• Imanol Pradalesek nabarmendu du EROSKIk berrogeita hamar urtetik gora daramatzala Euskadirekin konprometituta

  • EROSKIko CEO Rosa Carabelek taldearen aldarria egin du, enplegua, berrikuntza eta gizarte eraldaketa kooperatibismotik indartzeko motorra izan baita

Imanol Pradales lehendakaria Elorrion izan da gaur, EROSKIren egoitza zentrala eta plataforma logistikoa bisitatzen, egoitzok 50 urte bete dituztela eta. Bertan, 1.300 lagun baino gehiago ari dira lanean, eta taldearen gune operatibo eta estrategikoa da. EROSKIko Rosa Carabel CEOa lagun zuela, lehen eskutik errepasatu dituzte kooperatibaren proiektuak izan duen eboluzioa eta Euskadiko garapen ekonomiko eta sozial iraunkorrarekin erakutsi duen konpromisoa.

Ibilbide kooperatibo xededuna
EROSKI orain dela 56 urte jaio zen, euskal mugimendu kooperatiboaren sabelean, bokazio argi batekin: eguneroko oinarrizko beharrei erantzun sozial eta kolektibo bat ematea, nola eta pertsonetan, partaidetzan eta lurralde-errotzean oinarrituriko enpresa eredu baten bitartez. Elorrion duen egoitzak jatorri hori sinbolizatzen du, eta esentziari eutsiz handitzen asmatu duen erakunde baten bihotz bihurtu da. Espainiako banaketa kooperatiba nagusietako bat da gaur egun, eta kooperatiba eredu erreferentziala da nazioartean. Bertan, jabetza eta kudeaketa demokratikoa bazkide langile eta kontsumitzaileen gain doa. Bere ibilian, sendotu egin da nortasun aldetik, eta erdigunean beti izan ditu elkartasuna, ekitatea eta garapen bateratua.

Horretaz gainera, EROSKI finkatu egin da proiektu xededun gisa, gauza baita tokian tokiko talentua erakarri eta bultzatzeko, eta bokazio argia du jendea laneratzeko eta garapen profesionala sustatzeko. Gaur egun, 8.868 lagun dira EROSKIren taldeko kide EAEn —%81 bazkide langileak—, horietatik %78 emakumeak. Emakumeak giltzarri dira kooperatiban, eta horrek era transbertsalean gurutzatzen ditu hala talde operatiboak nola zuzendaritza, erakundean ardurazko lanpostuetan %74 baitira emakumeak. Horrek erakusten du bere antolamendu eredua berdintasunarekin konprometituta dagoela.

Ingurunearen motor ekonomikoa eta soziala
1969an jaio zenetik, EROSKI eragile giltzarria izan da bere inguruneko garapen ekonomiko eta sozialean. Izan ere, lotura sendoak ezarri ditu hurbileko ekoizpen ekosistemarekin, batik bat nekazaritzako elikagaien sektorearekin. EROSKIk EAEko 367 hornitzaile baino gehiagorekin dihardu —%69 nekazaritzako elikagaien ekoizle txikiak—, eta horiek 8.100 produktu baino gehiagorekin hornitzen dituzte saltegiak, batik bat sasoiko freskoekin.

Era berean, lankidetza ekimenak sustatzen ditu elkarteekin, ikastetxeekin eta gizarte erakundeekin, helburu harturik kontsumo arduratsua, elkartasuna eta aukera berdintasuna. Beraz, enpresa eredu horrek ez dio alderdi ekonomikoari bakarrik begiratzen, gizartean inpaktu baikor eta iraunkorra ere sorrarazi nahi baitu. Nabarmentzekoa da EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolak betetzen duen zeregina. Haren Ohitura Osasungarrien Heziketa Programan ikasturte oroz aritzen dira EAEko 200 ikastetxe batez beste; eta joan deneko hamar urtean, 177.886 ikasle euskaldunek parte hartu dute.

Eremu horretan, nabarmentzekoa da, halaber, EROSKIk dibulgazioan egindako lana EROSKI Consumer aldizkariaren bitartez. Horrek ere 50 urte bete ditu, eta erreferentea da, informazio independente zorrotz eta erabilgarria ematen dielako herritarrei kontsumo arduratsuaren eta kontzientearen arloan.

Konpromisoa Euskadirekin
EROSKIk beti eduki du kolaborazio konstante eta eraikitzailea Eusko Jaurlaritzarekin, eta garapen inklusiboan, kooperatibismoaren bultzadan eta iraunkortasunean oinarritzen den ikuspegi komuna partekatu du.

Aliantza horren azkenetako adierazpena 2007an sinaturiko lankidetza hitzarmena izan da, zeina 2013an eta 2022an berritua izan baita: helburua da nekazaritzako elikagaien industria indartu eta garatzea EAEn, nola eta balio kate osoan tokiko ekoizpena, elikadura osasungarria eta jokabide iraunkorrak bultzatuta. Asmoa da hitzarmena aurten berritzea.

Lehendakaria Elorriora etorrita, lehendik ibilbide luzea zuen erakunde-harremana indartu dute, eta etorkizuneko begirada partekatua ere proiektatu dute: EAE erresilienteagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzerik izan dadin elkarrekin kolaboratuta eta lankidetzan arituta.
Bere bisitan Imanol Pradales lehendakariak hauxe gogorarazi du: “EROSKI Euskadiko enpresarik handiena da pertsona eta kopuru aldetik, eta kooperatibismoa ekonomiaren eta gizartearen motor izan daiteke”. Era berean, hauxe nabarmendu du: “EROSKIk 50 urte baino gehiago bete ditu Euskadirekin, kalitatezko enpleguarekin, berrikuntzarekin eta tokiko garapenarekin konprometituta. Etorkizunari handinahitsu eta arduraz begiratzen dion proiektua da“.
EROSKIko CEO Rosa Carabelek, berriz, eskerrak eman dizkio lehendakariari, EROSKIri lagun egin izanagatik, eta aldarri bat egiteko aprobetxatu du, “taldea enpleguaren, berdintasunaren eta berrikuntzaren motorra izan baita. Herrialdearekin dugun konpromisoa indartuz goaz, ingurunearekin konprometitutako banaketa eredu iraunkorrago baterantz, eta bide horretan, berrikuntzaren, lurralde-errotzearen eta ekonomiaren begirada gizakoiaren alde egin dugu apustu. EROSKIren lan kolektiboak aberastasuna, gizarte kohesioa eta ongizatea sorrarazi ditu. Eta etorkizun partekatua proiektatuz egiten dugu hori: erronka berriz eta aukeraz betea datorren etorkizuna da, talde honen parte diren pertsonentzat eta EROSKIrena bezain proiektu inspiratzailearen parte izateko etorriko eta bertan formatuko direnentzat”.

Logistika berritzailea
Elorrioko plataforma logistikoa erreferentea da banaketaren sektorera aplikatutako berrikuntzan. Urteotan, EROSKI aitzindaria izan da soluzio teknologiko aurreratuak ezarriz: automatizazio adimenduna eta digitalizazioa aplikatu ditu bere prozesuetan, eta gaur egun adimen artifiziala garatzen dabil sare logistikoa optimizatzeko. Ikuspegi horri esker, kudeaketa eraginkorra, arina eta iraunkorra lortu du. Horri esker, trazabilitatea bermatzen du, hondakinak gutxitzen ditu eta erantzun gaitasuna handitzen du.

420 lagunek baino gehiagok lan egiten dute 40.000 metro koadrotan, eta 390 dendari zerbitzu ematen diote elikagaiak (ez freskoak) eta drogeriako eta lurrindegiko produktuak hornituz. Horretarako, 150.000 kutxa mugitzen dituzte egunean.

EROSKI liderra da gaur egun Europa hegoaldeko puntako proiektuetan: erakutsi du teknologia erabil daitekeela ondasun komunean oinarritzen den eredu kooperatibo bati zerbitzu emateko.

EROSKI taldeari buruz
EROSKI Espainiako lehen banaketa talde kooperatiboa da, eta liderretako bat Espainia iparraldeko merkatuan —Galiziatik Balearretara—, %12,8ko merkatu kuotarekin; eta liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Galizian eta Balearretan. 2024aren amaieran, 1.502 saltoki zituen bere sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatuak, baita gasolindegiak, kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere. Horretaz gainera, 6,4 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, eta 27.625 bazkide kooperatibista eta bazkide langile baino gehiago, horietatik 8.500 sozietatearen jabe ere badirenak; horri 600 denda frankiziatuetako langileen kolektiboa gehitu behar zaio.

Compartir en: