Prentsa-aretoa

Berri guztietara itzuli

EROSKI-ren batzar nagusiak onartu du bazkide langileei berriro itzulkinak banatzea eta kooperatibaren erreserbak indartzea

  • Batzar Nagusiak onartu du gaindikinen %40 bazkide langileen itzulkinetara bideratzea, %50 erreserbetara eta %10 COFIPera, gizartean eragiteko ekimenetara.
  • “Gure etorkizuna eraikitzen” leloaren pean, kooperatibak balioan jarri du azken urteetan eratutako ondarea eta proiektu kooperatiboa indartu egin izana datorren ziklo estrategikora begira.
  • Batzar Nagusiaren eguna amaitu da EROSKIren Kontseilu Erretorearen presidentetza berritzez, Leire Mugerza kooperatibaren gobernu organoan hamasei urtean egon ondotik.

EROSKIk gaur arratsaldean egin du Ohiko Batzar Nagusia, Barakaldon (Bizkaia). Bertara deituak ziren langile bazkideen eta kontsumitzaile bazkideen kolektiboetako 500 ordezkari, kooperatibaren erabaki organo gorena. “Gure etorkizuna eraikiz” leloarekin egin dute batzarra, zeinak laburbiltzen baitu erakundeak nolako eginahal kolektiboa egin duen azken urteetan. Hala, etapa berri ekingo dio, oinarri sendoak jarrita eta proiektu kooperatiboa indartuta dituela.

Batzarrean, onartu egin dituzte kooperatibaren 2025eko banakako kontuak eta kontu kontsolidatuak, baita 2025eko ekitaldiaren kudeaketa txostena ere. Era berean, batzarrak onartu du gaindikinak banatzea EROSKIren eredu kooperatiboarekin bat etorriz: %10 heziketa eta sustapen kooperatiborako eta interes publikoko beste helburu batzuetarako ekarpenera, zeina izaten baita prestakuntza ekimenak, garapen kooperatiboa eta gizartearekiko konpromisoa sustatzeko; %50 erreserbetara, eta %40 bazkide langileen erretornura bideratzeko.

Hala, EROSKIk itzulkinak banatuko ditu berriro ere bazkide langileen artean, eta bere eredu kooperatiboaren ezaugarri adierazgarrienetako bat berreskuratuko du. Gauzak horrela, amaiera emango dio ahalegin partekatuak, erakundearen eraldaketak eta egoera ekonomiko eta finantzarioaren sendotze progresiboak markatutako etapa honi.

Batzarrak, halaber, balioan jarri du taldearen finantza-egoera sendotu izana, aurreko ekitaldian onartutako finantzaketa-berrantolaketaren prozesua arrakastaz burutu ondoren. Mugarri horrek kooperatibaren egonkortasuna areagotu du, eta ahalegin kolektiboak eta bazkideen parte-hartzeak markatutako eraldaketa etapa bat itxi.

Batzarrean hitza hartu duenean, honela esan du EROSKI taldeko CEOak, Rosa Carabelek: “Azken urteetako bilakaerak erakusten du nolako gaitasuna izan duen erakunde kooperatibo honek agertoki zailei aurre egiteko, oinarri gisa partaidetza, konpromisoa eta erantzukizun partekatua ezarririk. Gaur, lehen baino proiektu sendoagoa daukagu, eta prest da hazten eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko. Bide horretan, gidari ditugu kooperatibaren izaera eta EROSKI osatzen dugunon konpromisoa”.

Horretaz gainera, Carabelek azpimarratu du zer-nolako garrantzia duen gaur egun kolektibotasunak erakundearentzat: “Itzulkinak berreskuratuta, eraldaketa hau posible egin duten guztien ahalegina, inplikazioa eta konfiantza aitortzen ditugu. Ziklo estrategiko hau amaitu dugu, eta datorrenari oinarri sendoekin ekingo diogu, gure proiektu kooperatiboa indatzen jarraitzeko asmo handinahitsuarekin”.

Batzar Nagusiak partaidetza prozesu zabal bat gauzatu du, aurrez, EROSKIko Langile eta Kontsumitzaile Bazkideekin: prestakuntzarako 42 batzar, azken asteetan eginak.

Etapa berria Kontseilu Erretorean

Batzar Nagusiaren egunean EROSKIren Kontseilu Erretorearen presidentetza ere berritu da, Leire Mugerzak kooperatibaren gobernu organoan hamasei urte eman ondotik.

Esku hartu duenean, Mugerzak balioan jarri du eredu kooperatiboaren indarraldia eta pertsonek EROSKIren ibilbidean izan duten garrantzia: “EROSKIren ibilbideak eta batzar honetan harturiko erabakiek erakusten dute eredu kooperatiboa indarrean dela eta, hori ez ezik, gaur egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten diela; horrek gizarte berdinzaleagoak eratzen ditu, eta balioa birbanatzen du bazkide langileen, bazkide kontsumitzaileen eta ingurunearen artean”.

Era berean, proiektu kooperatiboa osatzen duten guztien ekarpena aitortu nahi izan du: “Hau ez zen posible izango EROSKIri bizia ematen diotenak gabe. Haiei esker jarraitzen du kooperatibak gaur egun bere horretan: konpromisoa, elkartasuna eta etorkizuna dituen proiektua izaten”.

Horrela markatzen da EROSKIren Errektore Kontseilua berrituta, etapa instituzional berriari ekingo dio kooperatibak, Maite Legarra gobernu organoaren presidentetzan dela. Honela esan du Legarrak: “Gogotsu hartzen dut EROSKIren presidentzia. Pertsonak, izan kontsumitzaileak edo izan langileak, erdigunean jartzen dituen proiektu kooperatiboa da EROSKI. Gauden tokietan, errotuta, etorkizun bat eskaintzen dugu, eta konbentzimenduz arituko naiz konpromiso hori indartzeko lanean”.

Gaur egun, EROSKIk 28.200 langile baino gehiago ditu, eta horietatik 8.336 dira bazkide eta jabe. 1.508 saltoki omnikanaleko sare komertziala du, batzuk denda propioak, beste batzuk frankizian emanak eta era berean online supermerkatuak, optikak eta beste negozio espezializatu batzuk. Hala, sendotu egin da Espainia iparraldeko merkatuan elikagaien banaketan diharduten talde liderretako bat bezala. 2025ean, taldeak 6.081 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta haren sendotasun operatibo eta finantzarioa areagotu egin ziren.