EROSKIK 10.000 tona janari alferrik ez galtzea lortu du urteko lehen seihilekoan
Janaria alferrik ez galtzeko ekintzei esker
Urteko lehen sei hilabeteetan, EROSKIk 1.200 tona janari baino gehiago eman ditu dohaintzan Zero Hondakin programaren bidez; hau da, 5 milioi jatordu eman ditu ehun gizarte erakunde baino gehiagorekin elkarlanean
Azken berrikuntzen artean, aipagarria da Too Good To Go aplikazioarekin egindako elkarlana: aplikazio horren bidez, EROSKIk 288.000 produktu sorta baino gehiago saldu ditu prezioa jaitsita
EROSKIk beste behin egin du bat AECOC-ek sustatutako Elikagaiak Alferrik Galtzearen Aurkako Astearekin
EROSKIk 10.000 tona janari alferrik ez galtzea lortu du 2024ko lehen seihilekoan, janaria alferrik ez galtzeko ekintzei esker. 34 milioi jatordu dira guztira, eta horiekin 9.500 familia elika daitezke urtebetez.
Urteko lehen sei hilabeteetan, EROSKIk 1.200 tona janari baino gehiago eman ditu dohaintzan egoera zaurgarrian direnen alde, bere Zero Hondakin programaren bidez: hau da, 5 milioi jatordu baino gehiago eman ditu, 1.300 familia baino gehiago urtebetez elikatzeko adina. Programa horrek bermatzen du EROSKIren dendetan ez dela botatzen jateko moduan dagoen janaririk, eta denda edo plataforma logistiko bakoitzetik hurbilen dagoen gizarte erakundeei ematen zaiela. Programa aurrera eramateko, EROSKI lankidetzan aritzen da Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioarekin –1996tik-, Caritasekin, Gurutze Gorriarekin, Reto a la Esperanza elkartearekin eta behartsuei eta bazterketa arriskuan direnei laguntzen dieten beste hainbat gizarte erakunderekin.
“EROSKIn, konturatzen gara zenbat janari botatzen den alferrik mundu osoan eta horrek sozialki eta ekonomikoki dakarren arazoaz. Gure ekintzak gauzatzeko, jarduera protokolo bat dugu ziurtatzeko emandako elikagai guztiak freskoak eta jateko moduan daudela: gure apaletatik kentzen ditugu, bezeroei freskotasun maximoa eskaintzeko eta ontziaren itxura onarenganako konpromisoa betetzeko”, azaldu du EROSKIren Osasun eta Jasangarritasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.
Beste ekimen batzuk janaririk alferrik ez galtzeko
EROSKIk gaur egun daraman beste proiektuetako bat Too Good To Go aplikazioan duen lankidetza da: jatetxeek, hotelek, supermerkauek eta orotariko janari establezimenduek merkeago saltzen dute egunaren buruan saltzea lortu ez duten baina jateko onak dauden janari soberakinak. Egitasmo horren bidez, EROSKIk 288.235 produktu sorta baino gehiago eskaini dizkie aurten bezeroei urteko lehen seihilekoan: kalitate oneko askotariko jakiekin egindako sortak dira.
Egitasmo horretaz gain, EROSKIk eskaintzak ezartzen dizkie egunero kontsumo-data gomendatua edo iraungitze-data hurbil duten jakiei. Alde horretatik, EROSKIk 7.300 tona janari baino gehiago komertzializatu ditu deskontu handiekin, eta horrek esan nahi du 29 milioi jatordu alferrik ez galtzea lortu duela 2024ko lehen seihilekoan.
Bestalde, banaketa kateak gizakiek ez baina animaliek kontsumitzeko moduko 7,5 tona janari eman dizkie babes etxeei eta zoologikoei, eta 1.585 tona azpiproduktu organiko eman ditu animalia jatorriko pentsuak eta irinak egiteko.
Berrikuntza hondakinen kudeaketa zirkularrean
EROSKIk nazioarteko berrikuntza proiektuetan parte hartzen du, elikagai hondakinei beste erabilera batzuk bilatu eta ekonomia zirkularrerako bidean aurrera egiteko. Europar Batasunak finantzatutako programekin egindako lankidetza da horren adierazgarri: hala nola FUSILLI, berrikuntzako living lab-ak ezarriz hirietako elikadura sistemak aldatzea sustatzeko proiektua; SISTERS, zeinaren helburua baita janari gutxiago alferrik galtzea katebegi guztietan, eta ToNoWaste, ikuspegi holistikoa oinarri hartuta elikagairik alferrik ez galtzeko pentsamoldea bultzatzeko proiektua. Halaber, EROSKIk parte hartzen du NOWASTE proiektuan. Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK laguntza deialdiak finantzatzen du, eta Tecnalia ikerketa zentroak garatu du. Ontziratzeko material berriak garatzea du helburu, elikagai hondakinei irtenbide bat emateko, eta ikusmen artifizialeko teknologiak hartzen ditu oinarri janariak alferrik galtzea eragozteko.
Elikagaiak Alferrik Galtzearen Aurkako Astea
EROSKIk, gainera, sentsibilizazio kanpaina asko egiten ditu kontsumitzaileei begira janaria alferrik galtzearen inguruan. Besteak beste, EROSKIk aholkuak ematen ditu arduraz erosteko eta jakiak kontserbatzeko, eta hainbat errezeta proposatzen ditu janaria aprobetxatzeko. Testuinguru horretan, EROSKIk bat egin du Elikagaiak Alferrik Galtzearen Aurkako VII. Astearekin. AECOC Ekoizle eta Banatzaileen elkarteak bultzatzen du egitasmoa, eta Elikagai Galeraren eta Xahuketaren inguruko Kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna ere aste horretan izaten da: irailaren 29an hain zuzen ere.
Compartir en: