BIOLABEL: fruta eta landareetarako etiketatze-soluzio konpostagarri berriak

BIOLABEL proiektuaren helburua da fruta, barazki eta labore-landareetarako etiketatze-soluzio konpostagarri berriak garatzea eta baliozkotzea ohiko plastikoen erabilera murrizten eta hondakin organikoen kudeaketa hobetzen laguntzeko.
Gaur egun, produktu horietan erabilitako etiketa askok beren bizitza baliagarriaren amaieran horiek tratatzea zailtzen duten materialak, itsasgarriak eta tintak dituzte. Erronka horri erantzuteko, BIOLABEL jatorri berriztagarriko materialez egindako etiketen ekodiseinuan ari da lanean. Etiketa horiek merkaturatze-baldintza errealetan erabiltzeko beharrezko ezaugarriak mantendu beharko dituzte, eta bateragarriak izan behar dira industria-konpostajeko prozesuekin.
Proiektuak ikuspegi integral batetik lantzen du soluzio horien garapena: materialak eta fabrikazio-prozesuak ez ezik, garraioan, biltegiratzean eta merkaturatzean duten portaera ere aztertzen du, baita bizitza baliagarriaren amaieran ingurumenean duten eragina ere. Horretarako, funtzionaltasun- eta konpostagarritasun-probak egingo dira. Era berean, bizi-zikloa aztertuko da, eta horrek aukera emango du soluzio berriak ohiko etiketekin alderatzeko.
EROSKIk banaketaren sektorean duen esperientzia eskaintzen dio proiektuari, eta etiketa berriek bete beharreko baldintzak zehazten eta horiek merkaturatze-baldintza errealetan baliozkotzen lagunduko du. Halaber, parte hartuko du kontsumitzaileen artean duen harreraren ebaluazioan, soluzio horien ingurumen-ezaugarriak argi eta erraz ulertzeko moduan nola azaldu aztertuz.
BIOLID enpresa da —etiketak garatzen eta fabrikatzen espezializatua— BIOLABEL proiektuaren burua, EROSKIk eta GARAIAk ere parte hartzen dute proiektuan, eta GAIKER zentro teknologikoa elkarlanean aritzen da. Proiektua 2026ko apiriletik 2027ko abendura bitartean garatuko da.
Ekimen honen bidez, EROSKIk berrikuntzarekin eta ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoa sendotzen du. Horretarako, etiketatze-soluzio jasangarriagoak sustatzen ditu; soluzio horiek hondakin organikoetan material ez konpostagarrien presentzia murrizten lagunduko dute, baita ingurumen-inpaktu txikiagoko kontsumo- eta banaketa-ereduetarako trantsizioa erraztu ere.
