REDYSIGN

REDYSIGN, haragi-produktuen ontzietarako oinarri biologikoa duen alternatiba birziklagarri baterantz
Proiektua REDYSIGNcBE JUk finantzatzen du, eta haragi freskoarentzako bioontzi berritzaile bat sortzea du helburu. Bioontziaren %98 baino gehiago egurraren deribatuz osatuta dago, eta 12 prozesu eraginkor garatzen ditu baliabideen erabileran, elikagaien kalitatearen 2 sentsore eta birziklatze-prozesu hobetu bat.
REDYSIGN Joint Undertaking Circular Bio-based Europe (CBE) erakundeak bioekonomia zirkularraren sektorean (GA 101112521 zk.) finantzatutako proiektu berria da. Tecnalia Research and Innovation buru duela, urriaren 3an eta 4an jarri zen abian ofizialki, Bilbon, partzuergoko kide guztien eta CBEko ordezkariaren parte-hartzearekin.
Baliabideak (energia, ura eta lehengaiak) erabiltzeko 12 teknologia berritzaile eraginkorren bidez, proiektuak ontzi biooinarritu, adimendun eta birziklagarri berri bat ekoiztuko du, haragi freskoa banatzeko gaur egun erabiltzen diren plastikozko ontziak ordezteko. Gaur egun, ontzi hori birziklatzea ez da bideragarria, haren konposizioaren konplexutasuna dela eta. REDYSIGNek lau urteko iraupena izango du, eta tarteko produktuen garapenean lan egingo du (erretilua, gas eta likidoei hesi-efektua eman behar dien estaldura, kuxin xurgatzailea eta film-tapa gardena), ia erabat egurraren deribatuak (makro-, mikro- eta nanozuntz lignozelulosikoak, lignina eta azukreak) erabiliz. Horrez gain, ontziak bi sentsore izango ditu elikagaiak alferrik ez galtzeko: bata, usteltze-prozesuak garaiz hautemateko; bestea, hotzaren kateko etenak analizatzeko, banaketan eta biltegiratzean.

Birziklapenaren eraginkortasuna hobetzeko bi berrikuntza ere ezarriko ditu proiektuak. Lehenengoak identifikazio-markatzaileak erabiltzea eskatzen du, biologikoki poluituta egon daitezkeen produktu horiek hondakinak tratatzeko instalazioan sailkatzeko. Bigarrenean, oxidazio aurreratuko tratamenduak aplikatzen dira ontziak desinfektatzeko, eta, aldi berean, energia-kontsumoa murrizten da zuntzak berreskuratzeko operazioan, birziklatze-prozesua, gainera, eraginkorragoa izan dadin energiaren ikuspegitik.
Proiektua gauzatzeko, jakintza-alor anitzeko partzuergo bat eratu da, Europako 7 herrialdetako 13 bazkidek osatua, eta bioindustrien sektoreko eragile garrantzitsuenetako batzuk biltzen ditu: Tecnalia Research and Innovation, PackBenefit, Metgen, Eroski, Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionala, Valmet Technologies, Fibenola, Mcairlaid’s Vliesstoffe HOLOSS, VTT, RISE-PFI, Zabala Innovation eta Fenix TNT.