EROSKI-k eta NAGRIFOODek iraunkortasunaren gaineko prestakuntza programa bat antolatu dute ekoizleentzat Nafarroan
Tokiko hornitzaileei lagun egiteko programa

2024ko ekainean abiatu zen “Tokiko hornitzaileei lagun egiteko programa” Nafarroako Foru Erkidegoan, eta helburu du balio katea gaitzea iraunkortasunaren arloan. Gaur egun, Nafarroako 48 ekoizlek parte hartzen dute
EROSKIk eta NAGRIFOODek programa berri bat jarri dute abian, Nafarroako ekoizleek prestakuntza jaso dezaten iraunkortasunaren arloan. EROSKIren Tokiko hornitzaileei lagun egiteko programa-ren parte da ekimena, eta asmoa da balio katea gaitzea iraunkortasun gaietan.
Sei egun antolatu dituzte 2025ean egiteko, eta aukera egongo da aurrez aurre nahiz online parte hartzeko. Gaiak, berriz, honako hauek izango dira: janaria alferrik galtzea, baso soiltzea, karbono aztarna, ontzien ekodiseinua, ura eta energia, eta, azkenik, gizarte dimentsioa eta gobernantza. Gai horiek lantzeko, hitzaldiak, mahai inguruak eta kasu praktikoak izango dira.
2024ko ekainean abiatu zen EROSKIren “Tokiko hornitzaileei lagun egiteko programa” Nafarroako Foru Erkidegoan NAGRIFOODen laguntzarekin, eta gaur egun Nafarroako 48 ekoizlek parte hartzen dute. Nekazaritzako elikagaien ekoizle txikientzako zerbitzu bat da, helburu duena haiei laguntzea ingurumenaren, gizartearen eta gobernu korporatiboaren aldetik. Horrekin, EROSKIk erraztasunak ematen dizkie egokitu egin daitezen arau betebehar berrietara eta kontsumitzaileek iraunkortasunaren arloan egiten dituzten eskari gero eta handiagoetara.
Asmoa da EROSKIren ezagutza eta konpromisoa handitzea tokiko hornitzaileekin eta haien ingurunearekin, eta haiei prestakuntza eta babesa ematea, beti izan dezaten nola hobetua ekoizpen sistema iraunkorragoetarantz; eta, horrekin batera, lagun egitea eta gidari izatea, produktuek kalitate handiagoa izan dezaten eta horniketa katean gardentasun handiagoa lor dezaten.
Programaren lehen jardunaldia
Ekainaren 3an, programaren lehen jardunaldia izan zen, eta EROSKIk Nafarroan egindako diagnostikoaren emaitzak erakutsi zituzten. Horien artean, nabarmentzekoak kalkuluarekin erlazionaturiko lehentasun eremuak eta karbono aztarna gutxitzea, ontzien ekodiseinua eta uraren kontsumoa gutxitzea.
Era berean, Elikagaien Galtzearen aurkako Lege berria aztertu zuten. Alde horretatik, Alimenta Valores-eko bozeramaile Silvia Rosek hauxe azpimarratu zuen: “Lege berriak behartuko gaitu sarean jokatzera, nekazaritzako elikagaien sistema eraldatzeko. Hartan, zehaztuta datoz kateko eragile guztiek dituzten betebeharrak“.
EROSKIren Iraunkortasun arloko arduradunak, Cristina Rodriguez Domingok, honela esan du: “Funtsezkoa da gizarte eragileekin lankidetzan aritzea; ildo horretan, EROSKIk 2.600 tona janari baino gehiago ematen ditu dohaintzan, Zero Hondakin programari esker. Banaketa handiaren erronka handietako bat zera da, GKEak eskura egotea egunero bilketak egin ditzaten, janaria dendetan atomizatuta dagoelako eta soberakin kopuru txikia sortzen delako horietako bakoitzean“.
AENOReko ordezkari Juan Jose Moreno Delgadok, berriz, hauxe nabarmendu du: “Zertifikazioan dago koska janaririk alferrik ez galtzeko, baita erakunde baten eta haren bezeroen artean konfiantza sorrarazteko ere“. Ildo berean, ACMPko bazkide eta proiektu zuzendariak, Iosu Palaciosek, hauxe gogorarazi zuen: “Murrizketak gutxituta kostuak gutxitzen dira: nahitaezkoa da eguneroko kontrola“. Horretaz gainera, NARIAko CEO eta fundatzaileak, Kilian Zaragozak, hauxe jarri du balioan: “Soberakinekin era positiboan eragiten dugu bai gizartean eta bai ingurumenean” eta hauxe gaineratu: “Legeak aukera ematen du eredua eraldatzeko, ez da betebehar hutsa“.
Compartir en: