• Akordioaren helburua da ohitura osasungarriak sustatzea elikaduraren eta kirolaren bidez

  • Bi erakundeak 2021ean hasi ziren elkarrekin lanean

EROSKIk eta ARASKI emakumeen saskibaloirako Kirol Taldeak elkarlanerako akordioa berritu dute beste hiru denboralditarako. Elikaduraren eta kirolaren bidez ohitura osasungarriak garatu eta sustatzea du helburu akordioak. Bi erakundeek duela bi urte sinatu zuten lehen akordioa.

ARASKI taldeko presidente Iratxe Rodríguezek eta EROSKIko Erakundeekiko Harremanetarako arduradun José Antonio Yelak berretsi dute akordioa,  EROSKI Boulevard Gasteizko hipermerkatuan.

“Duela bi urte elkarrekin lanean hasi ginenetik, balantzea oso positiboa da. ARASKI asko maite dute Gasteizen, eta haren balioak eta EROSKIrenak oso ondo egokitzen dira, elkarren gehigarri baitira. Gure kooperatibak hainbat egitasmorekin elkarlanean dihardu ohitura osasungarriak sustatzearen alde, eta kirola horren adibide bikaina da”, baieztatu du EROSKIko Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari Josean Yelak.

Eskerrak eman nahi dizkiogu EROSKIri berriz ere babesa emateagatik eta gurekin batera saskibaloiak gure kirolariei irakasten dizkien balioak sustatzeagatik; hala nola elikadura egokia, oinarri ezinbestekoa baita gure gazte guztiak ondo garatu daitezen eta beren kirol ibilbidea egin dezaten. Asko gozatu dugu bi urte hauetan egindako lanarekin“, adierazi du ARASKIko presidente Iratxe Rodríguezek.

ARASKIri buruz
ARASKI emakumeen elkarte bat da, eta emakumeak saskibaloian trebatzeko eta haiek saskibaloian duten presentzia bultzatzeko proiektu bat garatu du. Elkarte horren helburuek kirol jarduera baino eremu zabalagoa hartzen dute: kirolari eta fisikoari dagokienez emakumeak trebatzeaz gain, kirol hezkuntza osoaren ikuspegitik emakumeen garapen pertsonala sustatzea du helburu, eta horrek barnean hartzen ditu emakumeen boteretzearekin loturiko balioak, lidergoarekin loturikoak eta erabakimenarekin loturikoak. Erreferenteak sortzea ere badu helburu, eta kirolaren arloan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.

Kirolariei adierazi nahi die emakumeak protagonista dituen proiektu baten parte direla, eta proiektu horretan aintzat hartzen dela eta gizarteari helarazten zaiola emakumeek egiten duten kirol jarduera, haien kirol ibilbidea edozein dela ere.

EROSKIri buruz
EROSKI Espainiako lehen banaketa talde kooperatiboa da. 2022aren amaieran, 1.526 saltoki zituen sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatua, eta gasolindegiak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere bai.

Compartir en: