Bolada honetan, gure lehen sektorearen zati handi bat, batez ere baratzearen sektoreak galdu egin ditu merkaturatzeko dituen bideetako batzuk. Gehienak familia ustiategiak dira, tokiko merkatuekin funtzionatzen dutenak —zeinei asko jaitsi baitzaie salmenta—, hala nola errestaurazioa —ia erabat etenda dagoena— eta beste kolektibo batzuk —gehiena etenda dagoena—. Ondorioz, urgentziaz behar dituzte beste kanal batzuk, zeren eta haien ekoizpena ez da gelditzen iraungitzen diren produktuak diren aldetik.

Gorabehera hori bera izaten ari dira gutxi-gehiago beste sektore tradizional batzuk, ekoizpena iraungitzen baitzaie haiei ere: haragitarako bildotsaren sektorea —kanpainaren amaieran bereziki jo duena—, esneki ustiategiak, gazta freskoa eta abar.

“Lankidetza prozesu bat bideratu dugu ekoizleek, instituzioek, enpresa hornitzaileek eta EROSKIk beren ohiko salmenta bideak galdu dituztenen ekoizpenak saltzen direla bermatzeko”.

Tokiko ekoizleekin lankidetzan jardutea da gure politika komertzialaren bereizgarrietako bat. Hala, hasieratik bertatik, EROSKIn gure gaitasuna zabaldu dugu era proaktiboan laguntzeko sektoreari babes ekintzak sustatuta.

Gu gauden autonomia erkidego guztietan garatzen ari gara ekimen hau, nahiz eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan dihardugun horretan; eta erantzun arina ematen ari gara jasotako eskaerei.

Elkarrizketak izan ditugu Eusko Jaurlaritzarekin, haien aterkipean diren eragileekin —besteak beste, Hazi eta Elika—, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, sindikatu nagusiekin, eta sektorekako elkarteekin, baita gure hornitzaile nagusiekin ere; xedea da prozesu bideratzaile bat irekitzea alderdi guztiek bermatuak izan ditzaten beren ekoizpenen salmenta.

Eusko Jaurlaritzak koordinatzaile bat ipini du eragileen eskaera guztiak bideratzeko, premien zentsua egiteko eta EROSKIk erraztu dion gutxieneko kalitate sorta baten lehen iragazkia egiteko (osasuna eta trazabilitatea ziurtatzeari lehentasuna emanez).

Era berean, EROSKIk hitzarmen bat egin du bere barazki hornitzaile birekin, zenbait zereginetan erraztasunak izateko, hala nola bilketa, kalitate komertzialaren iragazkia, ontziratzea eta etiketatzea eta azkenik fakturazioa; horrela, ekoizle txiki horien soberakinak hartuko ditugu, eta gure jarduera dagoeneko ezagutzen duten hronitzaileekin ohiko bide batean txertatuko ditugu. Hala, lehentasunez lagunduko diogu sektoreari, eta uneoro salmenta bermatuko.

Haragiaren sektorean ere, soberakinak saltzeko oinarriak ezartzen ari gara gure hornitzaile nagusiarekin, Harakai, eta alternatiba komertzialak eta sinergiak bilatzen dihardugu beste hornitzaile batzuekin esnea eta gaztak saltzeko.