EROSKI-k eta ONCE Fundazioak indartu egin dute desgaitasuna dutenak laneratzeko konpromisoa
25 urte lankidetzan gizarteratzearen eta laneratzearen alde

- Hitzarmen berriak desgaitasuna dutenen 270 kontrataziotara iristeko helburua du EROSKIren aldetik, hemendik 2030era bitartean.
- Hitzarmenak badakartza beste ekimen batzuk ere, hala nola prestakuntza, irisgarritasun unibertsala, erosketa arduratsuak eta gizarte sentsibilizazioa.
- Hitzarmena izenpetu ondoren, elkarrizketa mahai bat egin dute, eta bertan aritu dira erakundeak eraldatzeko eta ingurune inklusiboagoak eraikitzeko orduan pertsonek duten arduraz.
EROSKI Taldeak eta ONCE fundazioak elkarrekin duten lankidetza berritu dute gaur, Inserta hitzarmen berria izenpetzearekin. Xedea da desgaitasuna dutenen inklusio soziolaborala bultzatzea. Hitzarmenak helburu bezala ezartzen du 86 kontratazio berri sustatzea EROSKIn, hemendik 2030eko urtarrilera bitartean. Lehendik eginak dituzte 184 inkorporazio bi erakundeek lankidetza hasi zutenetik.
Izenpetze ekitaldia ONCE Fundazioaren Por Talento Digitalen HUBean egin dute, Madrilen, eta bertan izan dira EROSKI Taldeko CEOa, Rosa Carabel, eta ONCE fundazioko presidenteorde exekutiboa, Alberto Duran. Ekitaldian izan dira, halaber, ONCE fundazioko idazkari nagusia, Virginia Carcedo, eta EROSKI Taldeko Lan Harremanen, Prebentzioaren eta Administrazioaren zuzendaria, Gonzalo Fernandez Ibañez.
Hitzarmen berriak segida emango dio 25 urte honetan izandako lankidetza harremanari, eta are gehiago indartuko du EROSKIk eta ONCE fundazioak elkarrekin zuten konpromisoa; hau da, desgaitasuna dutenen aukera berdintasuna, talentu aniztuna eta bizi kalitatearen hobekuntza bultzatzea.
EROSKI Taldeko CEOak, Rosa Carabelek, honela azpimarratu du: “Hitzarmen honek erakusten du enpresaren gainean dugun ikuspegia: proiektu ireki eta aniztun bat pertsonekin konprometitua. Lan aukerak sortzen jarraitu nahi dugu, eta bakoitzaren talentua guztiz garatuko duten inguruneak eraikitzen”.
Alberto Duranek, ONCE fundazioko presidenteorde exekutiboak, enpresa eta gizarte erakundeen arteko lankidetzaren garrantziari heldu dio, desgaitasuna dutenak laneratzen lagundu dezaten. “Hitzarmen hau berritzeak erakusten du ikuspegi berdintsua dutela nolakoak izan behar duten enpresek hartu behar dituzten ardurak gizarte inklusiboagoa eraikitzeko orduan. Dibertsitatea erakunde baten estrategiaren parte denean, aukera gehiago sorrarazten dira, talentua indartzen da eta onurak lan arloaz gaindi hedatzen dira”, esan du.
270 kontratazio egiteko xede orokorra
Hitzarmenak dakarrenez, EROSKIk lehendik zuen atxikimendua berrituko du ONCE fundazioaren Inserta programarekin. Eskainiz joango diren lanpostu berriak estaltzeko, kooperatibak Inserta Empleo delakora jo ahalko du, ONCE fundazioaren erakundea bera, partez Europar Batasunak finantzatua. Inserta espezializatua dago desgaitasuna dutenei lan arloko orientazioa eta prestakuntza ematen, eta hura arduratuko da soslairik egokienak identifikatu eta hautatzeaz erakundearen beharren arabera.
Aldi berri honetarako helburua da 86 kontratazio sustatzea 2030eko urtarrilera bitartean. Inkorporazio horiek aukera emango dute 270 kontrataziora iristeko ONCE fundazioarekin eginiko lankidetza esparru horretan, kontuan izanik orain arte gauzaturiko 184 kontratazioak.
EROSKIren beharren arabera egingo dira inkorporazioak, merkatuko lan baldintzetan. Era berean, Inserta Empleok prozesuen eta kontrataturikoen segimendua egin ahalko du, betiere kooperatibaren eskuduntzak eta giza baliabideen politika errespetatuta.
Preskuntza, irisgarritasuna eta erosketa arduratsuak
Laneratze zuzenaz gainera, hitzarmenean datorrenez, lankidetza esparru zabal bat ezarriko da, besteak beste desgaitasuna dutenen kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetuko duten prestakuntza ekintzak antolatzeko.
Era berean, ONCE fundazioak eskura jarriko dio EROSKIri Oportunidad al Talento beka programa, zeinaren xedea baita desgaitasuna duten ikasleak bikaintasunean prestatzea, nazioarteko mugikortasuna sustatzea eta espezializazioa enplegagarritasun handiko arloetan.
Horretaz gainera, hitzarmenak orobat dakar pertsona guztien irisgarritasun unibertsalerako jardunbide egokiak bultzatzea EROSKIk eskaintzen dituen ondasun eta zerbitzuetan. Bestalde, erosketa arduratsuak eta enplegu gune berezien lankidetza sustatu asmo dute, eta klausula sozialak txertatu hornitzaileekiko eta kolaboratzaileekiko harremanetan.
Bi erakundeek, gainera, sentsibilizazio eta komunikazio ekintzak landuko dituzte, zertarako eta gaitasunaren gainean gizartean dagoen pertzepzioa hobetzeko eta talentu aniztunak enpresetan eta gizartean dakarren balioa ikusarazteko.
EROSKIk, hala berean, Inserta Responsable foroan duen partaidetza berrituko du. ONCE fundazioak sustatuko du foroa, eta izango da arlo hauetako ezagutzak eta jardunbide egokiak partekatzeko: enpresetako gizarte erantzukizuna, desgaitasuna eta dibertsitatearen kudeaketa estrategikoa.
25 urte elkarlanean
Hitzarmena berritu duten honetan, 25 urte bete dira EROSKI eta ONCE fundazioa elkarlanean hasi zirenetik. Denbora horretan, bi erakundeek ekimen bat baino gehiago landu dituzte desgaitasuna dutenen gizarteratzea eta laneratzea mesedetzeko eta inguruneak, zerbitzuak eta aukerak gero eta irisgarriagoak izateko.
Lankidetza abiatu zutenetik, desgaitasuna dutenen 184 kontratazio sustatu dira EROSKIn. Hitzarmen berriak modua ematen du orain arteko ibilbideari segida emateko eta jardunbide esparrua zabaltzeko beste arlo batzuetara, hala nola prestakuntza, irisgarritasun unibertsala, erosketa arduratsuak, gizarte sentsibilizazioa eta dibertsitatearen kudeaketa estrategikoa.
Hitzarmena indarrean izango da 2030eko urtarrilaren 31ra arte, eta batzorde misto baten jarraipena izango du. Batzorde horretan, bi erakundeetako ordezkariak izango dira, eta urtean behin bada ere elkartuko dira gauzaturiko ekintzak ebaluatzeko eta egoki iritzitako lan planak onartzeko.
Mahai ingurua: “Las personas construyendo el futuro”
Hitzarmena izenpetu ondotik, mahai inguruarekin eman diote segida topaketari; izen hau eman diote: “Las personas construyendo el futuro” (Pertsonak etorkizuna eraikiz). Adimen artifiziala, digitalizazioa eta gizarte aldaketa sakonak izaten ari garen honetan, lan egiteko moldeak eta harremanak izateko era aldatzen ari dira. Hori ikusirik, mahaiak giltzarri den elementu bati erreparatu dio, horrek jarraituko baitu diferentzia markatzen: pertsonak. Partaideak bat etorri dira lidergorako eredu gizakoiagoak bultzatu beharra dagoela, talentu guztientzako aukerak sortu eta inklusioa eta dibertsitatea txertatu enpresa eta gizarte estrategiaren erdigunean.
Mahaian jardun dira: Rosa Carabel, EROSKI Taldeko CEOa; Alberto Duran, ONCE fundazioko presidenteorde exekutiboa; Lander Beloki, Mondragoiko Unibertsitateko Enpresa Fakultateko dekanoa; eta David Casinos, kirolari paralinpiarra, hizlaria eta nazioarteko erreferentea norbere burua gainditzeaz bezainbatean.
Topaketan, hizlariek gogoeta egin zuten nola heldu behar zaien eraldaketa teknologikotik datozen erronkei, giza faktorearen balioa bistatik galdu gabe. Elkarrizketan, era askotako gorabeherak landu zituzten, hala nola talentuaren kudeaketa, konfiantzak garapen pertsonal eta profesionalean duen garrantzia, ingurune inklusiboago eta irisgarriagoak sortzea, aldaketara egokitzeko gaitasuna eta erakundeek aukerak sorrarazteko duten eginkizuna, pertsona orok modua izan dezan bere gaitasunak osorik garatzeko.
Mahai inguruaren bukaeran, berriz, esan zuten inklusioak ekarriko duela aurrerapena berrikuntzan, lehiakortasunean eta progresio sozialean. Partaideak bat etorri ziren erakunde aniztunagoak, irisgarriagoak eta pertsonengan zentratuagoak eratzea dela etorkizuneko erronketan arrakasta izateko makulu nagusietako bat.
EROSKI Taldeari buruz
EROSKI Taldea banaketa talde liderretako bat da Espainia iparraldeko merkatuan —Galiziatik Balearretara—, %12,32ko merkatu kuotarekin; eta liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Galizian; lidergoan da halaber Balearretan ere. 2025aren amaieran, 1.508 saltoki zituen bere sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatuak, baita optikak, kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste jarduera batzuk ere. Horretaz gainera, 6 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, eta 28.200 lagunek baino gehiagok osatzen dute langile taldea; horietatik 8.300, berriz, bazkide eta jabe dira.
ONCE fundazioa eta Inserta Empleo
ONCE fundazioa da Espainiako gizarte erakunde nagusia lan egiten duena desgaitasuna dutenak guztiz gizarteratzeko. Horretarako, ekimenak eta programak garatzen ditu askotariko arloetan, hala nola enplegua, prestakuntza, irisgarritasuna eta diseinua, eta ingurune, produktu eta zerbitzu irisgarriak bultzatzen ditu.
ONCE fundazioak Inserta Empleo erakundea jarri zuen abian, hots, desgaitasuna dutenen arretan espezializatutako giza baliabideetako erakundea, zeinaren ardatzean baitago haien prestakuntza hobetzea eta lan merkatuan sar daitezen lortzea. 25 urtetik gorako eskarmentua du, eta orientazioa eta bitartekaritza eskaintzen duen aditu talde bat, Espainia osoko 53 bulegotan banatua. Desgaitasuna dutenei enplegua aurkitzen laguntzen die, prestakuntza ematen die behar izanez gero, eta enpresei hautagairik onenak eskaintzen dizkie beren lanpostu beharra estaltzeko. Ez du ezer kobratzen hori egiteagatik.
Espainiako FSEko programen parte da Inserta Empleo; zehazki, ‘Empleo Juvenil’ (CCI 2021ES05SFPR001) eta ‘Inclusión Social, garantía infantil y lucha contra la pobreza’ (2021ES05SFPR003), bai eta ‘FSE+ Comunidad Autónoma de Canarias’ programaren parte ere (CCI2021ES05SFPR009); kasu horretan, Europako Batasuna ere bada finantziatzaile, desgaitasuna dutenen prestakuntza eta enplegua areagotzeko xedez.