• Programa ikasleentzat eta haien familientzat eginda dago, eta EROSKIk Osasunaren eta Iraunkortasunaren arloan hartuak dituen konpromisoetako bat betetzen du

  • Gizarte Eskubideen Ministerioak eta 2030 Agendak finantzatzen dute

  • EROSKI Fundazioaren Elikadura eta ohitura osasungarriei buruzko heziketa programak aitortza ugari jaso ditu: besteak beste, Haur Komunikazioaren Nazioarteko Jaialdiaren “El Chupete” saria eta Osasun eta Kontsumo Ministerioak ematen duen NAOS saria

12 urtez azpiko 2.110.000 ikaslek parte hartu dute orain arte Elikadura eta ohitura osasungarrien gaineko porgraman. Urtero antolatzen du EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolak, 2012an programa abiatu zutenetik. Espainian haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan ari diren guztien %72ren parekoa da hori. Hala, EROSKIk aurrera jarraitzen du haur gizentasuna prebenitzeko helburuarekin; 2018. urtean kooperatibak Osasunaren eta Iraunkortasunaren alorrean harturiko 10 Konpromisoen parte da ekimen hori.

“12 urte honetan egindako ibilbideari erreparatuta, esan dezakegu hezkuntza programa ekimen arrakastatsua izan dela eta oso ongi baloratzen dutela bai ikasleek, bai irakasleek eta bai gurasoek. Hezkuntza da elikadura osasungarri baterantz egiteko aurreneko pausoa. Haurren osasun arazoak saihesteko balio dutenez, inportantzia handia ematen diegu hezkuntza programei eta ohitura osasungarriei. Ikastetxeetan egon behar dugu ohitura osasungarri hobeak nola eraman jarraibideak zabaltzeko“, adierazi du EROSKI Fundazioko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

Elikadura eta Ohitura Osasungarrien Programa egiteko, Batzorde Zientifiko bat dago, zenbait arlotako profesionalekin osatua: medikuntza eta pediatria, nutrizioa eta dietetika, psikopedagogia eta pedagogia. Ikasturte honetan, 2.352 ikastetxetako 213.629 ikasle pasatu dira, eta programak Gizarte Eskubideen Ministerioaren eta 2030 Agendaren  finantzaketa izan dute.

Oraingo edukiak Espainiako ikastetxe guztietako lehen hezkuntzako (6-12 urte) eta haur hezkuntzako (3-6 urte) ikasleei zuzenduta daude, eta hauxe du helburu: ikasleei formakuntza ematea elikadura orekatuaren oinarriei buruz, ohitura osasungarriei buruz, bertako produktuei buruz, munduko hainbat kulturatako dietei buruz eta planetaren jasangarritasunari buruz. Irakasleentzat material didaktikoa eskaintzeaz gain, interakzio jolasak ditu, erronkekin eta sariekin, elikadura orekatua sustatzeko. Maila bat baino gehiago daude, zailtasunaren arabera adin tarte hauetara egokituta: 6-8 urte, 8-10 urte eta 10-12 urte. Bai ikastetxeek eta bai familiek eskura izango dituzte formatu digitalean ipuinak, jarduera esperimentalak eta sentsorialak, ikasgelarako jokoak eta familian jokatzeko modukoak, eta maila bakoitzerako berariaz diseinaturiko komikiak.

Irakasleek eta ikasleek EROSKIren dendetan egiten diren tailerrak estimatzen dituzte gehien; izan ere, erosketa osasungarri bat arduraz egiten erakusten zaie haurrei, eta errezeta errazak, dibertigarriak eta osasungarriak egiten ere bai. Horietako batzuk, Ikasgelako Chefa Tailerrak zehazki, Basque Culinary Center erakundearekin batera ematen dira. Gainera, Unicef WWF eta Bihotzaren Espainiako Fundazioa EROSKIren Elikadura Eskolaren kolaboratzaileak izan dira 12 urte hauetan, eta programako edukien zati bat zehazten lagundu dute.

Joan den ikasturtean, 555 tailer egin zituzten EROSKIren, Capraboren eta Vegalsaren dendetan, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 12.000 ikaslek parte hartu zuten.

Aitortza, ohitura osasungarriak sustatzeagatik

EROSKI Fundazioak elikadura osasungarriagoa sustatzeko sortu duen heziketa programak aitortza ugari izan ditu. Besteak beste, Haur Komunikazioaren Nazioarteko Jaialdiak ematen duen “El Chupete” saria, adingabeekin landutako komunikazioagatik; Osasun eta Kontsumo Ministerioak ematen duen NAOS saria, kontsumitzaileen osasunaren alde eta ohitura osasungarriak sustatzeko egindako ekarpenagatik; Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Gosasun Zigilua; Osasunaren eta Bizi Kalitatearen arloko Herritarren Saria; Nutrizioaren Kataluniako Zentroaren Saria; eta OCARE Saria, “GEKeko Komunikazio Kanpainarik onena gizarte zibilarekin”.

Compartir en: