• Familian eta gazteen artean euskararen transmisioa eta erabilera sustatzeko konpromisoa hartu dute

  • Jolas eta kantu liburu bat argitaratuko dute eta Durangoko Azokan aurkeztuko da

EROSKIk eta Durangaldeko Mankomunitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute eskualdean euskararen erabilera sustatzeko, eta, horretarako, familian eta gazteen artean euskararen transmisioa eta erabilera bultzatzeko ekimenak indartu dituzte. Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak eta Mikel Larrea EROSKIko idazkari nagusiak sinatu dute akordioa.

Hitzarmen hau Mankomunitateak garatzen duen “Familian Euskaraz Olgetan” programaren barruan dago. Programa honen helburua haurrek eta beren familiek euskarazko jarduerez gozatzea da, eta eguneroko erabilerarako eta ondorengo belaunaldiei transmititzeko tresnak eskaintzen ditu. Horretarako, EROSKIk diruz lagunduko ditu Durangaldeko Mankomunitateak proposatutako jarduerak. Euskarazko kantu eta haur jolasen liburua argitaratzea da beste ekimenetako bat, zeina datorren hilean Durangoko Azokan aurkeztuko duten.

‘Txalopin txalo’ izena daukan lan honen helburua eskualdeko ahozko ondarea berreskuratzea eta transmititzea da. Horretarako, herri desberdinetako edadeko lekukoengana jo dute egileek bideo-grabazioz gaur egun bizirik dirauten kantuak jasotzeko. Belaunaldiz belaunaldi, etxean ikasita, eurengana heldu diren ahozko bertsioak batu dira. Abestiak era askotakoak dira: ume txiki-txikiak lokartzeko, egoera desberdinetan jolasteko, urte sasoi jakin batzuetako ospakizunetan abesteko edo gure herri kantutegian ezagunak diren aleak, besteak beste. Horregatik, kantu batzuei dagozkien azalpena jarri dira.

“Eskertzekoa da horrelako laguntzak proiektu berrietan islatzea. Akordio honi esker, ‘Familian Euskaraz Olgetan’ programa Durangoko Azokan aurkeztuko dugun kantu liburu batekin sendotuko da. Ziur gaude elkarlan honetatik emaitza ona aterako dela”, adierazi du Idoia Otaduy Mankomunitateko presidenteak.

Bestalde, Mikel Larrea EROSKIko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, “oso pozik gaude Mankomunitatearekin batera euskararen, gure hizkuntzaren, erabilera sustatzeko lan egin ahal izateagatik. EROSKIk berea sentitu du euskara sortu zenetik, 1969tik, eta haren normalizazioa bultzatu dugu hainbat ekimenen bidez, bai bazkideen eta langileen artean, bai gure bezeroekin, hornitzaileekin eta, oro har, ingurunearekin dugun harremanean”.

Euskararekiko konpromisoa
EROSKIk konpromiso sendo eta iraunkorra du euskararen zabalkundearekin. Kooperatibaren sortze aktan bertan jasotzen da euskararen koofizialtasuna, eta arlo guztietan bultzatzen du euskara, bai langileei dagogienez, bai kontsumitzaileen aldetik. EROSKIk Euskara Plana bezalako ekimenak eta proiektuak garatzen ditu ingurune elebidunak lortzeko eta erakundearen barruan euskararen erabilera areagotzeko. Kooperatiba aitzindaria da, eta bere marka propioko produktuen etiketatzea euskaraz eta gainerako hizkuntza ofizialetan eskaintzen duen banaketa enpresa bakarra izaten jarraitzen du.
EROSKIk Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan (Durangoko Azoka) parte hartzen du hainbat hamardaz geroztik. Jakina da euskara sustatzeko azoka nabarmenena dela DA!.

Halaber, lurralde bakoitzeko hezkuntza-sektorean euskara sustatzeko jarduera nagusiekin lankidetzan aritu da EROSKI (Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak, Nafarroa Oinez eta Euskal Eskola Publikoaren Jaia). Hori gutxi balitz bezala, 6.800 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten iaz EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolak antolatutako ekitaldietan, eskola-umeen eta familien artean elikadura-ohitura osasungarriak sustatzeko ekimenean.

 

Compartir en: