EROSKI-k agerian jarri du NutrI-Score etiketaren arabera nutrizio osaerarik onena duten marka propioko produktuek tokia irabazi dutela erosketetan eta saski osasungarriagoa bultzatzen dutela
Nutri-Score etiketa aurreratuaren inpaktuaren azterketa

Erosteko orduan erabaki kontziente eta arduratsuak errazteko tresna eraginkor gisa finkatu da Nutri-Score
Nabarmentzekoa da produktuen nutrizio-hobekuntzan eragin onuragarria duela etiketa aurreratuak
EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolak 2020 eta 2023 artean bildutako datuak aztertu ditu, jakiteko nolako bilakaera izan duen EROSKIren marka propioak Nutri-Score etiketa duten produktuen salmentetan eta nutrizio-osaeran
EROSKIk bere markako produktuetan Nutri-Score nutrizio etiketa aurreratuaren sistema 2019. urtearen amaieran ezarriz geroztik –aitzindaria izan da horretan Espainiako banaketan–, erakutsi du eragin positiboa izan duela erosketa saskiaren nutrizio kalitatean. 2020tik 2023ra (biak barne) produktu horiek salmentetan eta nutrizio osaeran nolako bilakaera izan duten aztertuta, ondorioztatu dute erosteko orduan etiketak kontsumitzaileei erabaki kontzienteagoak eta osasungarriagoak hartzeko aukera eman diela eta aldi berean hobekuntza esanguratsuak bultzatu dituela produktuen nutrizio osaeran.
Produktu kategoria bakoitzean salmentek izan duten bilakaera errepasatu dute etiketako letra bakoitza aintzat hartuta. Letra horiek produktua sailkatzen dute nutrizio aldetik: A letra, berde kolorekoa, nutrizio aldetik onena, eta E letra, gorri kolorekoa, txarrena, kaloria ekarpen handiagatik eta zenbait mantenugairen presentzia handiagatik, hala nola gantza (batez ere asea), azukrea eta gatza. “Ondorioek agerian uzten dute Nutri-Score etiketaren emaitza ona: salmenta gehienak letra onenetan kontzentratzen dira (A eta B), hain interesgarriak ez direnen kaltetan (D eta E), eta hori oso ona da; baina, gainera, analisiak egiaztatu du denboran zehar elikagai talde gehienetan hizki onenek irabazi dutela tokia salmentetan, eta horrek agerian uzten du kontsumitzaileek informazio argia, gardena, fidagarria eta kontsultatzeko erraza dutenean informazio hori ondo erabiltzen dutela beren elikadura ohiturak eta osasuna hobetzeko, eta modu iraunkorrean egiten dutela”, esan du Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKIren Osasun, Iraunkortasun eta Kalitate arloko zuzendari eta EROSKI Fundazioko zuzendari denak. “Eta emaitza positibo horrek ez du ondorio kaltegarririk izan prozesatu gabeko elikagai freskoetan, ez baitute eramaten Nutri-Scorerik. Nutri-Scorek produktu freskoen salmentak jaitsiko zituelako hipotesia, beraz (horiek baitira elikadura osasungarri baterako oinarrizko produktuak), guztiz baztertuta dago”, gaineratu du Martinez Berriochoak.
2023ko ekitaldian, Nutri-Score etiketa zuten EROSKI marka propioko produktuen salmenta guztien erdiak A eta B letrekin sailkatutako produktuenak izan ziren, nutrizioaren ikuspegitik onuragarrienak. Ehuneko hori %74koa ere bada C letrako produktuak sartzen badira. Ehuneko horiek modu sendoan hobetzen dituzte azterlanaren hasierako datuak, 2020koak.
Elikadura Osasungarriaren Piramidearen oinarriaren emaitzak, kategoriaz kategoria
EROSKIren Elikadura Eskolak aurkeztutako azterlanean janari talde bakoitzari buruzko informazioa dator, eta Elikadura Osasungarriaren Piramideak oinarrian dituen elikagaiekin hasten da. Horiek oso maiz eta egunero kontsumitzea gomendatzen dute.
Fruten eta barazkien kategorian (freskoak ez dira ageri, ez baitaramate nutrizio etiketarik baina bai kontserbako fruta eta berdurak, deshidratatuak eta frutekin eta barazkiekin prestatutako platerak), Nutri-Scoreren inpaktua oso positiboa izan da. Hala, 2023ko datuek erakusten dute salmenten %85etan A eta B letrekin sailkaturiko produktuak daudela (nabarmentzekoa %80koa dela A letraren kasuan), eta letrarik onenetara desplazatu direla salmentak Nutri-Score ezarriz geroztik (A letra duten produktuen salmentak 6 puntu handitu ziren). Bilakaera horrek erakusten du aukera osasungarriagoetara egin dutela, neurri batean gama horietan prozesatutako produktuak birformulatu egin direlako.
Antzekoa gertatzen da oso esanguratsua den beste elikagai talde batekin, zerealak eta patatak dituzten produktuekin (hor sartzen dira arrozak eta deribatuak, ogia, pasta, patatak eta osagai horiek dituzten plater prestatuak). Berriz ere, A eta B letretan salmenten kontzentrazio handia ikusten da: %90erainokoa. 2020arekiko bilakaerak erakusten du B letra duten produktuek ia 4 puntu egin dutela gora, D letran sailkatutakoek ia 3 puntu egin baitute behera (horrek agerian uzten du produktuak, hobera birformulatuta, hobetsi egin dituztela kontsumitzaileek). Osoko bihiarekin egindako produktu gehiago dago eta arroza eta pastak oinarri dituzten plater prestatuen errezetak birformulatu egin dituzte; horrek aukera osasungarriagoak erraztu ditu.
Lekaleen eta fruitu lehorren eta hazien kategorian, Nutri-Score etiketak nutrizio aldetik hobekuntza nabaria bultzatu du salmentetan. 2023an, salmenten %73 A eta B produktuenak izan ziren (nabarmentzekoa A letra zutenen %61ekoa). 2020arekin alderatzen bada, lau ehuneko handitu da A letra duten produktuetan; hain mesedegarriak ez diren D eta E letrak berriz apaldu egin dira. Aurrerapenik izan bada, batez ere aurreratu da, prozesatutako gamak (kontserban dauden lekaleak, esaterako) eta lekalez prestatutako platerak hobetu egin direlako.
Azkenik, antzeko emaitzak lortu dira itxuraz kontsumitzailearengan elikadura osasungarriarekin kezka txikiagoa pizten duten elikagai eta edarietan, hala nola kafean, tean, infusioetan eta freskagarrietan. Freskagarriei dagokienez, bilakaera positibo nabarmena izan dute EROSKIren berezko marketan, Nutri-Score txertatzeari esker. 2023an, salmenten %61 A letran sailkaturiko produktuak izan ziren; %38, berriz, B letran sailkaturikoak. Horrek erakusten du nutrizio aldetik hobea den aukeraren alde egiten dutela. Horretaz gainera, 2020arekin alderatuta, A eta B letrak dituzten produktuen salmentak igotzearekin batera, ehuneko 19,6 jaitsi ziren hain mesedegarriak ez diren (C eta D) produktuen salmentak. Horrek azaltzen du Nutri-Scorek eragin onuragarria duela era osasungarriagoan erosteko orduan, eta elikagaien sektoreko eragileek gamak birkonfiguratzerainoko eragin-gaitasuna duela.
Azterketak ez dakar olioen kategoriari buruzko daturik, produktu horiek kalkulatzeko algoritmoa berriki aldatu baita; hortaz, ez dago ondorio argigarriak ateratzeko behar besteko daturik. Algoritmo berriak B letra esleitzen dio oliba olioari (kategoriak gehien saltzen duen produktua), eta etorkizunera begira emaitza positiboa iragar dakioke.
Elikadura Osasungarriaren Piramidearen erdialdekoen emaitzak, kategoriaz kategoria
Elikadura Osasungarriaren Piramidearen erdialdean kokaturik dauden elikagai taldeek, maiztasunen kontsumitzea gomendatzen direnek (astean behin baino gehiagotan), antzeko emaitzak eman dituzte azterketan.
Esnekien kategoriak (esneaz gain, gazta freskoak, erdi onduak eta onduak, azukre eta gozorik gabeko jogurtak, kefirra, mamia eta edari begetal esaten zaien batzuk) kontsumo soslai osasungarriagoa erakusten du. 2023an, salmenten %50 A eta B letrak dituzten produktuetan kontzentratu ziren; %35 berriz D letrakoak izan ziren, batez ere gazta onduengatik, zeren eta osaera naturala baitute eta produktu osasungarriak baitira, baina gantz eta gatz asko dute. 2020arekin alderatuta, ikus liteke ia ehuneko 3 igo zela A gisa sailkaturiko produktuetan; aldiz, D letra duten produktuak gutxitu egin ziren ehuneko 3,4; horrek erakusten du hautu osasungarriagoen aldera egin dela. Izan ere, batetik, kontsumitzaileek kontzientzia handiagoa dute, eta, bestetik, produktu batzuk birformulatu egin dituzte.
Gure kultura gastronomikoan, eguneroko menuak egituratzeko orduan, garrantzi handia dute bi elikagai taldek, arrainak eta haragiak: horiek Nutri-Score ez daramaten prozesatu gabeko produktu freskoen gainean oinarritzen dira. Hala ere, aurkeztutako azterlanak bi kategorietako emaitza interesgarriak erakusten ditu bai kontserban eta izoztuta dagoen arrainetan, bai haragi prozesatuan eta bai haragiz eta arrainez prestatutako plateretan. Produktu horiei etiketa jartzen zaie aurrean, eta interesgarria da horien erabilgarritasuna eta eraginkortasuna balioestea.
Arrainen eta itsaskien kategorian (izoztutako eta kontserbatutako arrainak eta itsaskiak barne, eta arrainean eta itsaskian oinarritutako plater prestatuak), azterketak emaitza onak erakusten ditu letrarik onenetan (salmenten %16 baino ez dira D), eta hori nahiko egonkorra da 2020tik, prestatutako plateren salmentak pixkanaka gora egin duen arren.
Haragien kategorian (haragi prozesatu zuriak eta gorriak eta haragia duten plater prestatuak, baina ez gazituak eta hestebeteak) aldeko bilakaera izan dute denboran zehar. 2023an, salmenten %47 B letran izan ziren, eta %44 C letran. B letran ehunetik zortzi puntu baino gehiago igo da; D letran, berriz, ehuneko zazpi baino gehiago jaitsi. Argi eta garbi letrarik onenen aldera desplazatu dira salmentak. Haragi plater prestatuek salmenten %65 iritsi dituzte A eta B duten errezetetan.
Nutrizio piramidearen erdialdean animalia jatorriko produktuak irudikatzen dituzten esneki, arrautza, arrain eta haragi taldeen emaitza agregatua positiboa da. 2023an, salmenten %55 A eta B letrekin sailkatutako produktuetan izan ziren. Horrek aukera osasungarriagoen aldeko joera erakusten du. 2020arekin alderatuta, A letra duten produktuen salmentak ehuneko 1,1 puntu igo ziren, eta C letra duten produktuenak, berriz, 1,8 puntu. Datu horiek erakusten dute oro har hobetu egin dela kategorien nutrizio soslaia, eta horrek azpimarratzen du elikadura orekatsuagoa eta osasungarriagoa eramateko konpromisoa hobetu egin dela denborarekin.
Elikadura Osasungarriaren Piramidearen goialdekoen emaitzak, kategoriaz kategoria
Azkenik, interesgarria da ikustea noizbehinka kontsumitzea gomendatzen diren elikagaien taldearekin nolako portaera dagoen (hemen sartzen dira egunerokoan saihestu beharrekoak eta egun berezietan kontsumitzekoak).
Haragi prozesatuen eta hestebeteen kategorian (haragi prozesatuz, gazituz eta egosiz osatua, hala nola txorizoa, saltxitxoia eta urdaiazpiko egosia), hain mesedegarriak ez diren letrek, D eta E, salmenta gehienak biltzen dituzte (%40 eta %32, hurrenez hurren); izan ere, produktuok kaloria, koipe (bereziki asea) eta gatz asko izaten dute. 2020tik 2023ra, bilakaera positiboa izan da: B letra handitu egin da ia ehuneko hiru eta E, berriz, jaitsi ehuneko 2,4. Horrek iradokitzen du kontsumitzaileek era kontzienteagoan hautatu dutela.
Aurrez prestatutako janarien kategorian (hor sartzen dira pizzak, enpanadak eta lasainak, besteak beste), salmenten %82 A, B eta C letretan pilatzen dira, C letra delarik nagusi (guztiaren %61); hori bat dator etxean egosita jateko prest dauden errezetekin, izan ere, osagai zama handiagoa baitakarte. 2020tik 2023ra, salmenten bilakaerak patroi egonkorra erakusten du: B produktuen salmentek pisua galdu dute, A (3,4 puntu hazi dira) eta C (2,4 puntu hazi dira) produktuen mesedetan.
Saltsen kategorian (tomate-saltsak, maionesa, barbakoa saltsa eta asimilatuak), salmentak oso banatuta daude, produktuen aniztasuna dela eta. 2023an, salmenten %37 A letrakoenak dira, eta %20, berriz, E letrakoenak; horrek muturreko hautuak erakusten ditu eta osagai eta errezeta sorta zabala. Alde batetik, ikusten dute asko igo direla A letrako produktuak (ehuneko sei). Horrek erakusten du aukera osasungarrien aldeko joera dagoela, baldin eta kontsumitzaileentzat erraza bada horiek detektatzea nutrizio etiketa argi bati esker. Beste alde batetik, ordea, E letra duten produktuen pisua aldi berean handitu egin dela egiaztatu dute (8,7 puntu). Itxuraz inkongruentea bada ere, bere azalpena badu: kategoria honetan aukera anitz dago, eta kontsumitzaileek beti ez dute bilatzen aukerarik osasungarriena.
Zizka-mizka gazien kategorian, salmenten erdia baino gehiago C letrakoak izan dira (%52). Horrek erakusten du zaila dela nutrizio sailkapen hobea dutenak lortzea, produktuen beren izaeragatik eta osagaiengatik. Zailtasun objektibo hori hor izanagatik, 2020tik 2023ra ikusi da D letrak pisua galdu duela (6 puntu jaitsi da) eta E ez dela igo (0,2 jaitsi da) eta salmentek C letrako produktuetarantz egin dute (8,4 puntu handitu dira). Emaitza horiek agerian uzten dute gutizien kategorietan (A eta B letrak dituzten aukerak gutxi izanagatik ere) kontsumitzaileek beren hautua dauden soluziorik onenen aldera egiten dutela.
Nutri-Score etiketa duten EROSKI marka propioko elikagai eta edari gozoen analisian, bilakaera positiboa ikusten da azpikategoria gehienetan, salmentak hobekien sailkatutako letretara mugitu baitira. Gosari gozoko produktuetan —hala nola galletak eta opilak—, nabarmen murriztu da E letraren pisua, D eta C sail osasungarriagoen alde: joera positiboa. Postre gozoei dagokienez (jogurt azukredunak edo gozatuak, esnekiak eta izozkiak), hobetu egin dira emaitzak, zergatik eta osagaietatik palma gantzak eta antzekoak eliminatu direlako. Edari gozoetan, portaera positiboa ikusten da, batez ere E sailkapeneko produktuez ari garela, eta erdialdeko letretarantz egin dute salmentek. Txokolateen eta beste gozo batzuen kategorian (zizka-mizka gozoak, opilak, pastelak eta marmeladak), hobeto sailkatuta dauden letretarantz egin dute, eta hori positiboa da. Oro har, gainerako produktu gozoek portaera homogeneoa erakusten dute aukera orekatsuagoetara; nabarmentzekoak marmeladen kategoriak, A letrarantz egin baitute nabarmen.
Aurrerapenak elikadura osasungarriaren arloan Nutri-Scorerekin
“Nutri-Score nutrizio-etiketa aurreratuak bere helburu nagusiak bete ditu: informazio argia, gardena, zientzian oinarritua eta kontsumitzaileentzat ulergarria eskaintzea, eta produktuetan nutrizio aldetik formula hobetuak sustatzea, baita hain egokiak ez diren produktuak ezabatzea ere. Aurrerapen horri esker, erabaki kontzienteagoak eta osasungarriagoak har daitezke, erosketa saskia nutrizio aldetik kalitate hobekoa izan dadin. Gainera, 2020 eta 2023 artean egindako azterketak berretsi du kontsumitzaileek etiketa ulertu, balioetsi eta erabili egin dutela”, esan du EROSKIko Osasun, Iraunkortasun eta Kalitate arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.
Azken batean, Nutri-Score tresna eraginkorra bihurtu da kontsumo hautu osasungarriagoak sustatzeko eta eskaintza komertziala etengabe hobetzeko. 2020tik 2023ra bitarteko datuen analisia lehen urratsa da Nutri-Scorek egoki funtzionatzen duela egiaztatzeko. “Kalkulu-algoritmo berri bat jarrita, 2024tik aurrera, EROSKIn haren inpaktua monitorizatzen jarraituko dugu, duen eraginkortasuna bermatzeko. Produktu eta marka guztiei etiketa aurreratua aplikatzeak are gehiago anplifika ditzake produktu eta marka horien ondorio positiboak. EROSKIk elikadura osasungarria eta kontzientea sustatzeko duen konpromisoa indartzen du horri esker”, adierazi du Martinez Berriochoak.
Compartir en: