EROSKI-ren Batzar Nagusiak erabaki du 2024ko gaindikin garbi gehienak ondarea indartzera bideratzea
Kooperatibaren erabaki organo gorena

Ordezkarien Batzar Nagusiak bilkurara deitu ditu 250 Langile Bazkide eta 250 Kontsumitzaile Bazkide
Onartu da iazko ekitaldiko gaindikinen %10 COFIP funtsari berriz esleitzea
“Eskerrak eman eta aurrera egin” lelopean, azpimarratu da langile guztiek egin dutela eginahala EROSKIren eraldaketan, eta hazkunde eta sendotze aro bat hasi dela
EROSKIk gaur arratsaldean egin du Ohiko Batzar Nagusia, Barakaldon (Bizkaia). Bertara deituak ziren langile bazkideen eta kontsumitzaile bazkideen kolektiboetako 500 ordezkari, hau da, kooperatibaren erabaki organo gorena. Erakundeak azken urteetan egindako ibilbidearen espiritua jasotzen du “Eskerrak eman eta aurrera egin” leloak, eta etorkizunari grinez heltzen dio.
Batzarrean, onartu egin dituzte kooperatibaren 2024ko banakako kontuak eta kontu kontsolidatuak, baita 2024ko ekitaldiaren kudeaketa txostena ere. Horretaz gainera, kooperatibaren funts propioak indartzea erabaki dute 2024ko ekitaldian izan diren gaindikin garbi gehienekin (EMFEen interesak ordaindu eta gero). Hain zuzen ere, emaitza bikain horrek aukera ematen du bazkideen kapitalak indartzeko eta, zenbait urtez egin ezinik izan badira ere, gaindikin horren %10 hona bideratzeko: heziketa eta sustapen kooperatiborako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenera (COFIP).
Batzarrean hitza hartu duenean, honela esan du EROSKI Taldeko CEOak, Rosa Carabelek: “2024an errendimendu bikaina erakutsi dugu, eta aurrera egin dugu efizientzian, emaitzetan eta kontsumitzaileen konfiantzan, non eta testuinguru zail batean. Aurten, handitu egin ditugu salmentak, ohiko emaitza eta ebitda; are gehiago, 2023ko kopuru apartak gainditu ditugu”.
Carabelek balioan jarri du “gure finantza egoera kontsolidatu izana, kudeaketa zorrotza eginez eta erabaki estrategikoak hartuz. Bidezkoa da urteotan egin den eginahal guztia aitortzea: egoera konplikatua kudeatu behar izan dugu eta, bide horretan, bazkideak partaide izan dira, beren erabakiekin eta erakundearen eraldaketaren kudeaketarekin. Bide horrek garai baikor honetara ekarri du kooperatiba eta EROSKI Talde osoa. Izan ere, pauso irmoz egin dugu aurrera, eta etorkizuna, nahiz eta erronka ugari datozen, aukeraz betea dator”.
Era berean, Batzar Nagusiak baimena eman dio Kontseilu Erretoreari etorkizuneko operazio batean zorra birfinantzatzeko, baldintza batekin: ez gainditzea egungo nominala gehi operazioari lotutako kostuak; helburu nagusia da finantza kostua murriztea eta zorraren egitura sinplifikatzea. Erabaki horrek EROSKIren finantzabidea malgutuko du, eta ahalmena emango dio zorraren egitura modu eraginkorrean optimizatzen jarraitzeko.
Alde aurreko parte hartze prozesu zabala
Batzarrerako bidean, parte hartze prozesu handi bat egin dute EROSKIko Langile Bazkideekin eta Kontsumitzaile Bazkideekin, non prestaketa batzarrak egin diren aurrez aurre konexio digitalak erabiliz, 42 guztira.
Kontseilu Erretoreko presidenteak, Leire Mugerzak, eredu kooperatiboaren balioa azpimarratu du, eta garrantzia eman dio lurraldean sustraituta egoteari eta lan kolektiboari: “Prozesu parte hartzaile eredugarri baten isla da Batzar Nagusi hau. Gaur, elkarrekin lortu dugun guztia aitortzen dugu, eta aurrera egiteko prestatuko gara, oinarri sendo batzuen gainean: negozio eredu indartsua, lurraldean sustraitua, kontsumitzaileen iritzi ona, gure emaitzen kaudimena eta gure taldeen profesionaltasuna. Azkarki goaz erronkaz beteriko etorkizunerantz, zimendu mardulekin eta asmo kooperatiboa inoiz baino biziago dagoela”.
Gaur egun, EROSKIk 27.600 langile baino gehiago ditu, eta horietatik 9.016 dira bazkide eta jabe. 1.502 saltokiko sare komertziala du, hala denda propioak nola frankizia erakoak. Horri esker, Espainia iparraldean elikagai banaketan dagoen talde liderretako bat da.
Compartir en: