• Aspace Biointegra proiektu ekologiko bat da, ardatzean gizarteratzea, iraunkortasuna eta hurbiltasuna dituena. INTIAren eskutik sortua da, behi hazkuntza ekologikoa sustatzeko eta esneki ekologikoak ekoizteko

  • EROSKIk bi jogurt formatu eta kefir bat merkaturatuko ditu, INTIAren etxaldean eginak, Orreagan. Bertan, desgaitasuna duten pertsonak aritzen dira lanean, eta 2010etik Nafarroako ASPACEk kudeatzen du hura

EROSKIk gaur goizean iragarri du, Nafarroako Aspacerekin eta INTIA sozietate publikoarekin batera, Nafarroan duen sare komertzial osoan Aspaceko desgaitasuna duten pertsonek egindako esnekiak merkaturatuko dituela; landa ingurunean bizi direnek, hain zuzen.

Aspace Biointegra proiektu ekologikoa bat da, ardatzean gizarteratzea, iraunkortasuna eta hurbiltasuna dituena. INTIAren eskutik sortu da behi hazkuntza ekologikoa sustatzeko eta esneki ekologikoen produktuak ekoizteko. Orreagako landa ingurunean egiten dute hori, lana landa eremura hurbilarazten jarraitzeko ildoan, desgaitasuna dutenek hirietara mugitu beharrik izan ez dezaten. Etxaldea Nafarroako ASPACEk kudeatzen du 2010etik, eta bertan desgaitasuna duten zazpi langile aritzen dira.

Hiru erakundeek Nafarroako ASPACEren egoitzan iragarri dute (Zizur Txikian) elkarrekin ariko direla. Ekitaldian izan dira Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, David Erice Nafarroako ASPACEren presidentea, Josean Yela EROSKIren Harreman Instituzionaletako zuzendaria eta Natalia Bellostas INTIAko zuzendari gerentea.

EROSKIk bi jogurt tradizional merkaturatuko ditu, formatu handian eta txikian, eta kefir bat. “Oso harro gaude ASPACErekin eta INTIArekin lan egiteaz funtsean bi balio bilatzen dituen proiektu sozial honetan: iraunkortasuna eta gizarte erantzukizuna. Gure helburua da enplegua eta aberastasuna sorraraztea gure ingurunean eta enplegu soziala dibertsifikatzen joatea. EROSKIk, produktu horiek erkidegoan dituen ia ehun saltegietan merkaturatuta, berme ezin hobea ematen du proiektu sozial honek aurrera jarrai dezan”, esan du EROSKIren Harreman Instituzionaletarako zuzendariak, Josean Yelak.

Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariaren hitzetan, “EROSKIk Nafarroan dituen saltegietara esnekiok eramanda, kontsumitzaileek eskura izango dute kalitatezko produktu ekologiko eta osasungarri bat, Km0koa, behi hazkuntzatik datorrena, tokiko lehengairik onenarekin eta enplegu sozialak ematen duen balio gehigarriarekin.” Gomez kontseilariak, era berean, proiektuaren xedea azpimarratu du, ingurumen iraunkortasuna eta gizarte integrazioa bateratzen baititu: “Eredu erreferente bat da, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloko iraunkortasun baldintza guztiak biltzen dituena eta berrikuntzaren alde apustu egin ez ezik errentagarritasuna bilatzen duena behitegien errentagarritasunarekiko oreka bilatuz“.

“INTIArekin 2010etik egiten dugun lankidetzarekin bat eginen du, beraz, gaur EROSKIren ondoan sinatzen dugun lankidetzak. Ezin hobeki osatzen du ASPACEk aspalditik daraman ildoa: ingurumenaren eta osasunaren zaintza eta gehienbat pertsonena“, esan du David Ericek, Nafarroako ASPACEko presidenteak.

“INTIAk bere ezagutza jartzen du, praktika berritzaileen medioz produktu horien lehengaia erdiesteko, zeina esne-behien hazkuntzaren errotazioan oinarritzen baita. Proiektu honetan, eredu iraunkor bat testatzen ari gara, errentagarritasun ekonomikoa ingurumenaren zaintzarik onenarekin konbinatuz; abeltzaintzaren sektorera zabaltzeko modua izatea ere nahi genuke, ekologikoa izan nahiz konbentzionala izan”, esan du INTIAko zuzendari gerenteak, Natalia Bellostasek.

 

Nafarroako ASPACE

Nafarroako ASPACE irabazi asmorik ez duen erakunde bat da, 1971n sortua guraso batzuen kezkatik, garun paralisia eta antzeko desgaitasunak dituzten seme-alaben beharrak estali nahiz. Haren xedea da garun paralisia eta/edo antzeko desgaitasunak dituztenen bizi kalitatea eta haien familiena hobetzea. Alde horretatik, soluzioak ematen dituzte, haien eskubideak defendatzen dituzte eta, eskubide guztiak dituzten herritarrak izanik, haien partaidetza errazten dute eta Nafarroako garapen soziala sustatzen. Garun paralisia eta/edo antzeko desgaitasunak dituztenen “bizi ibilbidea”-ren garapenarekin konprometituta dagoen erakunde bat da, eta horren parte egiten ditu familiak, profesionalak, pertsona sozialak, boluntarioak eta aldezleak. Helburua da normalizazio sozialik handiena erdiestea eta gizarte osoak eskubideak aitortzea garun paralisia eta/edo antzeko desgaitasunak dituztenei.

ASPACE Biointegra proiektu bat da, landa eremuan desgaitasunekin bizi direnei lan arloko beharrak estaltzen dizkiena, bai ingurumena errespetatuz eta bai iraunkortasuna, ekologia eta hurbiltasuna sustatuz.

 

INTIA

INTIA sozietate publiko bat da, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura atxikia, eta Corporacion Publica Empresarial de Navarran integratua. Haren xedea da nekazaritzako elikagaien sektorea transferitzea eta berritzea, bai bideragarritasuna eta bai iraunkortasuna hobetzeko, landa ingurunea bizirik atxikitzeko, ingurumena errespetatzeko eta gizarteari kalitatezko elikagaiak eskaintzeko.

EROSKI Nafarroan

Kooperatibaren helburuetariko bat da gizartea enpresaren jarduerarekin eraldatzea. EROSKIk, kontsumo kooperatiba den aldetik, arreta osoa jartzen du kontsumitzailearengan eta gizartean, eta gizarte integratzaileago baten alde lanean aritzen direnekin kolaboratzen du.

EROSKIk 121 saltoki ditu guztira foru erkidegoan, hala nola hipermerkatua eta supermerkatuak, propioak nahiz frankiziatuak; eta horietaz gain gasolindegiak, optikak eta kirol ekipamendurako dendak, baita on line supermerkatua ere. EROSKI Clubak 305.000 bezero-bazkide baino gehiago ditu Nafarroan. EROSKIk Nafarroako 3.500 produktu inguru merkaturatzen ditu, eta hemengo 400 hornitzaile ingururekin dihardu, haiei 215 milioi euroren erosketak eginez urtero.

Compartir en: