• Nafarroako 176 hornitzaile komertzialekin lan egiten du, eta haien 3.000 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu

  • EROSKIk lehen sektorearen iraunkortasunean laguntzen du, eta hitzarmenak ditu Nafarroako nekazaritzako elikagaien arloan diharduten elkarte ugarirekin

  • Horietatik %85 nekazaritzako elikagaien tokiko ekoizleak dira, 150 guztira, eta EROSKIk 1.701 produktu erosi zizkien 46 milioi eurotan

EROSKIk 116 milioi euro baino gehiago erabili zituen Nafarroako hornitzaile komertzialei tokiko produktuak erosteko 2024ko lehen seihilekoan. EROSKIk Nafarroako 176 hornitzaile komertzialekin lan egiten du, eta haien 3.000 produktu baino gehiago merkaturatzen ditu. Produktuok toki nabarmenduak dituzte dendetan, batez ere sasoian sasoiko frutek, berdurek eta barazkiek.

Kooperatibaren Zurekin eredu komertzialak sendo egiten du tokiko janarien alde, eta dibertsitate handiko ehun produktiboa bultzatzen du, giltzarri baita sektorearen iraunkortasunerako eta ekonomiarako, kulturarako eta paisaiarako berak diharduen inguruneetan.

Hornitzaile komertzial guztietatik %85 nekazaritzako elikagaien tokiko ekoizleak dira, guztira 150, eta horiei 1.701 produktu erosi zizkien 46 milioi eurotan urteko lehen seihilekoan.

Tokiko produktuen erosketa horietatik, gehien igo diren produktuak dira kontserbako zainzuriak, %51 gehiago aurreko urteko epe berarekin alderatuta, fruta, %47, kontserbako piperrak, %11,4, esnea, %8,7, eta haragia, %6.

Kategoria horiek geure markan txertatzeak eta horrekin batera sustapenek eta aurreztearen aldeko apustuak, klima hobeak eta kontsumo ohituren aldaketek lagundu dute kategoria horien aldeko eboluzioa“, adierazi du EROSKIren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.

Lankidetza hitzarmenak

Tokiko ekonomiaren alde inguruneko ekoizleekin egiteko apustu horretan, hitzarmenak eginak ditu, hala berean, sektoreko erakundeekin eta nekazaritzako elikagaien arloko elkarteekin.

EROSKIk lankidetza hitzarmenak ditu Nafarroako beste jatorri izen batzuekin –besteak beste, Nafarroako Olioa, Erronkari eta Idiazabal gaztak– eta adierazpen geografiko babestuekin: Nafarroako Txahala, Nafarroako Axuria eta Nafarroako Patxarana. Kontsumitzaileak bestelako ziurtagiriak dituzten produktuak ere aurki ditzake EROSKIren dendetan, hala nola Nafarroako artisauen elikagaiak, ekoizpen ekologikoa eta ekoizpen integratua.

Nabarmentzen direnen artean, azpimarratzekoa da lanean ari dela Teknologia eta Azpiegitura Agroalimentarioetako Nafarroako Institutuarekin (INTIA), bertako produktuak Reyno Gourmet markarekin sustatzeko; marka horren 450 erreferentzia merkaturatzen ditu. Reyno Gourmet marka 2007an sortu zen, eta, 2010. urtean, lankidetza estua abiatu zen EROSKIren eta INTIAren artean, egundaino dirauena. Horrekin batean, hitzarmena egina du UAGNekin (Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna), tokian tokiko produktuak saltzen laguntzeko: zainzuriak, orburuak, piperrak, txahal haragia, arkumea, gaztak, ardoak…

Era berean, Nafarroako Kluster Agroalimentarioan parte hartzen du (Nagrifood); kolektibo bat da, sektore askotako korporazioekin osatua, eta horren helburua da Nafarroan nekazaritzako elikagaigintzan dihardutenak lerrokatzea Europako berritasun eta jasangarritasun politikekin.

Tokiko hornitzaileei lagun egiteko programa

EROSKIk joan den ekainetik tresna bat du Nafarroako nekazaritzako elikagaien ekoizleen zerbitzuko. Tresna horiekin, ingurumenaren, gizartearen eta gobernu korporatiboaren alde egiten dutena ebaluatzeko modua izango dute enpresek, ESG irizpideak aintzat hartuta.

Aurreneko fasean den proiektu honen bitartez, sei alderdi ebaluatuko zaizkie Nafarroan nekazaritzako elikagaiak ekoizten diharduten 120 bat ekoizle txikiri, eta alderdi horiek hobetzeko behar dituzten tresnak emango zaizkie. Helburu nagusiak hauek dira: EROSKIren ingurunean diharduten tokiko ekoizleen enpresak gehiago ezagutzea eta konpromisoa areagotzea; prestakuntza eta babesa ematea etengabe hobetzen joan daitezen, produktuen kalitatea handitzen eta ingurumen eta gizarte arloetan portaera hobetzen laguntzea eta gidatzea, eta hornidura katean gardentasun handiagoa lortzea.

 

EROSKI Nafarroan

EROSKIk 103 saltoki ditu guztira foru erkidegoan, hala nola hipermerkatuak eta supermerkatuak, propioak nahiz frankiziatuak eta cash&carry-ak; eta horietaz gain gasolindegiak, optikak eta kirol ekipamendurako dendak, baita online supermerkatua ere. EROSKIren hemengo langile taldea 1.462 lagunez osatua dago. EROSKI Clubek 310.000 bezero-bazkide baino gehiago ditu Nafarroan.

Compartir en: