Ikasleengan ohitura osasungarriak bultzatzeko heziketa programak 15 urte bete dituela ospatuko du EROSKI Fundazioak
Elikadura osasungarriaren aldeko konpromisoa

- 2,5 milioi ikaslek baino gehiagok hartu dute parte heziketa programan ikastetxeetan abian jarri zenetik. Gainera, aurrez aurreko 9.000 tailer antolatu dira dendetan ekimen horren harira, eta 213.000 haurrek baino gehiagok hartu dute parte.
- Azken ikasturtean, 2.736 ikastetxetako 254.461 haur izan ziren partaide EROSKI Fundazioaren ekimenean.
- Ikasturtez ikasturte, Espainia osoko 2.500 ikastetxetara baino gehiagotara iristen da programa, eta %70ek baino gehiagok errepikatu egiten dute.
EROSKI Fundazioa ospakizunetan da 2026-2027ko ikasturte honetan, Elikadura eta Ohitura Osasungarriei buruzko Heziketa Programak 15 urte bete baititu. Ekimen horrek elikatzeko ohitura osasungarri eta iraunkorrak sustatzen ditu ikasleen artean. 2012an abiatu zenetik, 2,5 milioi ikaslek baino gehiagok hartu dute parte programan, eta 9.000 tailer baino gehiago antolatu dira dendetan. Era berean, fundazioaren ekimen nagusietakoa bihurtu da ohitura osasungarriak haurretatik sustatzeko orduan.
Hamabost urteko ibilbide honetan, heziketa komunitatearen partaidetza handia jaso du programak. Ikasturtez ikasturte, Espainia osoko 2.500 ikastetxetara baino gehiagotara iristen da, Lehen Hezkuntzako ikastetxeen %20 inguru; eta %70ek baino gehiagok errepikatu egiten dute. 2025-2026ko ikasturtean, 2.736 ikastetxetako 254.461 ikaslek hartu zuten parte; aurreko ikasturtean, berriz, 233.863 ikasle eta 2.433 ikastetxe izan ziren. Azken urteetako bilakaerari dagokionez, ikusten da pixkanaka handitzen doala: 2021-2022ko ikasturtean, 159.442 ikasle izan ziren, eta orain 254.461 dira; 1.853 ikastetxe ziren, eta orain 2.736.
Espainiako iparraldean sustraitu da bereziki ekimena: azken ikasturtean, Galiziako, Asturiasko, Kantabriako, EAEko, Nafarroako, Errioxako, Aragoiko, Kataluniako eta Balearretako 1.895 ikastetxetatik 171.353 ikaslek parte hartu zuten. Hau da, ikasleen %16k, eta autonomia erkidego horietako Lehen Hezkuntzako ikastetxeen %32k.
“Programa honek hamabost urte bete izanak eta 2,5 milioi ikaslerengana iritsi izanak berresten du heziketa tresna egokia dela gaztetatik bizimodu osasungarria sustatzeko. Kopuruak alde batera utzirik, ordea, atsegin handia hartzen dugu ikastetxeek urtero ekimen honetan nolako konfiantza jartzen duten ikusita eta belaunaldi berrietara iristeko gaitasuna duela ikusita. Ikasleei, familiei eta hezkuntza komunitateari lagun egiten jarraitu nahi dugu, jakintzak eta tresnak emanez. Horrela, erabaki osasungarriagoak eta arduratsuagoak hartu ahalko dituzte egunerokoan“, esan du Alejandro Martinez Berriochoak, Eroski Fundazioko zuzendari nagusi eta EROSKIko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendari denak.
Esperientziatik ere ikasiz
Heziketa Programak eduki eta baliabide didaktikoak ez ezik esperientzia praktikoak ere ematen ditu, eta, horri esker, ikasleek egunerokoan aplika ditzakete programan ikasitakoak. Moduluka antolatua dago, irakasleen eta ikastetxeen beharretara egokitzeko, eta berekin dakartza ikasgelako jarduerak, dendetako tailerrak eta familian lan egiteko proposamenak.
EROSKI Fundazioaren Elikadura Eskolaren parte da programa. Eskola hori pentsatuta dago ikasleentzat, familientzat eta hezkuntzako eta osasungintzako profesionalentzat eta herritarrentzat oro har, eta elikaduraren eta ohituren gaineko informazioa banatzeko eta formazioa emateko ekimenak bultzatzen ditu. Horren zeregina da prestakuntza ematea eskolan, familietan eta edozein adinetan.
Materialei dagokienez, profesional espezializatuek garatu dituzte, eta, ibilbide horretan, askotariko erakundeen lankidetza izan dute; horien artean, Bihotzaren Espainiako Fundazioarena, UNICEFena, WWFrena eta Basque Culinary Centerrena. Horretaz gainera, Elikadura eskolak Batzorde Zientifiko baten aholkularitza jasotzen du; hots, kanpoko ikuspegi independentea jasotzen du adituen eskutik.
Haren bereizgarrietako bat dira dendako aurrez aurreko tailerrak, pentsatuta daudenak ikasleek ikusitako edukiak era praktikoan lantzeko. Hasiz geroztik, 9.195 tailer egin dituzte, eta 213.346 ikaslek parte hartu dute. Gaur egun, EROSKI Fundazioak aurrez aurreko 14 tailer modalitate eskaintzen ditu Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
Haurtzaroko ohiturak ezagutzea aurrerapausoak egiten jarraitzeko
Haurren ohiturak eta egunerokoa hobeto ezagutzeko ikerlerro batekin osatzen da heziketaren arloa; hala, informazioa sorrarazi nahi dute, etorkizunean sentsibilizazio eta heziketa jarduerak nondik nora garatu jakiteko.
2024an, EROSKI Fundazioak lehen inkesta bat egin zien Lehen Hezkuntzako 8-12 urteko 2.126 ikasleri; Espainia iparraldeko bederatzi autonomia erkidegoetakoak berak. Ikerketak hiru alor landu zituen: erosketetan, sukaldean eta otorduetan familiek dituzten ohiturak; adingabeek elikaduraren munduan dituzten erreferente nagusiak; eta jatearen eta emozioen arteko harremana.
2025ean jarraipena eman zitzaion ildo horri, bigarren ikerketa bat eginez 8-12 urteko 2.581 ikasleri. Zehazki, pantailen eragina aztertu zen haien eguneroko bizimoduan, eta gurasoek zer-nolako jarraibideak, arauak eta arriskuak hautematen dituzten gailu digitalen gainesposizioari loturik.
- urteurrena dela eta, EROSKI Fundazioak hirugarrenez egingo du inkesta, eta jarraipena emango dio haurren biztanleria hobeto ezagutzeko ildoari; azken batean, asmoa da baliozko informazioa sortzea eta haien ongizatearen sustapenean aurrerapausoak ematen jarraitzea.
Aitortutako ibilbidea
EROSKI Fundazioak askotariko aitortzak jaso ditu urteotan, elikaduraren heziketan, ohitura onen promozioan eta sentsibilizazioan egiten duen lanagatik. Horien artean dira: NAOS Estrategiaren saria; Espainiako Nutrizio Akademiaren aitortza, enpresa ekimenik onenagatik eta GOSASUN zigilua, heziketa programagatik eta ohitura osasungarriak sustatzeagatik; horietaz gainera, jasoak ditu komunikazioaren eta gizarte erantzukizunaren arloko beste aitortza batzuk.