Prentsa-aretoa

Berri guztietara itzuli

Eroski eta GARAIA Teknologia Parkeak lankidetza indartzen dute ingurunean inpaktu soziala duten ekimenak bultzatzeko

  • Lankidetzak arreta berezia jartzen du arlo zientifiko-teknologikoetan emakumeen talentua sustatzean.

Elorrio, 2026ko urtarrilaren 28a.- EROSKIk eta Garaia Teknologia Parkeak lankidetza-hitzarmen bat formalizatu dute ingurunean inpaktu soziala duten ekimenak bultzatzeko, bi erakundeek partekatzen dituzten balioen ildotik, MONDRAGON Korporazioko kide diren heinean.

Hitzarmenak bi erakundeen arteko lankidetza indartzen du eta hainbat ekintzatan gauzatzen da; horien artean nabarmentzen da parkeko urteko programaren baitan antolatzen diren ekitaldiak, hala nola jasangarritasunarekin, osasunarekin eta ingurunearekiko konpromisoarekin lotutakoak, bereziki berrikuntza teknologikoaren rola azpimarratuz, berdintasunean eta gizarte-kohesioan aurrera egiteko tresna gisa.

Testuinguru horretan, lankidetzak arreta berezia jartzen du arlo zientifiko-teknologikoetan emakumeen talentua sustatzean, EROSKIk parte hartuz Zientziaren eta Teknologiaren Emakume eta Neska Nazioarteko Egunean edo Emakumearen Nazioarteko Egunean, baita parkearen beste topaketa sozial, dibulgatzaile eta enpresarial batzuetan ere, hala nola Euskararen Egunean edo parkearen Gabon Jaian.

Hitzarmenaren sinaduran parte hartu dute Irune Mateo, Eroskiko Erakunde Harremanetarako arduradunak, eta Idurre Albizu, Garaia Teknologia Parkeko Negozio Garapen eta Komunikazio zuzendariak. “EROSKIn lankidetza funtsezko tresna gisa ulertzen dugu gure ingurunean inpaktu positiboa sortzeko. Garaia Teknologia Parkearekin egindako hitzarmen honek indartu egiten du berdintasuna, kultura eta gizarte-kohesioa sustatzen dituzten ekimenekiko gure konpromisoa, MONDRAGONen partekatzen ditugun balio kooperatiboekin bat etorriz”, azpimarratu du EROSKIren ordezkariak ekitaldian.

Bere aldetik, Idurre Albizuk adierazi du parkearentzat “Lankidetza funtsezkoa da gure lan-ereduan, indarrak batzen dituelako eta ikuspegia aberasten duelako. Kasu honetan, Eroski bezalako enpresa handi bat hurbiltzeko aukera ematen digu, are konpromiso sendoagoarekin, Garaia Teknologia Parkeak egiten duen lanarekiko”.

Lankidetza hau MONDRAGONen eredu kooperatiboaren barruan kokatzen da, interkooperazioan, lurralde-errotzean eta balio partekatuaren sorreran oinarritua, eta indartu egiten du EROSKIren eta Garaia Teknologia Parkearen konpromisoa beren ingurune hurbilenaren garapen sozial eta ekonomikoarekin.