EROSKI-k bere web korporatiboa berritu du, gardentasuna eta eskuragarritasuna areagotzeko eta bere interes taldeekiko harremana indartzeko
Eraldaketa digitala eta komunikazio korporatiboa

- Plataforma berriak lehen baino nabigazio esperientzia intuitiboagoa, eskuragarriagoa eta egokiagoa eskaintzen du langileentzat, hornitzaileentzat, hedabideentzat, inbertsiogileentzat eta erakundeentzat.
- Adimen artifizialean oinarritzen diren tresnak dakartza, eta bost hizkuntzatan eskaintzen ditu edukiak; hala, komunikazio eskuragarriagoa eta inklusiboagoa izan dadin ahalbidetzen du.
- Atari berriak balioan jartzen ditu bai EROSKI kooperatibaren nortasuna eta bai arlo hauetan orain arte hartuak dituen konpromisoak: osasuna, iraunkortasuna, tokiko aberastasuna, berrikuntza eta gobernu ona.
- Web korporatibo berria GUREAK Datapostek garatu du, ekonomia sozialeko enpresa taldearen dibisioak; 2015etik du lankidetza harreman finko bat EROSKIrekin.
EROSKIk bere web korporatiboa berritu du (https://corporativo.eroski.es/eu/); helburua du esperientzia digital eskuragarriagoa, hurbilagoa eta baliagarriagoa eskaintzea bere interes talde guztiei. Plataforma berriarekin, sakonki eguneratu du kooperatibak bere presentzia digitala, bai diseinuaren aldetik eta bai edukien egituraketaren aldetik. Eskura jarri du informazio korporatiboa, eta erakundearen jardueraren ikuspegi zabalagoa ematen du.
Atari berriak erreferentziazko espazio izan nahi du langileentzat, hornitzaileentzat, frankizia hartzaileentzat, hedabideentzat, inbertsiogileentzat, erakundeentzat eta oro har gizartearentzat. Duen arkitektura berriari esker, era erraz eta intuitiboan eskura daiteke honako hauen gaineko informazioa: enpresaren jarduera, eredu kooperatiboa, estrategia, emaitza ekonomikoak, iraunkortasuna, berrikuntza eta konpainiaren konpromiso nagusiak.
Berrikuntza horrek berekin ekarri du EROSKIren esperientzia digitalaren berrikuspen osoa, eta diseinua ez ezik edukien arkitektura ere landu da; horri esker, nabigazioa intuitiboagoa da orain, eta interes taldeen beharrei hobeto erantzuten die. Plataforma berriak kooperatibaren ikuspegi argiago eta ordenatuagoa ahalbidetzen du, eskurago eta modu gardenagoan jartzen baitu informazio korporatiboa.
“Web korporatibo berriak indartu egin du komunikazioarekin dugun konpromisoa, hurbilagoa, eskuragarriagoa eta gardenagoa baita gure interes talde guztientzat. Espazio honetan, errazago jakin daiteke nor garen, nola lan egiten dugun eta nola sorrarazten dugun gizartearentzako eta ingurunearentzako balioa gure eredu kooperatiboaren bitartez. Hala, argi azalduta datoz gure jarduera gidatzen duten konpromisoak, proiektuak eta balioak“, esan du Asun Bastidak, EROSKIren Komunikazio Korporatiboko eta Harreman Instituzionaletako zuzendariak.
Esperientzia digital eskuragarriagoa, eleaniztuna eta pertsonentzakoa
Web korporatibo berriak hobekuntza funtzional garrantzitsuak dakartza, balio dutenak nabigazioa optimizatzeko eta informazioa edozein gailutatik kontsultatzeko.
Berritasun nagusien artean, nabarmentzekoa da edukiak bost hizkuntzatan kontsulta daitezkeela —euskara, gaztelania, katalana, galiziera eta ingelesa—, adimen artifizialean oinarrituriko tresnen bitartez. Horiek informazioaren itzulpen eta eguneratze prozesuak arintzen dituzte.
Era berean, AA mailako WCAG 2.1 eskuragarritasun irizpideak betetzeko helburuarekin dago garatuta plataforma; horrek indartu egiten du EROSKIk komunikazio inklusiboarekin duen konpromisoa, eta, hala, edozeinek nabigatu eta kontsulta ditzake edukiak era erraz, intuitibo eta ulergarrian.
Berrikuntzari esker, era berean, informazioa berrantolatu eta hierarkizatu ahal izan da, nabigazio argiagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko. Izan ere, esperientzia optimizatu da gailu mugikorretarako, eta bilatzaile dokumental berri bat txertatu zaio, informazio korporatiboa arinago aurkitzen laguntzen duena. Egitura berriak, gainera, espazio jakin batzuk ditu askotariko informazioa antolatzeko, hala nola eredu kooperatiboa, inbertsiogileentzako informazioa, enplegua eta hedabideentzako eta beste interes talde batzuentzako dokumentazioa.
Web korporatibo berria GUREAK Datapostek garatu du, ekonomia sozialeko enpresa taldearen dibisioak. 2015etik du lankidetza harreman finko bat EROSKIrekin, desgaitasuna dutenen inklusio soziolaboralerako proiektuak bultzatzeko. Kolaborazio horren ondorio dira elkarrekin daramatzaten ekimenak; horien artean, lanerako formazio eta inklusioa, eta dibertsitate funtzionala dutenek kudeaturiko EROSKI City supermerkatuak.
Plataforma berriak bokazio bat du, etengabe bilakatzen joatea eta, pixkanaka, eduki eta funtzionaltasun berriak txertatzea, bere publikoaren beharrei erantzuteko eta EROSKIk bere jarduera eta balio-proposamena modu argi eta irisgarrian partekatzeko duen gaitasuna indartzeko.