• Nafarroako 181 hornitzaile komertzialekin lan egiten du, eta haien 3.200 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu

  • EROSKIk lehen sektorearen iraunkortasunean laguntzen du, eta hitzarmenak ditu Nafarroan nekazaritzako elikagaien arloan diharduten elkarte ugarirekin

  • Igoerak nabariak dira Nafarroan ekoizpen handiko kategorietan, hala nola frutetan, barazkietan, haragietan, gaztetan eta kontserba begetaletan

EROSKIk 222 milioi euro baino gehiago erabili zituen Nafarroako hornitzaile komertzialei tokiko produktuak erosteko 2024an. EROSKIk Nafarroako 181 hornitzaile komertzialekin lan egiten du, eta haien 3.200 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu. Produktuok toki nabarmenduak dituzte dendetan, batez ere sasoian sasoiko frutek, berdurek eta barazkiek.

Era berean, EROSKIk apustu egiten du tokiko hornitzaileekin lankidetza estutzearen alde. Horri esker, luzerako hitzarmenak lortzen ahal ditu, eta, horrela, eskualdeko garapen agroalimentario eta sozioekonomikoari lagundu.

Nafarroako tokiko produktuen erosketetan iaz igoera handiak izan ziren lekaleetan (%20), esne freskoetan (%16) eta plater prestatuetan (%30).

Horien ondotik datoz piperrak, zainzuriak, tomatea eta kontserba begetalak, horien erosketak %10 handitu baitziren. Igoera horretan, ezinbestekoa izan da “Tuterako orburua” JIBarekin eta “Nafarroako zainzuriak” JIBarekin egindako lankidetza produktuok bai freskotan eta bai kontserbatan saltzeko eta sustatzeko.

Nabarmentzekoak da, era berean, %10 igo izana behi haragian eta beste haragi produktu batzuetan ere. NATUR markarekin eta Nafarroako Aratxearen zigiluarekin saltzen ditu EROSKIk haragiok.

Azpimarratzekoa da, halaber, gaztetan eta jogurtetan izandako igoera (%8). Alde horretatik, garrantzizkoa izan da Idiazabal eta Erronkari jatorri izenekin egindako lankidetza. Jogurten kasuan, EROSKIk Aspace elkartearekin haien produktuak banatzeko egindako hitzarmena da nabarmentzekoa. Azkenik, fruta eta barazkiek %2tik gorako igoera izan dute.

Urtero indartzen dugu tokian tokiko ekoizleen aldeko apustua. Hori ikus daiteke, ekoizle nafarrei egindako erosketak handituz doazelako. Gaur egun, hurbileko produktuen eta sasoiko freskoen eskaintza zabala bihurtu da gure denden bereizgarririk printzipalenetakoa. Horretaz gain, aurrezpenaren alde apustu egin dugu. eta gure prezioen lehia hobetu, bai eta bultzada eman ere gero eta pertsonalagoak diren sustapenei”, esan du EROSKIren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.

Beste lankidetza hitzarmen batzuk

Inguruneko ekoizleekin tokiko ekonomiaren alde egiteko apustu horretan, hitzarmenak eginak ditu, halaber, sektoreko erakundeekin eta nekazaritzako elikagaien arloko elkarteekin. EROSKIk Nafarroan ekoitzitako 350 erreferentzia baino gehiago saltzen ditu bere markekin, EROSKI, SeleQtia eta NATUR.

Bestalde, azpimarratzekoa da lanean ari dela Teknologia eta Azpiegitura Agroalimentarioetako Nafarroako Institutuarekin (INTIA), bertako produktuak Reyno Gourmet markarekin sustatzeko; marka horren 450 erreferentzia merkaturatzen ditu. Reyno Gourmet marka 2007an sortu zen, eta, 2010. urtean, lankidetza estua abiatu zen EROSKIren eta INTIAren artean, egundaino dirauena. Horrekin batean, hitzarmena egina du UAGNekin (Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna), tokian tokiko produktuak saltzen laguntzeko: zainzuriak, orburuak, piperrak, txahal haragia, arkumea, gaztak, ardoak…

Nafarroako Kluster Agroalimentarioan ere parte hartzen du (Nagrifood). Sektore askotako korporazioekin osatua dago kolektiboa, eta horren helburua da Nafarroan nekazaritzako elikagaigintzan dihardutenak lerrokatzea Europako berritasun eta jasangarritasun politikekin. Esparru horretan, EROSKIk “Tokiko hornitzaileei lagun egiteko programa” eskaintzen du, zeinak dagoeneko 50 partaide nafar baititu. Tresna horren bitartez, Nafarroako nekazaritzako elikagaien ekoizleek beren enpresetako jardunbideak ebaluatzen dituzte ingurumenaren, gizartearen eta gobernu korporatiboaren alorrean, ESG irizpideei jarraituz.

Compartir en: