EROSKI-k frankizia erako beste supermerkatu bat inauguratu du Nafarroan, Iraizozko herrian

EROSKI/City berriak bete-beteko janari zerbitzua eskaintzen du fabrikatzaileen markako produktuekin, kalitatezko marka propioarekin eta freskoetan lidergoa duelarik
EROSKIk aurreko urteetako frankizien irekiera erritmoari eutsi dio. Gauzak horrela, 300 inaugurazio baino gehiago egin ditu joan deneko bost urtean
EROSKIk Elordi industrialdeko 6.ean inauguratu du supermerkatua Ultzamako Iraizotz herrian. EROSKI/City izenekoa da saltokia, eta, bezeroarenganako arreta pertsonalagoa eman ez ezik, apustu indartsua egingo du tokian tokiko produktuen eta sasoiko elikagai freskoen alde; horretaz gainera, elikagai osasungarriak sustatuko ditu, eta dirua aurrezteko modu berriak eskainiko ditu eguneroko erosketetan. Sei langile ditu saltokiak.
Produktu sorta zabala eskainiko du, ekoizle liderren markakoa, marka propiokoa eta tokiko ekoizleena, eta 230 metro koadro baino gehiago ditu. Horretaz gainera, elikagai freskoen eskaintza zabala edukiko du; bereziki, sasoian sasoiko eta tokian tokiko frutena eta barazkiena, eta garrantzia hartuko dute erreferentzia osasungarriek, produktu ekologikoen sorta zabala izango baitu. Era berean, saltokiak ogi eta opil egin berriak izango ditu, bezeroei freskotasunik handiena bermatzeko.
Hilero-hilero, eskaintzak eta sustapen kanpainak izango dira kontsumitzaileei aurrezten laguntzeko. Aurrezpen horretan, EROSKI Cluba da erakusgarririk behinena: bezero-bazkideak markarekin fidelizatzeko programa da, eta oso sustapen erakargarriak ditu, baita Travel Club txartelak lehendik zituen abantaila guztiak ere. 219.300 kontsumitzaile dira kooperatibako bezero-bazkideak Nafarroan, eta dagoeneko ikusten ari dira EROSKI Cluben abantailak.
53 frankizia inauguratu ditu 2024an
EROSKIk 53 frankizia inauguratu zituen 2024an; horretarako, 8 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen, eta 333 lanpostu sorrarazi. Hedapen horrekin batera, denda sare propioa eraldatzen dihardu, eta Zurekin eredu komertziala indartzen, hori baita EROSKI saltokien ezaugarri.
EROSKIk aurreko urteetako irekiera erritmo sendoari eutsi dio frankizietan. Hala, 300 inaugurazio baino gehiago egin ditu joan deneko bost urtean. 2025eko ekitaldian, konpainiaren asmoa da beste 54 frankizia irekitzea, eta bere sarea hedatzen jarraitzea, ikuspegi estrategikoa lurralde hauetan jarrita datozen urteetara begira: Katalunia, EAE, Andaluzia, Madril, Gaztela-Mantxa, Balearrak, Galizia eta Levante.
Sariketa ospetsuetan saritua
2024-2025eko Urteko Merkataritza sarietan, frankiziarik onenaren saria jaso zuen EROSKIk, Supermerkatu Frankizien kategorian. Kontsumitzaileen sariketa hori Espainiako handiena da, eta retail-aren sektoreko merkatu azterketarik handienetako bat. Kontsumitzaileek hautatzen dituzte sarituak.
“Ibilbiderik Onena duen frankizia” saria ere jaso du EROSKIk aurten, Gasteizko FrankiNorte aretoan, Espainiako Frankiziatzaileen Elkartearen eskutik.
Era berean, EROSKIren frankizietako bati Urteko Frankiziarik Onena zela aitortu zioten, elikagaien kategorian, hori ere AEFk emana. Sari horrek egunerokoan egiten duen lana nabarmentzen du, bai eta EROSKIk frankizia ulertzeko erabiltzen dituen balioak nola pertsonifikatzen dituen ere, frankiziatuen etengabeko prestakuntzan eta aholkularitzan egindako ahalegina islatzen duelarik. Balio bereizle horiek arrakastaz hedatzen dira sare osora, EROSKIk frankizientzako duen marketin plan sendo batez babesturik.
Lankidetza hitzarmenak
Kooperatibak lehengo lankidetza hitzarmenari eusten dio Enpresaburu Gazteen Elkarteen Espainiako Konfederazioarekin (CEAJE) enpresari gazteen eta autonomoen ekintzailetza lagundu eta sustatzeko. Ekintzailetzarekin duen konpromisoa indartu ez ezik, EROSKIk autonomia erkidegoetako ekonomia garatzen lagundu nahi du.
Compartir en: