FESBAL-ek eta EROSKI-k abian jarri dute aurten ere udaberriko janari bilketa
Elkartasunaren aldeko apustu berria

Hipermerkatuetan, supermerkatuetan eta frankizia sarean egingo dute kanpaina
Maiatzaren 23ko eta 24ko ohiko produktu bilketaz gain, aste osoan eman ahalko dute dohaintzan nahi duten kopurua ordainlekuan. Dohaintza horiekin, Elikagaien Bankuak premia handieneko produktuak erosiko ditu urte osoan
EROSKI joan deneko 29 urtean ari da FESBALekin
Aste honetan, udaberriko ohiko kanpaina egingo du EROSKIk FESBAL Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioarekin batera. Helburua da dohaintzak biltzea premiarik handiena duten kolektiboei lagundu nahi dieten kontsumitzaileen eskutik. Gaur eta bihar egongo da abian ekimena bai hipermerkatuetan, bai supermerkatuetan eta bai bere denda sareko frankizietan.
Dohaintza bi eratan egiteko modua izango da: produktu fisikoen bilketa maiatzaren 23an eta 24an, eta dohaintza ekonomikoak aste osoan, kontsumitzaileek ordainlekuetan jarri nahi duten kopuruan. Kanpaina amaitzean, Elikagaien Bankuen eskuetan geldituko dira ekarpen horiek, gehien komeni zaizkien eta behar dituzten produktuak erosteko; horrela, ehunka familiaren oinarrizko elikagai premiak estaliko dituzte urte osoan. EROSKIk bezeroenaren dohaintza gehigarri bat egingo du, eta urtero xede sozialetarako ematen duen kopuruari gehituko zaio: hamar milioi euro baino gehiagokoa izaten da kopuru hori.
“EROSKIk konpromisoa du gizartearekin; konpromiso horretan, garrantzi berezia hartzen dute zailtasunak dituztenek. Horregatik, aurten ere, gure bezeroei eskatzen diegu erakuts dezatela elkartasuna behartsuenen alde“, azaldu du EROSKIren Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.
“Eskerrak eman nahi dizkiot EROSKIri, beti bezala konpromisoa erakutsi duelako datorren asteburuan izango den Udaberriko Bilketa kanpainarekin. Elikagaiak eta dohaintzak emateko zuen eta bezeroen inplikazioari esker, beren biltegiak horni ditzakete elikagaien bankuek, eta milaka lagunen egoera arindu, ezin baitute elikadura duinik eskuratu“, adierazi du Pedro Llorca Llinaresek, Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioko presidenteak.
EROSKIk eta bezeroek 2.000 tona janari baino gehiago eman zituzten maiatzean Udaberriko Bilketan eta azaroan Bilketa Handian; hau da, 1.269 familia urtebetez elikatzeko 4,6 milioi otordu, bazterketa arriskuan edo zailtasun ekonomikoan dagoen jendearentzat.
Joan deneko 29 urtean Elikagaien Bankuarekin elkarlanean
EROSKI 1996an hasi zen Elikagaien Bankuekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak eta kontsumitzaileek proposatuta: kooperatibari eskatzen zioten elkartasunezko egitasmoak abiatzeko behartsuen eta bazterkeria soziala jasateko arriskuan direnen alde. Hala, urte horretan bertan sortu ziren elikagaiak biltzeko kanpainak EROSKIren dendetan.
Gero, elikagai ontziratuak emateko programa jarri zuen abian EROSKIk; kontsumitze-data gomendatua hurbil zeukaten produktuak ziren, baina ziurtasun osoz jateko modukoak; horren bidez, gaur egun, 5.000 tona elikagai baino gehiago ematen ditu urtean.
Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak aitortu izan du EROSKIren lana, eta Urrezko Galburuaren saria eman izan dio; hori da Federazioaren saririk handiena, eta hori ematen die sobran geratu diren jakiak elkartasunez banatzen dituzten elkarteei.
2024an 26 milioi euro bideratu zituzten
EROSKIk eta bezeroek 26,4 milioi euro bideratu zituzten iaz 370.000 pertsonari baino gehiagori laguntzeko 370 gizarte erakunderen bitartez, EROSKIren Elkartasun Planean garatutako ekimenei esker.
Elikagaien Bankuen dohaintzez gain, EROSKIk beste ekimen batzuk lantzen ditu bere Elkartasun Planean; nabarmentzekoak Ez alferrik galdu programa, Elkartasun Zentimoak programa iraunkorra eta nazioarteko kooperaziorako aldian behin egindako kanpainak.
Compartir en: