• EROSKIren sare komertzialeko 700 dendak baino gehiagok badute jada kapsulak biltzeko Circularcapsen gune bat

  • EROSKIk 2018an jarri zituen kafe kapsulak biltzeko edukiontzi bereziak: Espainiako banatzaile handien artean lehena izan zen hori egiten, eta 400 tona kafe kapsula baino gehiago berreskuratu ditu dagoeneko

  • Circularcapsen sareak 6.500 bilgune baino gehiago ditu gaur egun, eta 42 milioi lagun ingururi ematen die zerbitzua

EROSKIk eta Circularcapsek lankidetzarako akordio bat sinatu dute erabilitako kafe kapsulak birziklatzea sustatzeko, eta kapsulak EROSKIren dendetan uzteko aukera jarri die kontsumitzaileei. Horretarako, EROSKIk kapsulentzat bereziak diren Circularcapsen edukiontzi hori berriak jarri ditu hil honetan bere sare komertzialeko 700 dendatan baino gehiagotan. Bezeroek kapsulak utz ditzakete edukiontzi horietan: aluminiozkoak eta plastikozkoak.

EROSKIk alderantzizko logistika erabiliz eramango ditu berriz kapsulak banaketa plataformetara; horrela, hondakinen garraioak ingurumenean duen inpaktua ere murriztuko du. Circularcapsek 6.500 bilgune baino gehiago ditu dagoeneko, eta 42 milioi laguni ematen die zerbitzua. EROSKIk bildutako kapsulak jaso, eta birziklatu egingo ditu: beste bizitza bat emango die berreskuratutako materialei, eta ongarria sortuko du kafearen hondakin organikoekin.

“Prozesu guztietan irmo mantentzen dugu jasangarritasunaren alde dugun konpromisoa, eta hitzarmen hau bat dator konpromiso horrekin, une oro bermatzen baitu kafe kapsulen hondakinak egoki biltzen direla, gaika sailkatuta. Hitzarmen honek bide emango digu aurrerantzean ere kafe kapsulek dituzten lehengaien %100 berreskuratzeko, eta gainera, bezeroei erraztasunak emango dizkiegu beren kontsumoak ingurumenean duen eragina murrizteko“, azaldu du Alejandro Martinez Berriochoa EROSKIren Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendariak.

Bestalde, Alberto Vega Circularcapseko zuzendariak adierazi duenez, “poz handia ematen digu EROSKI Circularcaps taldearen parte izateak. EROSKIk gurekin bat egin izanak ezin hobeto islatzen du ekonomia zirkularraren bidean aurrerapausoak emateko egiten duen ahalegina: kontsumitzailea du ardatz, eta beste bizitza bat ematen die plastikoari, aluminioari eta kafe hondarrei”.

 

 

Elikadura arloko lehen katea kapsulentzako edukiontzi bereziak jartzen

EROSKIk 2018an jarri zituen kafe kapsulak birziklatzeko edukiontziak, eta  Espainiako banaketa kateen artean lehena izan zen hori egiten. EAEko, Nafarroako eta Balearretako saltoki batzuetan hasi zen zerbitzu hori ematen, esperientzia pilotu gisa, eta 2019tik aurrera sare komertzialeko gainerako saltokietara zabaldu zuen zerbitzua pixkanaka. Egitasmo honi esker, 400 tona kafe kapsula baino gehiago berreskuratu ditu dagoeneko beste bizitza bat izan dezaten.

EROSKIk konpromiso sendoa du ingurumena errespetatzeko, eta hainbat egitasmo lantzen ditu horretarako, bere jarduerak inguruan duen eragina murriztea helburu. Baliabideak modu jasangarrian erabiltzea, ingurumen arrastoa murriztea, ekonomia zirkularra bultzatzea, klima aldaketari aurrea hartzea eta bioaniztasuna babestea saihestu ezinezko aginduak dira EROSKIrentzat, eta halaxe bildu ditu Osasun eta Jasangarritasun arloko Konpromisoetan. Kafe kapsulak bildu eta birziklatzeko guneak jartzeko egitasmoa ere konpromiso horien artean sartzen da.

Konpromiso hori dela eta, EROSKIk bezeroen 1.750 tona hondakin baino gehiago berreskuratzen ditu urtean, birziklatzeko: besteak beste, kafe kapsulak, gailu elektriko eta elektronikoak, lanparak eta fluoreszenteak, pilak eta energia metagailuak, ehunak eta erabilitako olioa.

Elkarlanean birziklatzea

Circularcapsek sistema bakar bat eskaintzen du kafe kapsulak birziklatzeko, bai aluminiozkoak eta bai plastikozkoak, eta bermatu egiten du kafe kapsulei osotasuneko irtenbide bat emango zaiela eta ekonomia zirkularrean sartuko direla. Birziklatze sistemaren oinarria elkarlana da: kontsumitzaileek, banatzaileek, tokian tokiko administrazioak eta sektoreko enpresek elkarrekin beste bizitza bat ematen diete plastikoari, aluminioari eta kafe hondarrei. Horrela, hondakinen bolumena murrizten dute, eta birziklatze tasak hobetzen lagundu.

EROSKIri buruz

EROSKI Espainiako lehen banaketa talde kooperatiboa da, eta liderretako bat Espainia iparraldeko merkatuan. 2023aren amaieran, 1.533 saltoki zituen sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak,  hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatuak, eta baita gasolindegiak, kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere. Halaber, 6 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, 27.400 Kooperatiba Bazkide eta Langile Bazkide baino gehiago, eta 629 frankizia dendetako langileen kolektiboa gehitu behar zaio horri.

 

 

Circularcapsi buruz

Circularcaps irabazi asmorik gabeko erakunde bat da. 2021eko uztailaren 13an sortu zen, helburu zehatz batekin: plastikozko eta aluminiozko kafe kapsulak bildu eta birziklatzeko nazio osoko sistema kolektibo bat sortu, garatu eta kudeatzea. Kafearen Espainiako Elkartearen (AECafe) babesean, 24 enpresak bat egin dute egitasmo honekin, sektorearentzat osotasuneko irtenbide bat bermatuz kafe kapsulak, bai plastikozkoak eta bai aluminiozkoak, sistema bakarrarekin birziklatzea bultzatzeko: Sevillana de Café, BOU café, Café Arabo, Café Dromedario, Café Fortaleza, Café Jurado, Café Rico, Cafento, Cafés Baqué, Cafés Batalla, Cafés BO, Cafés Guilis, Cafés La Brasileña, Cafés Orús, Cafés Toscaf, Coffee Productions SL, Expressate, Fast Eurocafé (Cafés Oquendo), General Coffee Blenders, Global Coffee Industries, Grupo UCC, Jacobs Douwe Egberts (JDE), Nestlé España eta Productos Solubles (PROSOL). 2023ko otsailean, illycaffèk ere bat egin zuen egitasmoarekin. Guztira, kafe kapsulak ekoizten dituzten 25 enpresak osatzen dute hitzarmena. Nestlék Espainian 2010ean Nescafé Dolce Gusto eta Nespresso marken bidez abiatutako birziklatze sistema erabiltzen dute.

Compartir en: