bitartean. Potentzia askotako kargagailuak egongo direnez, 100 kilometro kargatu ahalko dituzte sei minututik hasi eta 45 minutura bitartean.

1.000 kargaguneok EROSKIren aparkalekuetan, gasolindegietan eta lantokietan instalatuko dira Andaluzian, Aragoin, Asturiasen, Kantabrian, Gaztela eta Leonen, Katalunian, Galizian, Balear Uharteetan, Errioxan, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan.

Aurreneko fase batean, EROSKIren gasolindegiei emango zaie lehentasuna, eta horietan hasiko dira instalazioak egiten. Denak eskura egongo dira Iberdrolaren kargatze aplikazio publikoan, sektorean ondoena baloratuta dagoena bera. Aplikazio horretan, kargagailu guztiak bisualizatu eta geokokatzeko informazio egiaztatua dago; gainera, uneko operatibitatea egiaztatu, eta sakelakotik erreserbatu eta ordaindu egin daiteke.

Ekimen honekin, Iberdrolak jarraitzen du mugikortasunaren trantsiziorako estrategia bizkortzen emisiorik gabeko sistema baterantz, eta bere mugikortasun iraunkorrerako plana garatzen. Aitzindaria izan da 2016an martxan jartzen, eta asmoa da 2025erako 100.000 kargagailu elektriko instalatzea etxeetan, enpresetan eta bide publikoan. Horretarako, azpiegitura publikoak diseinatu dituzte autobiatan eta korridoreetan, baita hiri eta herri txikietan ere; helburua da gutxienez kargagune bizkor bat izatea 50 kilometrotik behin.

Hitzarmenaren bidez, EROSKI taldeak jarraitzen du iraunkortasunaren alde apustu egiten bere jarduera guztian eta karbono aztarna gutxitzen; horrela, auto elektrikoaren sustapenean lagunduko du bere supermerkatu sarean.

Hitzarmen honek Iberdrolaren mugikortasun iraunkorrerako estrategia indartzen du, eta agerian uzten du eragile inplikatu guztien lankidetza behar dela deskarbonizaziorako bidean, horrek aire kalitate hobea ekarriko baitu gure hiri eta udalerrietara. EROSKI taldea lankide on bat da erabiltzaileak egunero ibiltzen diren tokietan kargaguneok jartzeko; horrela, beren kargak egin ahalko dituzte erosketak egiten dituzten bitartean“, azaldu du Iberdrola Clientes Españako zuzendariak, David Martinezek.

Hitzarmen honekin, Iberdrolak lagunduko du kalitatezko kargagune sare bat sortzen ibilgailu elektrikoentzat, eta, horri esker, kontsumitzaileen eskura jarriko ditugu gure zerbitzuak. Gure 300 instalaziok baino gehiagok betetzen dituzte araudiak ezartzen dituen baldintzak, eta kargaguneok txertatuz herritarrak are eta hurbilago egongo dira mugikortasun elektrikotik. Horrela, beste pauso bat emango dugu karbono neutraltasunerako konpromisorantz, eta gure mugikortasun iraunkorrerako eta ingurumenaren errespeturako politika beteko dugu“, esan du EROSKIko Garapen zuzendariak, Javier Españak.

Klima aldaketaren aurkako borrokarekin dugun konpromisoa

EROSKI taldeak konpromiso sendoa du ingurumena errespetatzeko, eta ildo horretan hainbat ekintza egiten ditu produktuak hobetzeko, baita prozesuak eta kontsumitzaileen eta langileen sentsibilizazioa ere. Hori dela eta, gero eta ahalegin handiago egiten du iraunkortasun aldetik, eta kooperatibaren helburu garrantzitsuenetako bat da 2050erako berotegi efektuko gasik batere ez isurtzea. Europako Batasunak Jokabide kode bat du elikagaiekin egiten diren negozioak eta marketin praktikak arduratsuak izan daitezen, eta horren barruan sartzen da EROSKIren erronka hori.

EROSKIk bi Lean & Green izar eskuratu ditu lau urte honetan %30 murrizteagatik logistika eta garraio prozesuetan isurtzen duen CO2 kantitatea. Era berean, %40 baino gehiago murriztu ditu 1. eta 2. irismena duten berotegi efektuko gasen isuriak 2017tik; produktu ekologiko gehiago merkaturatu ditu, 1.400 baino gehiago dira dagoeneko; animalien ongizatearen zigilua jarri die bere haragi zuri guztiei; are gehiago murriztu du plastikoa, eta ontzi birziklagarriagoak erabiltzen ditu: 180 ontzi baino gehiago ekodiseinatu ditu. Duela bi urte, Planet Score ingurumen etiketa berria erabiltzen hasi zen, eta lehen banaketa enpresa izan zen hori egiten. Iaztik, EROSKIren dendetan beste 30 bat elikagaik eta produktu freskok dute zigilu hori.

Horrez gain, joan den urtean Leed Gold ziurtagiria eman zioten EROSKIri Gasteizko Lakua-Arriagako denda iraunkorragatik: zigilu horrek ziurtatzen du eraikina iraunkorra dela eta ekoefizientzia irizpideen arabera eraikia dela. Sare komertzial osoan duen supermerkaturik iraunkorrena da hori, eta energia eredu berri bat ezarri du kooperatibaren dendetarako.

Mugikortasun iraunkorraren buruan

Iberdrola liderra da kargaguneen azpiegituran: 50.000 gune baititu martxan, eta horietatik 6.500 publikoak dira; hala, mugikortasun iraunkorra bultzatzen du energia trantsiziorantz egiteko bere estrategiaren barnean.

Jakinik mugikortasuna deskarbonizatu behar dela eta giltzarrizkoa dela klima aldaketaren kontra egiteko, sektore horrek CO2 emisioen %25 isurtzen baititu, konpainia elektromugikortasuna bultzatzen ari da, eragile inplikatu nagusiekin batera koordinatuta. Alde horretatik, Iberdrolak aukerak identifikatzen jarraitzen du, ekosistema industrial eta komertzial berria sorrarazi nahi baitu mugikortasun iraunkorra indartzeko.

Mundu mailan berriztagarrietan lider izanik, bere burua eskaintzen die korporazioei eta enpresei haien karbono aztarna gutxitzen laguntzeko. Taldeak deskarbonizazio prozesuko ziklo osoa estaltzen du, bezero komertzialek eta industrialek ingurumenarekin dituzten helburuak bete ditzaten eta energia trantsizioan bultzatzaile eta eragile nagusi izan daitezen. Hala, dagoeneko 100 hitzarmen baino gehiago beteak ditu administrazioekin, instituzioekin, enpresekin, zerbitzuguneekin, ibilgailu etxeekin eta autogileekin, bere azpiegitura hedatzeko.

Energia enpresak erraztasun oro ematen du bezeroei deskarbonizazio helburua betetzen laguntzeko. Hala nola energia berdearen hornidura osoa (aurreikuspen plan asegurudunen bitartez), mugikortasun elektrikoa, autokontsumoa, bero bonba, prozesu industrialen elektrifikazioa eta hidrogeno berdea.

Compartir en: