EROSKIk ‘Profesionales de la Carne’ sarito du Aragoiko Tokiko Ekoizlearen Sariarekin
Tokiko produktuaren aldeko babesa

EROSKIk Aragoiko Tokiko Ekoizlearen Saria eman dio Profesionales de la Carne enpresari. Aitortza horrek balioan jartzen du Aragoiko nekazaritzako elikagaien katean egiten duen ekarpena, bai eta lehen sektorea, industria eraldatzailea, tokiko enplegua eta lurraldean balioa sortzea lotzeko duen gaitasuna ere.
Sari-banaketa EROSKIk antolatutako tokiko ekoizleen topaketaren barruan egin da, aragoiar produktuari ikusgarritasuna emateko eta haren kontsumoa sustatzeko. Ekitaldian izan dira Aránzazu Simón Pérez, Gobierno de Aragónen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, eta Miguel Ángel García Muro, Ayuntamiento de Zaragozako Eraldaketa Digitaleko zinegotzi ordezkaria.
Profesionales de la Carne Zaragozan sortu zen 2004an, hogei urte baino gehiagoko esperientzia duten haragiaren sektoreko profesional talde txiki batek bultzatuta. 2009an Villanueva de Gállegora eraman zuen bere jarduera, eta han haragiak manipulatu eta eraldatzeko instalazioak inauguratu zituen. Ordutik, bere industria-gaitasuna handitu eta eskaintza dibertsifikatu du; horren barruan, 2021ean Horno Montañés produktu landu eta aurrez prestatuen fabrika martxan jarri zuen. Gaur egun, 230 pertsona baino gehiagoko langile taldea du, eta ordezkaritzak ere baditu Tuteran eta Alcañizen.
Behikian, txerrikian, ardikian, hegaztietan, produktu landuetan eta aurrez prestatuetan espezializatua da enpresa, eta lurraldearekin lotutako markekin egiten du lan, adibidez Ternera Pirinerarekin; markek mendiko abeltzaintza eta aragoiar jatorria balioan jartzen dituzte. Bere eredua trazabilitatean, animalien ongizatean eta tokiko abeltzainekiko lankidetzan oinarritzen da. Horri logistika- eta eraldaketa-gaitasuna gehitzen zaio, eta horrek banaketa nahiz kanal profesionala hornitzeko aukera ematen dio.
«Sari honekin Profesionales de la Carne enpresa aitortzen dugu tokiko abeltzaintza, eraldaketa eta berrikuntza uztartzeagatik, eta Aragoin balioa sortzeagatik. Gure lankidetzari esker, kontsumitzaileei Aragoiko Pirinioetako produktuak hurbil diezazkiekegu, jatorri, kalitate eta trazabilitate bermeekin, eta landa-eremuaren garapenean lagundu», adierazi du Pilar Cristóbalek, EROSKIren Aragoiko arduradun erregionalak.
Saria Javier Hernandezek jaso du, Profesionales de la Carne enpresako zuzendari nagusiak. Sari-banaketako ekitaldian, halaber, parte hartu dute EROSKIko Harreman Instituzionaletako arduradun Eder Menak, EROSKIko Tokiko Produktuetako zuzendari komertzial Asier Guridik eta EROSKIko Aragoiko zuzendari Pilar Cristóbalek, Aragoiko nekazaritzako elikagaien enpresetako ordezkari nabarmenekin batera.
Tokiko jatorria eta berrikuntza uztartzen dituen lankidetza
EROSKIk eta Profesionales de la Carne enpresak 2021etik lankidetzan ari dira Pirinioetako txahala Aragoin merkaturatzen, bai harategiko bitrinetan, bai ontziratuta. Haragi hori NATUR markarekin ere merkaturatzen da; marka horrek kalitate-, jatorri- eta tokiko ekoizleekiko konpromiso-bermea duten produktuak identifikatzen ditu. Eskaintzak hogeita hamar bat erreferentzia ditu, eta Aragoiko Pirinioetako abeltzaintza balioan jartzen, landa-garapena sustatzen eta trazabilitatea duten hurbileko produktuak kontsumitzaileengana hurbiltzen laguntzen du.
2025ean, bi konpainiek beren aliantza indartu zuten, HORNO MONTAÑES markapean ontziratutako haragi-produktu landuen erreferentzia berriak gehituz, hala nola lukainka freskoa, cachopoak, libritoak, kroketak eta albondigak, besteak beste. Produktu hauek kalitatea, erosotasuna eta tokiko jatorria uztartzen dituzte, Profesionales de la Carne enpresaren industria-gaitasunean eta berrikuntzaren aldeko apustuan oinarrituta, kontsumo-behar berriei erantzuteko.
Enpresak, gainera, eskaintza dibertsifikatu du kroketak eta haragizko beste prestatu batzuk dituen izoztuen lerro batekin, bezeroentzako aukerak zabalduz eta elikagai-katean balio erantsi handiagoa emanez. Harategian, bere erreferentziak zortzi autonomia-erkidegotara eta 326 zentrotara iristen dira, eta izoztuen gama Aragoiko 37 zentrotan dago.
Harreman hau EROSKIren hurbileko hornitzaileen aldeko apustuaren parte da, eta abeltzaintza-ekoizpenaren, elikagaien industriaren eta Aragoiko banaketaren arteko lotura indartzen du.
EROSKI Aragoin
EROSKIk Aragoiko ia 400 enpresa kolaboratzailerekin egiten du lan, urteko 185 milioi euroko erosketa-bolumenarekin, eta tokiko 5.000 produktu inguru merkaturatzen ditu. EROSKIren sare komertzialak Aragoin 68 establezimendu ditu, supermerkatuen, gasolindegien eta kirol materialeko denden artean, baita online dendak eta 28.000 m²-ko azalera duen elikagaien eta produktu freskoen banaketa-plataforma bat ere. EROSKIren langile taldea eskualdean mila bat pertsonakoa da. Bere EROSKI Club fidelizazio-programak ia 30.000 Bezero Bazkide ditu Aragoiko erkidegoan.