EROSKIk aurten ere parte hartuko du WWF-k sustatzen duen “Planetaren Ordua” kanpainan
Kooperatiba eta WWF 2004tik ari dira elkarrekin lanean

Datorren larunbatean, EROSKIk bat egingo du ingurumenaren alde munduan egiten den itzalaldi sinbolikorik handienarekin; aurten, “Itzali argia. Defendatu Planeta” leloarekin
EROSKI eta WWF elkarrekin ari dira joan deneko hogei urtean kontsumo arduratsua sustatzen
EROSKIk hamalaugarren urtez egingo du bat WWFk Nazio Batuen Erakundearen babesarekin antolatzen duen “Planetaren ordua” kanpainarekin. Hala, itzalaldi sinbolikoa egingo du Elorrioko egoitza sozialean eta www.consumer.es webgunean; martxan jarraituko du webak, baina argi apalagoarekin. Horretaz gainera, ekimenaren berri emango du webgunean eta sare sozialetan, eta langileen artean. Bihar, martxoak 22, larunbatarekin, mundu osoko milioika lagunek argia itzaliko dute ordubetez (20:30etik 21:30era bitartean), mundua kontzientziatzeko zein garrantzitsuak diren ingurumena eta klima aldaketaren aurkako borroka.
Naturaren alde munduan dagoen mugimendurik handiena da Planetaren Ordua, eta aurtengo leloa du “Itzali argia. Defendatu Planeta”. Ekimena Sidneyn sortu zuten (Australia), 2007an, eta 190 herrialde eta lurralde baino gehiagotako jendeak parte hartzen du: mundu osoko monumentu eta eraikin enblematikoetan izaten diren argiak itzaltzen dituzte, baita etxeetakoak eta enpresetakoak ere, klima aldaketaren eta biodibertsitate galeraren aurka daramagun borroka sinbolizatzeko.
“Aurten ere, EROSKIk bat egingo du WWFren ekintza horrekin: ingurumenaren alde sentsibilizatzeko egiten den ekintza globalik handiena da, eta klima aldaketaren arazoa azpimarratzeko sinbolo bat. Kontsumitzaileak gero eta zorrotzagoak dira iraunkortasun irizpideei dagokienez, eta EROSKIn lanean ari gara haiei kontsumo arduratsua errazteko”, adierazi du Alejandro Martinez Berriochoa EROSKIko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak.
Planetaren erronka handia: 2030erantz
Industria Iraultzaz geroztik, urterik beroena izan da 2024a, 1,5 ºC baino gehiago handitu baita batez beste Planetaren tenperatura. Muga hori ez genuke gainditu behar atzera bueltarik ez duten inpaktuak saihestu nahi baditugu. Bestela, larrialdi sozialak sortuko dira, Espainia sartaldeko Dana zorigaiztokoarekin gertatu den bezala, eta ondorioak ikaragarri txarrak izango dira. Alde horetatik, erantzuna ez da behar bestekoa izaten ari: klima gailurrek ez dute lortzen aurrerapen esanguratsurik, jarraitzen dugu erregai fosilen mende egoten eta negazionismo klimatikoa handitzen ari da.
Hori dela eta, EROSKI gero eta ahalegin handiagoa egiten ari da iraunkortasunaren arloan, eta kooperatibaren helburu garrantzitsuenetako bat da 2050erako berotegi efektuko gasik batere ez isurtzea. Europar Batasunak Jokabide kode bat du elikagaiekin egiten diren negozioak eta marketin praktikak arduratsuak izan daitezen, eta horren barruan sartzen da EROSKIren erronka hori.
Helburu hori lortzeko, EROSKIk errepide mapa bat ezarri du; besteak beste: bere prozesuak eta instalakuntzak energia aldetik eraginkorragoak egitea, iturri berriztagarrietatik datorren energia erostea, mugikortasun iraunkorrerako aukerak txertatzea eta balio katean laguntzea produktuek eta zerbitzuek inpaktu txikiagoa izan dezaten.
EROSKIk bi Lean & Green izar lortu ditu, %30 gutxitu baititu berotegi efektuko gasen emisioak bere jarduera logistikoetan. Iaz bigarren kamioi elektrikoa jarri zuen azken miliako banaketak egiteko. Horrek lagunduko du helburu berria erdiesten, hau da, 2015etik hona emisioak %35 murriztea eta hartara Lean & Greenen hirugarren izarra erdiestea.
Gainera, EROSKI pixkanaka dendetako energia eredu berria inplementatzen ari da bere sarean. Eredu horren bitartez, besteak beste ingurumen arloko ekintza hauek gauzatzen ditu: LED argiztapena eta hozteko altzarietan I+G arloko azken aurrerapenak, berotegi potentzial txikiagoa dutenak. Horren adibide dira Lakua-Arriagako denda, Gasteizko Jundizkoa eta Bartzelonako Zal plataforma, Leed Gold ziurtagiria duena. Zigilu horrek ziurtatzen du eraikina iraunkorragoa dela eta ekoeraginkortasun estandar zorrotzekin eraikia dagoela.
Iberdrolak eta EROSKIk beste pauso bat eman dute beren lankidetza hitzarmenean, eta elkarrekin arituko dira supermerkatu kateko saltoki guztietan, karbono aztarna gutxitzeko elektrifikazio arloko soluzioak bilatuz. Hala, EROSKIren saltegi eta egoitza guztiek emisioak gutxituko dituzte, eta, askotariko ekintzen bidez, aurreztu egin ahalko dute energiari lotutako fakturetan. Iturri berriztagarrietatik datorren elektrizitatea da energia aldetik soluziorik eraginkorrena. Horrela ez du egon beharko erregai fosilen mende.
EROSKIk %50 baino gehiago gutxitu du 1 eta 2 irismeneko bere karbono aztarna 2017tik hona; horrek esan nahi du 172.064 tona CO2ren baliokidea saihestu duela, hau da, gutxi gorabehera Espainian 95.000 auto berrik 10.000 km egitean igortzen dutena.
EROSKI lanean ari da merkaturatzen dituen produktuen inpaktua gutxitzeko: 2.100 erreferentziatik gorako gama du iraunkortasun arloko ziurtagiriekin, hala nola zigilu ekologikoa, MSC, GlobalG.A.P eta FSC. Horretaz gainera, lankidetzazko ekintzak inplementatzen ditu bere balio katean; esaterako, Tokiko Ekoizleei Lagun Egiteko Programa, zeinarekin laguntzen baitu nekazaritzako elikaduraren sektorearen iraunkortasuna hobetzen, bereziki enpresarik txikienei lagunduta. Gainera, jarraitzen du bere ontziak hobetzen, ontziek duten plastikoa gutxituta eta birziklagarritasuna hobetuta. Dagoeneko 400 erreferentzia ditu ekodiseinatuta.
20 urte baino gehiago elkarlanean
EROSKI eta WWF joan deneko 20 urtean ari dira elkarrekin ingurumen arloko politikak aurrera ateratzen, hala nola energia eraginkortasuna, kontsumo arduratsua, arrantza iraunkorra eta jardunbide iraunkor egokikoak diren EROSKIren markako produktuak.
Bestalde, EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolak Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programa bat antolatzen du Espainia osoko ikastetxeekin elkarlanean, eta WWFk eduki pedagogikoak sortzen ditu iraunkortasunaren inguruko modulu espezifiko baterako.
Compartir en: