• Taldeak 6.000 milioi eurotik gora fakturatu du.

  • EROSKIk %3,3 igo ditu salmenta gordinak, eta sendotasun operatiboa areagotu du, noiz eta finantza egitura berrantolatzen jardun den ekitaldi honetan.

EROSKI Taldeak, kontuak 2026ko urtarrilaren 31n itxita, 6.081 milioi euro fakturatu ditu 2025eko ekitaldian. Hala, beraz, sendotu egin du bere jardueraren eboluzioa ekitaldi horretan. Alderdi operatibotik, Taldearen eboluzioa positiboa izan da, 252 milioi euroko ustiapen-etekina izan baitu, %3,1 handiagoa aurreko ekitaldian baino. Hortaz, gero eta sendoago doa ohiko jarduera hobetzeko bidean.

Zergak ezarri aurreko emaitza 85 milioi eurokoa izan da, aurreko ekitaldian baino %33,1 apalagoa. Sozietatearen gaineko zergan 38 milioi euroko gastua aplikatuta, emaitza positibo garbia 47 milioi eurokoa izan da, zergatik eta ekitaldian egindako finantza berrantolaketaren prozesuari loturiko gastu finantzario ez errepikariagatik.

Prozesu horrek behin betiko normalizatu du Taldearen finantza egitura; izan ere, horri esker, zorra sinplifikatu egin da, iraungipen soslaiak hobetu dira eta kostua gutxitu. Horrek aurrezpena eta egonkortasuna sorraraziko ditu epe laburrera, erdira, eta luzera.

Portaera horrek erakusten du nolako gaitasuna duen EROSKIk errentagarritasunari eusteko efizientziaren hobekuntzan bermatuta, kostuak kontrolatuta eta proposamen komertziala sendotuta.

“2025 mugarria izan da EROSKIren ibilbidean. Ziklo zorrotz bat itxi dugu, eta negozio sendoarekin itxi ere: gure finantza oinarria normalizatu egin baita, eta hazkunde etapa berriari ekiteko konfiantza berreskuratu baitugu, betiere leial jokatuz gure eredu kooperatiboarekin eta pertsonekiko konpromisoarekin”, aipatu du Rosa Carabelek, EROSKI Taldeko CEOak. “Familia askorentzat testuingurua oraindik zaila den honetan, sendotu egin dugu aurrezki eragile gisa dugun zeregina. Hala, 435 milioi euro baino gehiago helarazi dizkiegu gure bezeroei. Horrek erakusten du nolako bokazioa dugun haiei lagun egiteko hurbileko proposamen lehiakor eta konfiantzazko bat eskainita”, amaitu du.

 

Emaitza operatiboak

Negozioa eramateko moduari esker, adierazle nagusiek eboluzio positiboa eduki dute. EBITDA 340 milioi euroraino iritsi da, joan den hamar urteko mailarik gorenera.

Emaitzok erakusten dute Taldearen jarduera sendoa dela, noiz eta kontsumoa zorrotza eta leiakorra den honetan.

 

Eragiketa giltzarria: finantza egituraren antolamenduaren amaiera

Taldearen finantza berrantolatzeko prozesuaren amaierak markatuta egon da 2025eko ekitaldia; horri esker, behin betiko berrantolatu eta normalizatu du bere finantza egitura, urteetan zorra murrizten jardun ondoren.

Operazioaren ondorioz, nabarmen hobetu da zorraren soslaia: iraungipen orekatsuagoak eta finantza kostu txikiagokoak lortu dira, eta Taldearen egonkortasuna areagotu. Hala, etorkizunari sendotasunez heltzeko gaitasuna berreskuratu da.

Operazio horretan, babesle izan dira lehen mailako finantza erakundeak, bai Espainiakoak eta bai nazioartekoak, orobat babes instituzionala. Horrek erakusten du konfiantza sendoa dagoela EROSKIren proiektuan eta haren eredu kooperatiboan. Partaide izan dira, besteak beste, Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Santander, CaixaBank, Rabobank, Intesa Sanpaolo eta Deutsche Bank. Eta, horrekin batera, Finantzen Euskal Institutua eta ICO. Era berean, eta prozesuarekin lerrokatuta, Europako Inbertsio Bankua batu da berriki Taldearen finantzaketara. Hortaz, areagotu egin da proiektuarenganako babes instituzionala, eta luzera begirako helburu estrategikoak indartu. Gauzak horrela, gero eta eraginkorragoa eta egonkorragoa den egitura finantzarioa are eta gehiago sendotu da.

Mugarri horrekin etapa berria abiatu du EROSKIk, eta atzean utzi du eraldaketa finantzarioan jardun den ziklo bat. Hemendik aurrera, hazkundean eta leiakortasunaren hobekuntzan zentratuko da.

“Zorra berriz finantzatzeko prozesuak, 2025ean amaitu denak, finantza egitura sinplifikatzea lortu du, iraungipen soslaiak hobetu ditu eta zorraren kostua gutxitu; hala, Taldearen egonkortasuna indartu da luzera begira. Azken urteetan, finantza diziplinaren estrategia landu da, eta horrek posizio hobean jarri gaitu etorkizunera begira, negozioaren garapena bermatzeko balio izan baitu”, azpimarratu du Josu Mugarrak, EROSKI Taldeko finantza zuzendariak. 

 

 Negozioaren hobekuntza testuinguru zailean

Kontsumo zuhurragoko testuinguru honetan, prezioarekiko sentiberatasun handia izanik ere, EROSKIk jarraitu du areagotzen aurrezpenean, kalitatean eta tokiko produktuan zentratutako bere proposamen komertziala.

Taldeak eboluzio positiboa izan du bere jardueran; izan ere:

  • Prezioak eusteko eta apaltzeko politika aktiboan jardun du.
  • Marka propioa erabili du lehiakortasuna sustatzeko.
  • Freskoen eta hurbileko produktuen sorta handitu du.
  • Kontsumitzailearekiko harreman eredua garatu du EROSKI Cluben bitartez.
  • Hazkunde estrategia selektibo eta iraunkor bat eraman du.

 

2025ean, EROSKIk jarraitu du bere sare komertziala eta guztitarako eredua garatzen; hala, 1.500 saltokitara baino gehiagotara iritsi da, kontuan hartuta denda fisikoak eta online dendak, eta bere jardun eremuko presentzia sendotu du.

 

Ingurunearekiko balioa eta konpromisoa sorrarazten

Eredu kooperatiboari leial izanez, EROSKIk jarraitu du balio ekonomiko eta soziala sorrarazten bere ingurunean, nola eta familiak babesteko ekimenak abian jarrita, tokian-tokian ekoizpen ehunari lagunduta eta oro har gizartea babestuta.

Hauek izan dira ekitaldiko adierazle nagusiak:

  • 435 milioi euro baino gehiagoko aurrezpena transferitua gure bezeroei.
  • Lankidetza tokiko 2.300 ekoizle baino gehiagorekin.
  • Iraunkortasunaren arloko 4.500 prestakuntza ordu 400 bat hornitzaileri, balio kateari Lagun Egiteko Programaren barnean.
  • 25 milioi euro baino gehiago bideratuak gizarte xedeetara.
  • 28.200 langile baino gehiagoko taldea, horietatik 8.336 bazkide langileak.
  • 298.000 prestakuntza ordu baino gehiago, bere lantaldeen garapen profesionalera bideratuak.

Eredu kooperatibotik abiatuta, taldeak jarraitu du pertsonekiko konpromisoa indartzen eta bere lantaldeetan enplegua, prestakuntza eta garapen profesionala bultzatzen; aldi berean, inguruneari ekarpena egiten jarraitu du, familien aurrezpena sustatuz, tokiko ekoizpen sarea babestuz eta gizarte erakundeekin lankidetzan arituz.

“Emaitza hauek erakusten dute nolakoa den gure enpresa eredua eta zer-nola ulertzen dugun gure ardura. EROSKIn bost konpromiso argirekin dihardugu kontsumitzaileenganako: aurrezpena eta kalitate ona eskaintzea, elikadura osasungarria sustatzea, tokian tokiko produktua bultzatzea, gizartearekiko erantzukizunez jokatzea eta gero eta iraunkorragoa den eredu baterantz egitea. Pertsonen konpromisoari esker lortu dugu hori dena, haiek baitira Taldearen aktibo nagusia eta erresilientziaz eta eraldaketaz beteriko ibilbide honetako protagonistak. Printzipio horiek gidatzen dute gure eguneroko jarduna eta horiek dute egiazko eragina gure ingurunean”, amaitu du Rosa Carabelek, EROSKI Taldeko CEOak.

 

Etorkizuna

Bere finantza egitura berrantolatzeko prozesua amaitu eta jarduera operatiboa sendotu ondoren, EROSKIk etapa berri bati ekin dio, finantza posizio sendoago eta egonkorrago batekin.

Fase berri hau Taldearen plan estrategikoaren parte da, eta asmoa da hazkundea eta lehiakortasuna indartzea, eraldaketa teknologikoan aurrera egitea eta jarduerak optimizatzea, bai eta kontsumitzailea, langilea, aurrezpena eta hurbiltasuna ardatz dituen merkataritza eredua sendotzea ere.

Testuinguru horretan, kooperatibak errepide mapa jakin batekin ekingo die datozen ekitaldiei: berrikuntza bultzatuko du, guztitarako kanalak sustatuko ditu eta sare komertzialaren hazkunde selektiboa egingo du; era berean, balio proposamena indartuko du, kontsumitzaileen behar berrietara egokitzeko.

Hori guztia egiteko, luzerako begirada jarriko du, eta zutabe izango ditu finantza egitura efizienteagoa eta eredu kooperatiboa, zeinak lehiakortasuna, iraunkortasuna eta ingurunearekiko konpromisoa konbinatzen baititu.

Partekatu